euskal diaspora eta kultura

2011/09/27
Eitb.com-ek Canal Vasco eta ETB-Sat kateen erabiltzaileei zuzenduriko lehiaketa jarri du abian aurten ere, eta bertan parte hartzen dutenek Euskal Herrira hamar eguneko bidaia irabazteko aukera izango dute. Horrez gain, irabazleak eta bidaideak 1.000 euro jasoko dituzte bidaian xahutzeko. Aurreko edizioetan bezala, irabazleak berak erabakiko du bidaia noiz egin, lehiaketa egin eta urtebeteren epearen barruan. Lehiaketan parte hartzeko nahikoa da jarraian aipatzen dugun inkesta laburra betetzea.
2011/09/26
Madrilgo Euskal Etxeak Euskal Jaien bigarren edizioa egingo du larunbat honetan Retiro Parkean, Espainiako hiriburuan euskal kultura eta elkartearen lana ezagutarazteko. Iaz egin zuten lehen edizioa, eta esperientzia hain izan zen ona, aurtengorako irrikaz direla elkarteko kideak. Ospakizunak izango dituen jardueren artean, honakoak: estropadak (Donostiako eta Santurtziko bi talde Madrilgo beste biren aurka), Bakioko Itxas-alde dantza taldea eta Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak.
2011/09/26
Bertako Euskal Etxeko kideak pozik agertu dira iragan irailaren 16tik 18ra Bordelen egin ziren Ondarearen Egunetan izan zuten partehartzearekin. Elkarteak bere lana eta zenbait euskal kultur proposamen Bordeleko kaleetara atera zituen eta jende ugari inguratu zitzaion. Besteak beste kultur-tailerrak, kalejirak, dantza erakustaldiak, hitzaldiak eta erakusketa bat eskaini zituen. Iruñetik Hutsun taldeko txalapartariek egin zuten emanaldiak adibidez, biziki piztu zuen bordelesen interesa eta asko hurbildu ziren 'musika-tresna ezezagun' hura jotzera. Tartean, bertatik zebilen euskaldun talde bat ere. "Agian Eskual Etxeko kide eginen dira!", esan digu pozik David Mugica elkarteko presidenteak.
2011/09/26
Misiones probintzia izan da irailaren 20an Mercosur-erako Euskadiko Ordezkaria den Elvira Kortajarenak hasitako bidaiaren helmuga. Hiru egunetako egonaldian, Kortajarena Corpus Christi eta Posadaseko euskal etxeetako kideekin elkartu zen eta bilerak egin zituen politika arloko ordezkariekin. Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzako agintariak Mesopotamia argentinarreko probintzia honetako Jesuiten Aztarnak bisitatu eta mbyá guaraní 'Tavá Mirí' komunitateko lagunekin bildu zen, euren errealitatea eta euskaldunek haien alde egiten duten lana aurrez aurre ezagutzeko. Birarekin bukatzeko Eusko Jaurlaritzak bultatzen duen Agenda XXI proiektua garatzen duten eskoletako arduradunekin elkartu zen.
2011/09/26
Urtero bezala sasoin honetan Argentinako Mar del Platan, Denak Bat Euskal Etxea murgilduta dabil bertan euskaraz 'Aralarko Mikel Deuna' deitzen duten ospakizun programaren baitan. Aurtengo ekitaldiak Euskal Herriaren zaindaria deitua den San Migelen ohoretan iragan asteazkenean hasi ziren paleta txapelketa batekin eta hurrengo ekitaldia datorren larunbatean izango dute, egun horretan egingo baita 'Taska Baska' deitzen den ekimena, tartean euskal janari tipikoak, etxeko Beti Alai dantzarien emanaldiak, sari-banaketa, haurrentzako puzgarriak, Txapela taldearen musika eta erromeria, guztia Mar del Platako euskal etxe honen egoitzan.
2011/09/23
Argentinako euskal etxe guztiek daukate hizlarien bisita jasotzeko aukera. FEVArekin kontaktuan jartzea baino ez dute behar interesa dutenek, eta hala egin dute Misiones probintziako Euskal Jatorri euskal etxeko arduradunek Cesar Arrondo irakaslearen bisita gauzatzeko. Irailaren 10ean eman zuen Arrondok “Euskal Herria: Nazioaren historia laburra” izeneko hitzaldia, Posadasekeko El Palomar liburutegian eta publiko jendetsu baten aurrean.
2011/09/23
Frankfurteko Euskal Ikaskuntzen Etxeak ikasturte berriaren hasiera ospatuko du bihar, jai batekin, eta txalapartaren soinua ekarriko du hiriko kaleetara, Etxepare Euskal Institutuaren sostenguarekin. Hala, 'Txalamobil' ekimena sustatzen duten hiru euskal artistek txalaparta mugikor bat jarriko dute Chillidaren 'Goethen Etxea' izeneko eskulturan, Taunusanlage parkean, eta inguruko kaleetan, eta bertara inguratzen diren alemaniarrei euskal musika tresna jotzeko gonbitea egingo diete.
2011/09/23
Ilusioa, hunkidura, poza, aurrera egiteko eta geroa irabazteko gogo eta itxaropena... joan den asteazkenean Txileko Boskarren Erregioko Eusko Etxea inauguratzeko ekitaldian ikus eta soma zitezkeen sentimentuak izan dira. Luzaroan amestutako egoitza propioa lortzeak, Eusko Jaurlaritzak emaniko ezohiko dirulaguntza bat medio, baikortasunerako eta animo eta jarrera berri baterako bidea erraztu du Viña-Valparaison eta orain, erronka, erositako eraikina, edukiz, jendez eta lanez betetzea izango da. Pozik zeuden Archibaldo Uriarte EEko lehendakaria eta bere lagun eta bazkideak joan den asteazkenean.
2011/09/23
Mexikoko Senatuan aurkeztu dute iragan abuztuaren 21ean 'La travesía del Montserrat' liburua. Félix San Mamés euskaldunaren egutegian oinarritzen da lana eta Santurtzitik Mexikora belaontzi batean, frankismotik ihesi egin zuen bidaia epikoa kontatzen da bertan. Beste zortzi lagun izan zituen bidaide abentura hartan Felixek, eta aurkezpenean euren ondorengo euskal mexikarrak izan ziren. Ekitaldian parte hartu zuten Jesus Garibay senadoreak eta Ateneo Español elkarteko zenbait historialarik, eta baita Juan San Mamesek ere, liburuaren egilearen ilobak.
2011/09/22
Arrakastaz arrakasta darrai nazioartean 'Kulunka Teatro' euskal antzerki konpainia, 'André y Dorine' antzezlanarekin. Kolonbian txalo zaparrada jaso zuen iragan urrian, Manizaleseko jaialdian izan zenean. Alzheimer-ari buruzko lan honek ez du dialogorik, baina edonon uler daitekeen hausnarketa egiten du gaisotasunari buruz, eta harrera beroa izan du Madrilen, Kathmandu-n, Itsaso Beltzean, Santo Domingon, eta azken bira honetan Ekuadorren, Argentinan eta Kolonbian. Bihar eta etzi Bogotan izango da ikusgai, Isiltasuneko Sortzaileen 7. Topaketan. Euskal Herria da aurten topaketaren ohorezko gonbidatua.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus