2011/12/08

Buenos Aires hiriburuko Udala deitzaile eta babesle, eta Espainiako Elkarteen Federazioak antolaturik gauzatu da joan den asteburuan Buenos Aireseko Mayo Etorbidean 'Buenos Airesek Espainia ospatzen du' erakustaldia, abenduaren 3an, eguerdiko 12tik iluntzeko 6ak arte. Buenos Airesko Nafar Etxeko gazteek euren gain hartu zuten jaialdian parte hartzeko konpromisoa eta bi stand ezarri zituzten bisitariek Nafarroako kultura hurbilagotik ezagut zezaten. Horretaz gain, lau koreografia aurkeztu zituzten dantzariek Mayo Etorbideko agertoki nagusian, guztia Nafarroan bertan Nafarroaren Eguna ospatzen ari ziren egun berean.
Gehiago irakurri...
2011/12/08

Dena prest da Berlinen bihar hasiko den Euskal Koreografoen 2. Jaialdirako. Asteburuan zehar Euskal Herriko dantzari eta dantza konpainien azken proposamenak izango dira ikusgai Alemaniako hiriburuan; baina jaialdia hori baino gehiago izango da: poesia ere izango da, Itxaro Borda eta Edorta Jimenezekin; eta zinemak ere bere tartea izango du, 'Apaizak obeto' eta 'Modernist Basque surfing' dokumentalen emanaldiarekin. Mikel Aristegui dantzari donostiarra da jaialdiaren antolatzaileetako bat eta Berlingo Euskal Etxeak ere laguntzen du ekitaldia.
Gehiago irakurri...
2011/12/08

Iragan asteburuan, abenduaren 2an, abiatu zen Bilbon IV. Nazioarteko Euskal Pilota Txapelketa eta bertan ari dira lehian astean zehar Argentina, Uruguai, Venezuela, Mexiko, Txile, AEB, Australia eta Euskal Herriko pilotari onenetariko batzuk. Txapelketa frontoian eta trinketean jokatzen da eta jokamoldeak honakoak dira: frontoian Eskuz banaka Irekia, Nesken gomazko paleta eta Pala motza Irekia; trinketean, berriz, Eskuz binaka Irekia, Mutil gomazko paleta eta Larruzko Paleta. Munduko Pilota Batzarraren webgunean segi daitezke orain arteko emaitza guztiak.
Gehiago irakurri...
2011/12/07

Orain urte batzuk heldu zen internet mundura Olentzero eta gaur egun sareak ikazkin mitikoari buruzko hainbat webgune eta baliabide eskaintzen ditu. Etxeko txikiekin ikusmiratu eta Gabonetako pertsonaia tipiko honekin jolasteko aukera ematen duten guneen zerrenda bat osatu dugu. Gabonetako oporretan egiteko hainbat jolas eta denborapasa daude bertan: gutuna idatzi, postalak bidali, eskulanak egin, gabon-kantak ikasi, joko animatuetan Olentzerori opariak banatzen lagundu... Sartu eta hasi Gabonetarako prestatzen!
Gehiago irakurri...
2011/12/07

Urtero bezala, 2011 honetan ere Diasporako euskara ikasle, irakasle eta lagunek ekitaldi bereziak antolatu dituzte Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Proposamenak ugariak izan dira, helburua bat bera: euskal hizkuntzarekiko engaiamendua adierazi eta aldarrikatzea. Abenduaren 3an, San Frantzisko Xabier eta Euskararen Nazioarteko Egunean, hainbat hitzaldi, jolas, bideo eta kantarekin protagonista izan zen euskara. Hona Argentinako zenbait lekutatik iritsi zaizkigun berriak, euskal etxe hauetan: Chascomuseko Zingirako Euskaldunak, Lapridako Lagunen Etxea, Cordobako Gerora, Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat, Rio Cuartoko Gure Ametza, eta Buenos Aireseko Euskaltzaleak euskaltegia.
Gehiago irakurri...
2011/12/06

Euskal etxe askoren eskaintzari erantzunez, abenduaren 13ra arte – hau da, datorren asteko asteartera arte – luzatu du Zingirako Euskaldunak euskal etxeak 2012ko Udalekuan parte hartzeko izena emateko epea. 11 eta 16 urte arteko gazteei begirako ekintza hau datorren urtarrilaren 4tik 8ra gauzatuko da Chascomus-en eta aurreko hiru edizioetan bezala, gaztetxoek ongi pasa eta euskal adierazpen kulturalak ezagut eta disfruta ditzaten du helburu nagusia. Interesatuek mailez edo telefonoz eman dezakete izena, artikulu honetan gogoratzen ditugun helbide eta zenbakietan.
Gehiago irakurri...
2011/12/06

Eskualdunen Biltzarra Euskal Etxeak Anaigazteak dantza konpainia lapurtarraren Bodarin ikuskizuna ekarri zuen Bordelera iragan azaroaren 26ean, eta lagun asko bildu ziren bertara dantza eta flamenko fusio berezi hau ikusteko. Euskal Etxeko arduradunek adierazi dutenez 250 bat ikusle inguratu ziren eta, bukaeran emandako txaloen arabera, "oso gustukoa" izan zuten. ElkarteaK, bestalde, Euskararen Eguna ospatu zuen iragan asteburuan, Battittu Coyos eta Aurelia Arkotxa euskaltzainek eman zituzten hitzaldiekin eta kalean egin zen irakurketa publiko batekin.
Gehiago irakurri...
2011/12/05

Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizunak borobilak izan dira aurtean Madrilgo Euskal Etxea. Iragan ostegunean, abenduak 1ean, egin zuten festa Madrilgo euskaldunek, eta egun horretan bertan jakin zuten eurek irabazi dutela Eusko Ikaskuntzak ematen duen aurtengo ENE saria, euskararen alde egindako lana dela eta. Sariaren berriaz gain, Lurdes Auzmendi, Hizkuntz Politikarako sailburuordearen presentziak ere aparteko oihartzuna eman zion egunari. Auzmendik euskara eskolak emateko hitzarmena berritu zuen euskal etxeko presidente Julio Elejalderekin: datorren ikasturtean 2.456 eskola ordu diruz lagunduko ditu HABEk. Aurten 150 ikasle ari dira euskara ikasten Madrilgo Euskal Etxean.
Gehiago irakurri...
2011/12/05

Diasporako herrialdeetan euskal kulturari buruz hitz egiten dugunean, dantzak, sukaldaritza, euskara eta kirolak datozkigu gehienbat burura. Eta musika. Egun gainera, teknologia berrien garaian, oso erraza egiten zaigu urrun dauden musikari eta taldeen lanak ezagutu eta lortzea. Zer gertatzen da, ordea, euskal tresna tradizionalak jotzen ikasi nahi dugunean? Mauro Telletxea argentinarrak bide zoragarri bati ekin zion 2004an, haurtzaroan entzuten zuen albokaren soinua berreskuratu nahirik. Euskal Herriko izen handiko musikari eta luthierrekin ikasi ondoren, alboka jole eta egile bihurtu eta hala segitzen du Buenos Airesen gazte euskal-argentinarrak.
Gehiago irakurri...
2011/12/02

Abendua hasi berria da eta datozen jai egunei begira zenbait izan dira gure irakurleen artean lagunak eta senitartekoak zoriontzeko euskal postal birtualei buruz galdezka hasi zaizkigunak. Urtero egiten dugun artikulua da hau, eta urtetik urtera postal eta ideia berriak aurkitzen ditugu. Nahikoa dira minutu batzuk maite ditugunei besarkada birtual bat bidaltzeko, gogoan ditugula jakinarazteko. Datozen egunetan etxeko txikientzako Olentzerori buruz sarean topa daitezkeen webgune eta baliabide zerrenda ere bilduko dugu.
Gehiago irakurri...