euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kalifornian, Chinoko 'Pilota Besta'k Bidart familiaren frontoia eraiki zeneko 30 urteak ospatu zituen

2011/05/06

Chinoko Pilota Bestan aritu ziren pilotari gazteetako batzuk (argazkia Chino BC) Kaliforniako Chino herriko Euskal Etxeak 200 lagundik gora bildu zituen iragan larunbatean, apirilaren 30ean, urteroko Pilota Besta ospatzeko. Aurtengo hitzordua leku oso berezi batean egin zuten chinotarrek: Bidart sendiaren frontoian. Orain 30 urte eraiki zuten frontoia Mike eta Jeannette Bidartek, euren etxeko lurretan, eta harrez gero beti izan dituzte ateak irekita bertan jokatu nahi duen edonorrentzat. Chinoko Euskal Etxeak euren eskuzabaltasuna eskertu zuen bestan eginiko omenaldiarekin.

Gehiago irakurri...


Biografia batek argitara dakar Izzy Gaztañaga boxeolariaren bizitza; bere ondorengoen bila ari dira Argentinan

2011/05/06

Isidoro Gaztañaga 'El martillo de Ibarra' goitizenez zen ezaguna Juan Oses idazle nafarrak euskal boxeoaren izar ahaztu bat berreskuratu du "Isidoro Gaztañaga: El martillo de Ibarra. El boxeador que nunca existió" biografiarekin. Gaztañaga Paulino Uzcudun boxeolariaren garaikidea izan zen, eta Osesen esanetan frankismoaren hedabideek nahita isildu zuten Gaztañagaren istorioa, Uzcudun falangistari itzalik egin ez ziezaion. Bizizalea, andrazalea, bikaina baina ez nahikoa saiatua... izan omen zen Gaztañaga eta Argentinako La Quiaca herrian hil zen, senar jeloskor batek tirokatuta. Orain, Ibarrako senitartekoak Argentinan izan zituen ondorengoen bila ari dira.

Gehiago irakurri...


Euskal eta guarani kulturen arteko senidetzea Corpus Christiko EEak eraiki duen eskolaren emate ekitaldian

2011/05/05

Iñaki Galdos, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kanpo Ekintzarako alduna Corpus Christin izan zen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ekonomikoa ezinbestekoa izan da ekimena gauzatzeko (argazkia CorpusChristiEE) Joan den astelehenean, maiatzaren 2an, Argentina iparraldean, Corpus Christiko Eusko Etxea elkarteak ofizialki eman zion Mbyá Guaraní herriko komunitateari azken urtean elkartasun ekimen bati esker eraiki duen eskola. Emate ekitaldira euskal elkarteko kideak, guarani herriko Tavá Mirí hezkuntz komunitateko ikasleak, irakasleak eta kideak bildu ziren. Euskal Herritik etorrita, ekitaldian izan zen Gipuzkoako Kanpo Ekintza eta Kiroletako diputatua, Iñaki Galdos. Ekimenean parte hartzekoa zen César Arrondo irakasleak, aldiz, ezin izan zuen bertaratu.

Gehiago irakurri...


Indarkeriaren aurkako hitzekin gogoratu da Gernikako Bonbardaketa Mar del Plata, Rosario eta Arrecifesen

2011/05/05

Mar del Platako Denak Bat euskal etxeko kideek San Martin Plazan ospatu zuten Gernikako Bonbardaketaren 74. urtemuga (argazkia EE) “1937ko apirilaren 26an eta Espainiako Gerraren testuinguruan hegazkin alemaniarrek Gernika herrixka bonbardatu zuten. Zibilen kontrako lehenengo erasoa izan zena, gertaera gogoangarrienetako bat bihurtu zen mendebaldeko herrialdeentzat. Hori dela eta 74. urtemuga honetan aipamen berezi bat merezi du Gernikako Bonbardaketak”. Hitz hauekin gonbidatu zuten Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeko kideek bertako komunitatea San Martin plazan burutu zen zeremonian parte hartzera. Izpiritu berarekin bildu ziren Euskaldunak Denak Bat eta Zazpirak Bat-eko lagunak Gernikako kimuaren ondoan data goibel hau gogorazteko.

Gehiago irakurri...


Aurten ere giro bikainarekin ospatu zuten Baztango Eguneko jaia Mexikoko baztandarrek hiriko Euskal Etxean

2011/05/05

Euskal Etxeko frontoiak itxura hau zuen, Baztango armarriaren irudi erraldoia eta guzti (argazkia MCArrechea) Mexikoko baztandarrak eta baztandarren lagunak Euskal Etxean bildu ziren aurten ere, Baztango Eguna ospatzeko, iragan maiatzaren 1ean. Nafarroako bailara honetan jatorria duen euskaldun asko dago DFn eta, urtero lortzen duten giro ederraz gozatu ostean, odolez ez baina bihotzez Baztani lotuak sentitzen diren euskal mexikar gero eta gehiago dago. Aurtengo edizioak, baina, alde samina ere izan zuen, Diaspora baztandarraren ikertzailea izan den Alberto Aldayren tupusteko heriotza dela eta.

Gehiago irakurri...


Boiseko Oinkari-k dantza-maratoia egingo du ostegunean dirua biltzeko udan Euskal Herrira bidaiatzearren

2011/05/04

Dantza-maratoiko iragarkia Uztailean Euskal Herrira bi astebetez bidaiatzeko planak ditu Boiseko Oinkari euskal dantza taldeak. "Noizean behin Euskal Herrira joatea oso garrantzitsua da taldearen 'benekotasuna' mantentzeko eta Euskal Herriko gainerako dantza taldeekiko harremanei eusteko", azaltzen dute Oinkaritik. Hartu-eman guztiek norantza bikoitza dutelarik, taldeak talde euskal-amerikar gisa dituen ezaugarri komun zein bereziak erakusteko ere baliatu nahi du bidaia. Asteburu honetan, 24 orduko dantza-maratoia egingo dute Boiseko Euskal Etxean, bidaiarako dirua biltzeko hain zuzen.

Gehiago irakurri...


Antioquiako Euskal Ikasketa Zentroak Korrika ospatu du lehen aldiz eta Global Village azokan izan da

2011/05/04

Antioquiako Euskal Ikasketa Zentroko haur dantzariak Korrika 17ko partaide izan ziren (argazkia CEVMedellin) Apirila ekimenez jantziriko hilabetea izan da Antioquiako Euskal Ikasketa Zentroarentzat. Kolonbiako Medellin hirian euskal gaiei buruzko ikerketak sustatzeko helburuarekin sortu zen zentroa, baina azkenaldian gero eta kultur ekintza gehiago egiten ditu, apalean baina indar handiz. Apirilean, adibidez, Korrika 17 ekarri dute Medellinera, eta Global Village gizataldeen azokan parte hartu dute, besteak beste.

Gehiago irakurri...


Aberri Eguna: Argentinako euskal etxeek Euskal Herriarekiko engaiamendua berritu dute aurten ere

2011/05/04

Buenos Airesesko "Plaza de Mayo"n egindako ekitaldia (argazkia Facundo Andicoechea) Segitzen dugu Argentinan ospatutako Aberri Eguneko deialdiak laburbiltzen. "Aberri Eguna euskaldunen herriaren eguna da. Hori dela eta, nazioartean hainbat lekutan ospatu da, euskaldunak, euskaldunen ondorengoak eta euskaldunen lagunak munduan zehar baitaude sakabanatuta. Ez da beharrezkoa Goierriko herrixka batean edo Bilbo alde zaharrean bizitzea Euskal Herriaren aldeko jarrera izateko", azaldu digute Buenos Airesen antolatutako deialdietako batetik. Horixe argi utzi nahi izan digute Buenos Aires probintzia eta hiriburuko euskal etxe eta elkarte ugarik euren Aberri Eguneko ospakizunetan.

Gehiago irakurri...


102 urterekin hil da AEBetan Pete Heuga, Tahoe Lakuko eskiaren aitzindari euskalduna

2011/05/04

Pete Heuga, ezkerretik hasita bigarrena, 100 urterekin Squaw Valley ski estazioko 2009-2010 denboraldiaren irekieran (argazkia SquawValleyTimes) Lake Tahoe eski guneko komunikabideek Pascal 'Pete' Heuga baxenabartarraren heriotzaren berri ematen dute egunotan. Heuga Squaw Valley estazioko aitzindarietako bat izan zen eta pertsona oso ezaguna bertan. 1909an jaio zen Lekunberri-Mendiben eta, bizitzaren aurrean beti izan zuen jarrera baikor eta borrokalariak, hamaika erronkari aurre egiten lagundu zion: amak umea zela emigratu zuen, semea amonarekin utziz; AEBtara bidaia bakarrik egin behar izan zuen; adin txikikoa izanik taberna klandestinoetan lan egin zuen... Bere seme Jimmyk eskian brontzezko domina irabazi zuen Innsbruckeko Joko Olimpikoetan. 96 urterekin, itsu jada, Euskal Herrira bueltatzeko ametsa bete zuen, aitonaren hilobia bisitatzeko Donibane Garazin. Jarraian, SkiingHeritage blogean argitaratu duten profila euskaratu eta laburtu dugu.

Gehiago irakurri...


Caracaseko Eusko Etxeak berrehun lagundik gora bildu zituen Aberri Egunaren jaian

2011/05/03

Aberri Egunean parte hartu zuten lagunetako batzuk Eusko Etxearen sarrera nagusiko eskaileratan (argazkia PJArriaga) Sortu zenetik urtero bete duen hitzorduari huts egin gabe, Caracaseko Eusko Etxeak Aberri Eguna ospatu zuen joan den Berpizkunde Igandean. Ohi bezala, jaiak Venezuelako euskal komunitateko kide eta lagun asko bildu zituen eta herri bazkaria egin zuten elkartearen egoitzaren jatetxean. Eguneko ekitaldi aipagarri batzuk euskal meza, abesbatzaren emanaldia, zesta punta txapelketa eta Maria Teresa Ballatorik eta Clever Ramirezek prestatu zuten pintxo dastaketa izan ziren. Pedro Javier Arriaga lagunak idazten du argazki kronika hau.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia