euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Corpus-ko Euskal Etxeak, Argentina iparraldean, Kontaketa Harrigarrien III. Literatur Lehiaketa deitu du

2011/02/01

Corpus-ko Eusko Etxeak antolatzen duen literatur lehiaketa honen lehenengo edizioko sari banaketa Argentinan, Misiones probintziako Corpus Christi herriko Eusko Etxeak zabaldu berria du Kontaketa Harrigarrien III. Literatur Lehiaketan parte hartzeko deia. Aurreko aldietan bezala, gai gisa gertaera eta pasadizo misteriotsuak har daitezke, edo herrietan ohikoak diren pertsonaia berezko edo xelebreak, bertako bizitzako parte koloretsua direnak. Luzera, gehienez hiru orrialde ordenagailuz idatziak. Originalak aurkezteko azken epea 2011ko martxoaren 30a izango da.

Gehiago irakurri...


Necocheako Euskal Etxeak Gizataldeen Azokan parte hartuz itxi zuen urtarril gazi-gozoa

2011/02/01

Ohi bezala Euzko Etxeko Gargantuak arrakasta handia izan zuen Haurren Jaian eta Necocheako makina bat neska-mutil "jan" zituen (argazkia NecocheaEE) Necocheako Euskal Etxeak urte hasiera oso aktiboa eta, aldi berean, gazi-gozoa izan du joan berri den hilabetean. Elkarteak jarduera ugaritan parte hartu du, hala nola urtarrilaren 8ko Haurren Jaian; San Sebastian eguneko festa handian; edo, orain astebete pasatxo, Gizataldeen Azokan. Hala ere, ekitaldi horiek guztiak ilun gelditu dira Zubillaga anaien heriotza dela eta. Bi anaiak elkarteko zuzendaritza kideak ziren, eta euskal etxearekiko engaiamendu handia zuten euskaltzaleak. Omenaldi onena euren lanarekin jarraitzea dela eta, euskal etxeak urtarrileko ekimenen berri eman digu.

Gehiago irakurri...


Ostegunean hasiko da Uruguain FIVUren 10. Udalekua, 50 bat neska-mutilen partaidetzarekin

2011/01/31

2010eko Udalekuko partaideak euren irakasleekin (argazkia HaizeHegoa.org) FIVUk, Uruguaiko Euskal Erakundeen Federazioak, ostegunean jarriko du abian haur eta gazteentzako bere Udaleku-ren aurtengo edizioa. Topagune honen helburua Uruguaiko gazteei euskal kulturan sakontzeko aukera ematea da, beti ere joko eta jarduera dinamikoen bitartez. Era berean, antolatzaileek euskal etxe desberdinetako gazteek elkar ezagutzea eta elkarren lagun egitea suspertu nahi dute. Aurtengoa 10. Udalekua izango da eta Canelones departamentuan egingo da, Montevideotik 60 kilometrotara.

Gehiago irakurri...


Cordobatarrak taldeko dantzariak Alta Graciako Gizataldeen Topaketan arituko dira euskaldunen ordezkari

2011/01/31

Cordobatarrak-eko dantzariak artxiboko irudi batean (argazkia Gure Txokoa) "Mundu guztia Alta Graciara" lelopean, Cordobako probintziako hiri honek 2011ko Gizataldeen Topaketa ospatuko du datorren bihartik hasita eta iganderaino. Euskal Komunitatea Cordoba hiriburuko Cordobatarrak dantza taldea medio bertaratuko da, eta larunbatean, otsailaren 5ean, dantza erakustaldia eskainiko du ekimenaren agerleku nagusian. 18 kolektibitateren partaidetza espero da, bakoitzak, gastronomia, dantza, musika ikuskizun eta kultura elementu ezberdinez osatutako stand-ak aurkeztuko dituelarik.

Gehiago irakurri...


Miren Aizpitarte, Idaho: "Garrantzia duena ez da zenbat euskal odol duzun, berakiko duzun engaiamendua baizik"

2011/01/31

Miren Aizpitarte idahotarra alboka jotzen Lael Uberuaga eta Oinkari taldeko beste lagunen ondoan Shanghaiko Expon egin zuen erakustaldian (argazkia Oinkari.org) Miren Aizpitarte gazte euskal amerikarrak Idaho estatuko 'Distinguished Student Award' saria jaso du hilabete honetan, eta komunikabideek eskaini dizkioten artikuluetan bere euskal ondareari buruz mintzatu da. Miren Boiseko Oinkari dantza taldeko kidea da eta erakustaldietan alboka jotzen du sarri. AEBetako albokari bakarra da ziurrenik Miren eta, hori dela eta, beraz, bakarrik ikasi behar izan zuen, euskarazko liburuxka batekin eta bideoak ikusiz eta entzunez. Boiseko 'Amuma Says No' taldearekin ere jotzen du eta gazteei euskal dantzak eta akordeoia irakasten dizkie. Diasporako gazte euskaldunentzat engaiamendu eredugarria duzu, zorionak Miren!

Gehiago irakurri...


Iruñeko artzapezpikuak Orreagako Santa Mariaren jargiratze meza nagusia emango Mexikon igandean

2011/01/28

Coyoacan-go Jesusen Bihotzaren elizaren barrualdea Iruñeko Artzapezpiku eta Tuterako apezpiku den Francisco Perez Gonzalez Nafarroako Elizako ordezkari arituko da datorren igandean Mexiko Hiriko Jesusen Bihotzaren Elizan egingo den Orreagako Santa Mariaren jargiratze ekitaldian. Elizkizunean 'Fratellum Ensamble' taldeak Emiliana Zubeldia musikagile nafarraren Jasokunde Meza kantatuko du, eta jatorri baztandarreko Antonio Barberena akordeoilari mexikarra ere arituko da edertzaile.

Gehiago irakurri...


Euskal nobela beltzak lekua izango du astelehenean Bartzelonan hasiko den BCNegra jaialdian

2011/01/28

Bartzelonako BCNegra jaialdiaren aurtengo afitxa Jose Javier Abasolo, Jon Arretxe eta Aingeru Epalza idazleek parte hartuko dute datorren astean hasiko den Bartzelonako nobela beltzaren jaialdian, euskal literatura beltza eta kriminalaren errealitate eta etorkizunaren berri emateko. Eurekin batera Asier Muniategi, Euskadiko Liburu Azoken koordinatzailea, ariko da. Erein argitaletxea ere jaialdian izango da, 'Uzta Gorria', nobela beltzari eskainitako euren sail berria aurkeztuz. Ostegunean mahaingurua egingo dute hiriburu katalanean.

Gehiago irakurri...


Gabonen ostean, Vancouver-eko euskal etxe txiki baina biziak 2011ko ekimen sorta prestatzen dihardu

2011/01/28

Olentzero Vancouver-eko Euskal Etxeko mutiko batekin (argazkia VancouverEE) Vancouver-eko Zazpiak Bat Euskal Etxeko kideak datorren hilean bilduko dira 2011ko jarduera egutegia adosteko. Euren helburua, urtero legez, elkartearen bidez Kanadako Pazifikoko kostako euskaldunei topagunea eskaintzea izango dute. Euskal etxe txikia da kanadarra, Elena Sommer presidentak onartzen duenez, eta sarri Seattle-go Euskal Etxearekin indarrak batzen dituzte ekimenak antolatzeko. Zazpiak Batek Gabon afari batekin itxi zuen iazko urtealdia, Olentzero euskal-kanadarra eta guzti.

Gehiago irakurri...


Mexikoko EEak San Sebastian jaiaren zirraraz gozatu zuen Danborradarekin (argazkiak eta bideoa)

2011/01/27

Danborrari euskalmexikarrak Euskal Etxearen frontoian (argazkia Maricarmen Arrechea) Danborradaren doinuak izan ziren nagusi joan den larunbatean Mexiko DFko Euskal Etxeak egin zuen San Sebastian eguneko afarian. Gau aparta izan zuten euskal mexikarrek: janari ona, musika eta parranda. Jon Astigarragak eta Juan Jose Arrietak prestatu zuten afariaren ostean, bertaratu zirenek sukaldari txanoak jarri, makilak eskutan hartu eta San Sebastian martxa jotzeko aukera izan zuten, elkarteko danborradarekin batera. Alfredo Jober donostiarra izan zen danborradako danbor nagusia.

Gehiago irakurri...


Necocheako Euskal Etxeak San Sebastian jaia egun batzuk aurreratu zuen, danborrada eta guzti

2011/01/27

Necocheako Danborrada larunbatean jotzen, Picon danbor nagusiaren zuzendaritzapean (argazkia Ester Arrondo) Necocheako Euskal Etxeak San Sebastian eguneko festa giroa ekarri du aurten ere Argentinara, asteburu osoko jaialdi batekin. Joan den urtarrilaren 14 eta 15ean egin zuten jaia, sainduaren eguna baino lehenxeago, asteburua izanik ahalik eta lagun gehien bildu ahal izateko. Ondo egin zuten gainera, Necocheako Danborradak gero eta euskal argentinar gehiago biltzen ditu eta: aurten Laprida, Tandil, Chascomus, Rosario, Villa Maria, Mar del Plata, Buenos Aires eta La Platako euskal etxeetako ordezkaritzak ere bildu ziren jaira, 'festara!' dei klasikoari erantzunez.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia