2012/02/08

Ostiralean abiatuko da alemaniar hiriburuan Berlinale, Europako eta mundu osoko zinemaldien artean garrantzitsuenetako bat. Aurten jaialdiaren egitarauan euskal kulturak gorriz markatu du data bat: Eusko Jaurlaritzak, Etxepare Euskal Institutuak eta Basque Culinary Center-ek antolatu duten "Euskadiren Eguna". Astelehenean izango da, eta egunean zehar gastronomia dastaketak, produktu aurkezpenak eta "Mugaritz BSO" filmea zuzendu duen Felipe Ugarte txalapartariaren kontzertu bat egingo dira. Gauean Berlinaleko "Culinary Cinema" sailean estrenatuko da dokumentala. Berlingo Euskal Etxeak ere euskal giroari ekarpena egingo dio asteburu honetan, Ruper Ordorika kantariak larunbatean emango duen kontzertuarekin.
Gehiago irakurri...
2012/02/07

Iragan asteburuan munduko zenbait euskal etxek Santa Ageda eguneko tradizioa bete eta kantuan atera ziren, nor bere hiriko kaleetan barrena. Egunak irudi bitxiak utzi zituen, adibidez, Londresen elur ekaitz handi bati aurre eginez atera ziren kantarien umore ona. Madrilen, Euskal Etxeko abesbatzak urtero legez ibilbidea egin zuen espainiar hiriburuko gune ezagunetan zehar. Estatu Batuetako euskaldunek ere ohitura gorde nahi izan zuten, eta kantuan atera ziren Boisen, New Yorken, Gooding-en, Elkon eta Rhode Island-en.
Gehiago irakurri...
2012/02/07

Gertu dago dena San Frantziskoko 'Basque Cultural Center' elkarte kaliforniarraren 30. urteurrena ospatzeko: hilaren 17tik 19 egingo dira ekitaldiak, eta Euskal Herriko zein Oesteko lagun ugari bilduko dira bertara. Ospakizunak BCCaren II Bertso Jaialdiarekin hasiko dira ostiralean, eta bertan, AEBetako bertsolariekin batera, Euskal Herritik etorriko diren Amets Arzallus lapurtarra eta Julio Soto nafarra ariko dira. Iparraldetik ere, Ketxo taldea izango da ostiraleko zein larunbateko erromeriak alaituko dituen taldea. Igandean, berriz, Bizi Emankorra sariak banatuko dira.
Gehiago irakurri...
2012/02/07

Bertako egutegian marra gorriko bi gertaera izan dituzte Buenos Aires probintzia hegoaldean dagoen Mar Chiquita partiduko euskaldunek urtarrilaren amaieran: batetik, eta komunitatearekiko euren helburu sozialei jarraituz, hitzarmen berezi bat sinatu dute Izatez Harro-ko arduradunek 'Thema Red Medica' osasun taldearekin; bestetik, eta Eusko Jaurlaritzaren onarpena lortu eta bi hilabetera, Elvira Kortajarena Mercosurrerako Euskadiko ordezkariaren bisita jaso zuten euskal etxeko kideek. Bazkari bat partekatu ondoren, prentsaurreko bat eskaini zuen Kortajarenak Coronel Vidal herrian bildu ziren lagunentzat.
Gehiago irakurri...
2012/02/06

Eusebio Zamacola beti ibili du buruan Fabio Echarri idazle eta historialari chacotarrak; batez ere, bere txikia zela aitonari noizean behin bisita egiten zion gizon hura Argentinako bidelapur eta iheslari mitikoenetako bat zela jakin zuenez geroztik. Mandil basauritarraren istorioa "Zamacola, un bandolero vasco en el Chaco" eleberrian jaso du Echarrik, eta Gara aldizkari euskaldunean luze eta zabal azaldu du haren bizitza eta etika pertsonala: aberatsei eta konpainia handiei bakarrik lapurtzen zien, sekula ez pobreei. Txalaparta argitaletxeak plazaratu du iburua.
Gehiago irakurri...
2012/02/06

Urte berezia izango da aurtengoa Rosarioko euskaldunentzat. Izan ere, bertoko euskal etxeak ehun urte beteko ditu 2012 honetan eta erakundea osatzen duten lagunak urtean zehar burutuko den paregabeko ospakizuna antolatzen ari dira. Jai honen berri emateko, Zazpirak Bat-eko arduradunek instituzio web orria erabat berritu dute. Horretaz gain, web gune berri bat sortu dute, mendeurreneko informazioa hedatzeko. Web gune berriak 'Mendeurreneko mikrogunea' (Micrositio del Centenario) du izena eta Rosarion zehar bidaia birtual bat egiteko aukera ematen die bisitariei.
Gehiago irakurri...
2012/02/06

Krisi egoera latza dela eta, Madrilgo Euskal Etxeak ekimen berri bat jarri du abian, komunitateko kideei eta, batez ere, ataka zail hau gehien jasaten ari diren gazteei laguntzeko. Ideia xinplea da, eta mundu osoko euskal etxeek hasiera hasieratik zuten betekizunetako bat berreskuratzen du: bazkideek elkarri laguntzea. Horretarako laguntza kanala sortu du elkarteak. Kanal honen bitartez batetik, bazkideek lan-eskaintzen berri emango dute eta euren burua lanerako eskaini ahal izango dute; bestetik, alokatzeko etxebizitzen eskaintza eta eskarien berri emango da. Euskal etxeak berak aitortu duenez, ikusteko dago ekimena benetan baliagarria izango ote den; hala ere, diogu guk, merezi du saiatzea.
Gehiago irakurri...
2012/02/06

Oregonen hazia eta bizkaitarren biloba, Lisa Corcostegui euskal-amerikarrak betidanik izan du gogoko argazkilaritza. 1985. urtean arbasoen herrialdera egin zuen lehen bidaiaz geroztik, gai kuttuna du Euskal Herria eta sarri bueltatu da, egun duen argazki bilduma mardula bildu arte. Orain www.argazkilana.com webgunean jarri ditu salgai, etxean Euskal Herriko zatitxo bat izan nahi duen edonorentzat eskuragarri. Donostiako Alde Zaharra, Lekeitioko portua, Zuberoako Gotaineko bazterrak, Baztan eta Amaiur Nafarroan, Gatzaga Araban... bada non aukeratu!
Gehiago irakurri...
2012/02/03

Aste bizia izan da oso urtarrileko azkena 'Euskara Munduan' programako ikasle, irakasle eta arduradunentzat. Izan ere, Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxean gauzatu den udako barnetegi hau 2008-2011 lau urteko planaren azkena izan da, eta erabat probetxugarria gertatzeaz gain, despedida modukoa ere izan da partaideetako askorentzat. Datozen hilabeteei begira, ikasle aurreratuek HABEko azterketak prestatuko dituzten bitartean, proiektuko arduradunak irakasle berriak trebatzeko lau urteko plan berri bat abiatzeko lanetan ibiliko dira. FEVAko buruzagi behinenak Tandilera agertu nahi izan zuten, erakundearen Zuzendaritza Batzordearen bilera bertan egin eta euskara ikasle/irakasleak agurtu eta sostengatzeko.
Gehiago irakurri...
2012/02/03

Argentinan bada 'Euskal-alemaniar' (Vascogermana) izena duen futbol liga amateur garrantzitsu bat. Hogei bat taldek osatzen dute eta Ataun, Zurriola, Schalke edo Stromberg bezalako izenak dauzka. Aurten lehen mailako txapelduna Ataun taldea izan da, duela hamar urte liga sortu zuenetako bat. Llavallolgo Euskal Echea eskolako ikasle ohiek sortu zuten taldea eta izena aukeratzeko orduan Euskal Herriko mapa bat hartu eta Ataun begiz jo zuten. Diario Vasco egunkaritik jaso dugu berria.
Gehiago irakurri...