euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

HABEk euskara eskolak emateko hitzarmenak berritu ditu Txile eta Uruguaiko hainbat euskal etxerekin

2012/01/30

Santiagoko Euskadiko ordezkaritzan egin zen bileran: Imanol Carredano (Colectividad Vasca de Chile-ko presidentea), Kinku Zinkunegi (HABE) eta Ana Urchuegia ordezkaria Urte hasierako lehen aste hauetan HABEk Euskara Munduan programaren bitartez Txile eta Uruguaiko euskal etxeetan ematen diren euskara ikastaroak sustatzeko hitzarmenak berritu ditu. Asmo horrekin, urtarrilaren 16an Santiagon izan zen Kinku Zinkunegi teknikaria eta Euzko Etxea eta Colectividad Vasca de Santiago elkarteekin bildu zen. Biharamunean Valparaisoko Eusko Etxearekin egin zuen bilera. Ondoren, Montevideon FIVU federazioko euskal etxeekin elkartu zen Zinkunegi, eta urtarrilaren 18an Saltoko Euskaldunen Taldea, Montevideoko Centro Euskaro eta Euskal Erria euskal etxeko ordezkariekin izan zen, ikastaroen balioespena egiten eta datorren urterako ekimenak aztertzen.

Gehiago irakurri...


Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez egingo den filme batean parte hartu nahi? Bat egin 'Ainara'-rekin

2012/01/27

Oihana Maritorena izango da Ainara Jean Darrigol zuzendari lapurtarra eta euskal zinemazale talde batek abian jarri du 'Ainara' filmea sustatzeko ekimena. Lau hizkuntza bilduko dituen luzemetraia honek AEBetan hazitako neska gazte baten istorioa eta etxera bueltan Iparralden bizi duen maitasuna azalduko ditu. Oihana Maritorena, Tomas Arana aktore euskal-amerikarra eta Nicolas Cazalé frantziarra izango ditu protagonista. Ekimena zuzentzen duen taldeak Euskal Herriko eta Diasporako euskaldunak bildu nahi ditu proiektura eta bertan parte hartzeko zazpi bide desberdin proposatu ditu. Jarraian azaltzen dizugu nola parte har dezakezun euskal filme independente honetan.

Gehiago irakurri...


Corpus Christiko Eusko Etxeak "Kontaketa Harrigarriak" lehiaketaren 4. edizioa jarri du abian

2012/01/27

Corpus Christiko Euskal Etxean egin diren zenbait ekimen: "Kontaketa Harrigarrien" aurreko edizio bateko sari banaketa, eta Mbya Guarani komunitatearen eskolan eginiko jarduerak (argazkiak Corpus ChristiEE) Misiones probintzia argentinarreko Corpus Christiko Eusko Etxeak "Narrazio Harrigarriak" lehiaketaren laugarren edizioa aurkeztu du. Bi kategoriatan parte har daiteke: gazteak (18 urte arte) eta nagusiak (19 urtetatik aurrera). Gaiak fantasiazkoak edo harrigarriak izan daitezke, eta baita ere pertsonaia aipagarriei buruzkoak. Narrazioek hiru orriko luzera izan dezakete gehienez eta martxoaren 31 arte bidali ahal izango dira. Bestalde, iragan abenduaren 3an, Eusko Etxeak Tava Miri komunitate guaraniaren eskolaren ikasturte bukaerako jaian parte hartu zuen. Izan ere, Corpuseko euskal etxeak zutitu zuen eraikina, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzarekin.

Gehiago irakurri...


Hego Ameriketako 32 euskara irakasle ari dira parte hartzen Tandilen 'Euskara Munduan'en barnetegian

2012/01/26

Barnetegian parte hartzen ari diren ikasleak eta irakasleak (argazkia EuskalKultura.com) Urtarrilaren 21ean hasi ziren eta larunbat honetara arte ariko dira lanean Argentinako Tandil herrian Euskara Munduan programaren barnetegian parte hartzen ari diren irakasleak. Argentina, Txile, Uruguai eta Brasilgo hainbat euskal etxetako irakasleak ikasle bihurtu dira egunotan eta euskaran eta irakaskuntzaren metodologian ari dira sakontzen, HABEko Kinku Zinkunegik eta Sabrina Otegui, Gabriel Arce eta Gabriela Mendia argentinarrek eta Dani Oiharbide euskaldunak gidatuta.

Gehiago irakurri...


Etxepare Euskal Institutuak Midem eta Expolangues nazioarteko azoketan parte hartuko du Cannes eta Parisen

2012/01/26

Etxepare Euskal Institutuaren logoa Etxepare Euskal Institutua Cannes-en izango da datorren asteburuan, Midem musika azokan euskal musika ezagutarazteko asmoarekin. Horretarako, institutuak Eusko Jaurlaritzaren Euskadiko Soinuak hedapen programarekin batuko ditu indarrak. Ondoren, otsailaren 1etik 4ra bitartean, Pariseko Expolangues azokan izango da. Bertan standa jarriko du institutuak eta hainbat ekitaldi bultzatuko ditu: euskara eskolak, hitzaldiak eta Maddi Oihenart kantariaren kontzertu bat, besteak beste. Horrez gain, institutuko Euskararen Sustapenerako zuzendariak, Mari Jose Olaziregik, Pariseko Sorbonne III unibertsitateko arduradunekin bilera egingo du, bertan eskaintzen den Euskara eta Euskal Kultura irakurlegoari jarraipena egiteko.

Gehiago irakurri...


Dena prest Necochean asteburuan San Sebastian jaia eta danborradaren burrunba bizitzeko

2012/01/25

Necocheako danborradako kideak iaz, euskal etxearen aurrean (argazkia NecocheaEE) Euskal Herrian isildu egin dira jada danborren hotsak, baina Argentinan euskaldun asko irrikaz ari dira itxaroten ostiral eta larunbat honetan Necochean egingo den San Sebastian jaia. Necocheako Euskal Etxearen danborrada Euskal Herritik kanpo antolatzen direnen artean handienetakoa eta garrantzitsuenetakoa da eta Argentinako beste euskal etxeetako lagun askok ere jaiarekin bat egin eta danborradan jotzeko gonbitea baliatzen dute egunotan. Aurten astebete atzeratu da jaia, iragan asteburuan Necochean Gizataldeen Azoka ospatu zelako eta euskal elkarteak bertan parte hartu zuelako.

Gehiago irakurri...


Berrehun lagun bildu ziren larunbatean Mexikoko Euskal Etxera, danborradaz gozatzeko prest

2012/01/25

Aurten ere Alfredo Jover izan zen danborradaren zuzendaria Mexiko DFko Euskal Etxean (argazkia MexikoEE) Urtero legez, Mexikoko Euskal Etxeak gogotsu ospatu du San Sebastian Eguneko jaia; izan ere, elkartera jende gehien biltzen duen hitzordutako bat da hau. Gainera besta donostiar edo azpeitiar estilo peto-petoan ospatu zuten: danborrada eta guzti! Alfredo Jover bazkidea izan zen oraingoan ere zuzendaria, eta berak gidatuta elkarteko hogei bat lagunek jo zituzten Sarriegi maisuaren doinu eta kantuak, horien artean, nola ez, San Sebastian Martxa.

Gehiago irakurri...


150.000 dolar eman dituen ezezagun bati esker salbatu da euskal arrantxua duen Los Encinos parke kaliforniarra

2012/01/24

Amestoy familia Los Encinos Parkeko etxean (argazkia Los Encinos Historic Park) Ezezagun batek egin duen emari bati esker beste urte betez mantendu ahalko da irekita Kaliforniako Los Encinos parkea. Bertan gordetzen den euskal arrantxu historikoa estatu honetan eraiki zen zaharrenetakoa da. Parkea ixtear ziren arduradunak, estatuak egin dituen aurrekontu mozketak behartuta, baina San Fernando bailarako bizilagun batek egin duen ekarpen eskuzabalari esker irekita mantenduko da. Garnier izeneko bi anai frantsesek eraki zuten arrantxua 1800 bukaeta aldera eta harrezkero euskaldunen jabetza izan da, lehenik Gaston Oxarart aldudarrarena eta ondoren Amestoy familiarena, Euskal Kazeta albistari euskal-amerikarrak argitara eman duenez.

Gehiago irakurri...


Euskara, zinea eta literatura hizpide Oxfordeko Unibertsitatearen XV. Ikasketa Iberiarren Foroan

2012/01/24

Oxfordeko Unibertsitatea Europako ikasketa zentrorik entzutetsuenetakoa da Datorren ekainean, 20tik 22ra, Oxfordeko Unibertsitate ospetsuak Ikasketa Iberiarren XV. Foroa egingo du, eta bertan zinea, literatura eta Iberiar penintsulako nortasun nazionalen arteko harremana aztertuko da. Euskarak, beraz, tartea izango du foroan eta, are gehiago, txostenak euskaraz aurkeztu ahal izango dira. Unibertsitateak txosten-proposamenak bidaltzeko epea ireki du jada eta otsailaren 3a arte egongo da zabalik. Mintegi honetan parte hartu nahi duten ikerlari eta adituek euren lanaren laburpen bat aurkeztu beharko dute epe horren barruan.

Gehiago irakurri...


Laburbira 2012 ikus-entzunezko zirkuituan parte hartu nahi duten elkarteek hil bukaera arte dute epea

2012/01/23

'Hemen nago', Maialen Sarasua oriotarraren laburmetraia da Laburbira 2012an ikusgai izango den lanetako bat Topagunea euskara elkarteen federazioak Laburbira ikus-entzunezko zirkuituaren 9. edizioa antolatu du, eta, aurrekoetan bezala, bertan parte hartu nahi duten euskal etxeei eta Diasporako elkarteei gonbite berezia egin die. Topaguneak euskaraz eginiko zortzi ikus-entzunezko aukeratu ditu aurtengo ediziorako: lau film labur, animaziozko filme bi, dokumental bat eta musika bideo bat. Filmeetako bat galegoz egina da, Topaguneak edizio bakoitzean bestelako hizkuntza batean egindako lan bat txertatzea, euskarazko azpidatziekin, erabaki baitu. Zirkuituaren emanaldiak otsailaren 29tik apirilaren 4ra egingo dira, eta bertan parte hartu nahi duten elkarteek hil honen bukaera arte dute eskaera egiteko epea. Aurreko edizioetan Bartzelona, Parise, Londres, Erroma eta Shanghaiko euskal etxeek parte hartu dute Laburbiran.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia