euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urteko Ohiko Biltzarra egin du La Platako Euzko Etxeak, Javier Clua buru duen taldeari konfidantza berremanez

2011/05/19

Hurrenez hurren Javier Clua eta Jorge Batiz, La Platako Euzko Etxea euskal elkarteko lehendakari eta lehendakariorde berrautatuak (argazkiaEE) Maiatzaren 8an egin berria du Urteko Ohiko Biltzarra Buenos Aires probintzia argentinarreko hiriburua den La Plata hiriko Euzko Etxea euskal etxeak. 2010eko kontu ekonomikoak eta bestelakoak aipatu eta onartzeaz gain, bildutakoek elkarteko zuzendaritza berritu zuten, agintealdi berri baterako konfidantza emanez Javier Clua egungo lehendakaria buru duen taldeari. Cluarekin batera hor dira, besteak beste, Jorge Batiz, lehendakariorde gisa; Maria Fernanda Astigarraga, idazkari; Iñaki Azcarate, idazkariorde; Sergio Ochotorena, diruzain; eta Marina Biffareti, diruzainorde.

Gehiago irakurri...


Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxeko kideek ere bere egin dute Herri Urrats-en 'Gu ere lakuko!' leloa

2011/05/18

Buenos Airesko Herri Urrats jaian parte hartu zutenek beren ur-tantak eraman zituzten "Senpere Lakura" Joan den maiatzaren 14an --Euskal Herrian baino astebete berantago-- eta azken urte hauetako ohiturari jarraituz, Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeko Kultura Azpibatzordeak Herri Urrats jaiaren bere bertsioa egin zuen Argentinako hiriburuan. Berrogei bat lagun bildu ziren Moreno kaleko euskal egoitzan eta ur-tanta eskuan, lurrean margotutako “Senpere Lakuan” murgildu ziren. Horrela, janari ona eta jolasen eta dantzen bidez, euskaltzale argentinarrek ere fier ospatu dute Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko festa.

Gehiago irakurri...


Europako eta Ameriketako irakurleen deialdian onartuen behin-behineko zerrenda argitaratu du Etxeparek

2011/05/18

Etxepare Euskal Institutuaren logotipoa Etxepare Institutua Europako eta Ameriketako hamar unibertsitateetarako irakurle postuak betetzeko hautaketa-prozesu publikoa egiten ari da eta aste honetan bertan parte hartzeko onartuak eta baztertuak izan diren hautagaien zerrenda argitaratu du. Baztertuek maiatzaren 23a arte dute epea erreklamazioak aurkezteko. Era berean, Institutuak La Platako Unibertsitate Nazionalean Euskara eta Euskal Kultura klaseak ekainaren 7an abiatuko direla jakinarazi du. Ikastaro honetan izena-emateko epea maiatzaren 27an itxiko da.

Gehiago irakurri...


Erreniega abesbatzaren bidaia Kubara eta Habanako Aberri Egunera: "Esperientzia zirraragarria izan da"

2011/05/18

Erreniega Koralak Habanan eman zuen kontzertura irlako euskaldun asko bildu ziren. Nafarrek San Fermineko zapi gorriak banatu zituzten ikusleen artean (argazkia Erreniega) Kubara joan bertako koruekin emanaldi batzuk egiteko... eta Habanako Aberri Eguneko jaian jotak kantatzen bukatu, horixe gertatu zitzaien Zizur Zendeako Erreniega abesbatzako lagunei. Koru nafarraren zuzendaria kubatarra da eta bere kontaktuak baliatuz iragan apirilean Santigon eta Habanan zenbait kontzertu eskaini zituen taldeak. Halaber, Fernando Garcia koruko presidentea Habanako euskaldunekin harremanetan jarri zen, EuskalKultura.com-en bitartez, eta taldeak gonbidapen berezia jaso zuen Aberri Eguneko bazkarian parte hartzeko. Esperientziaren argazki kronika bidali digute Erreniegakoek, bide batez Habanako lagunei goraintziak bidaliz.

Gehiago irakurri...


Latinamerikako ikasleek EHUn Masterrak egiteko laguntza deialdia ireki dute

2011/05/17

EHUren kanpusa Donostian Irailetik aurrera Euskal Herriko Unibertsitatean Masterra egin nahi duten Latinamerikako ikasleek irekita dute EHUk eskaintzen dituen mugikortasunerako laguntzak eskatzeko epea. Master hauek, baina, Hezkuntza Ministerioaren Bikaintasuneranzko Aipamena eskatu duten doktoregoetarako sarbide zuzena eman beharko dute. Dirulaguntza urteko 4.500 eurokoa izango da eta onuradunak salbuetsita egongo dira masterreko prezio publikoak ordaintzetik. Eskabideak aurkezteko epea ekainaren 6ean itxiko da.

Gehiago irakurri...


Southamptongo Unibertsitateko tesi batek Erresuma Batura heldu ziren Gerrako Umeen memoria aztertzen du

2011/05/17

Susana Sabin-Fernandez Ingalaterran gelditu ziren haur horietako batekin, 2007an Southamptonen egin zen bilkuran. Ondoan, egun hiri ingelesaren kaleetan dagoen plaka oroigarria (argazkia SSabinFernandez) Susana Sabin-Fernandez bizkaitarrak 1937an Erresuma Batuan errefuxiatu ziren gerrako umeen memoria eta aztarnak jasotzen ditu Southamptongo Unibertsitatean aurkeztu duen doktoretza-tesian. Ikerketa honekin egileak bere familiaren istorioa bera izan du aztergai; izan ere, ama Santurtzitik Habana untzian atera ziren 4.000 haur horietako bat izan zen. Taldearen memoriak bizirik dirau eta neska-mutil haietariko askok datorren igandean Euskal Haurren urteroko bazkaria egingo dute Londresen, Southamptonen lehorreratu zireneko 74. urteurrenean.

Gehiago irakurri...


Bogota-ko EEak 'persona non grata' izendatu du Jaurlaritzaren ordezkaria, eurekiko 'ezinikusia' egotziz

2011/05/17

Bogotako Euskal Etxeak, elkarteko lehendakariorde Jose Vicente Katarainen eskutik, 'persona non grata' izendatu du Jaurlaritzaren Kolonbiako ordezkaria, Iñaki Martinez, "alderdikoi eta baztertzaile"tzat joz eta salatuz idazki baten bidez "Bogotako Euskal Etxearen eta Emprebask-Kolonbiaren kontrako bere ezinikusia". Iñaki Martinezek gogor ukatu ditu salakuntzok, "faltsuak" direla esanez, eta gainerakoak Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak Legebiltzarrean maiatzaren 24an egingo duen agerraldira bideratuz.

Gehiago irakurri...


EEaren egoitza bukatzeko laguntza eta Euskadiko ordezkariaren bisita Saladilloko Itxaropen Euskal Etxean

2011/05/17

Saladilloko alkateak pontxo bat opari zion Elvira Kortajarenari (argazkia CN Saladilloko egunkaria) Euskal Etxearen egoitza bukatzeko lanak bideratuta daude jadanik Saladillon. Alabaina, komunitatearen laguntza behar dute herri honetako euskaldunek eraikuntzaren bigarren zatia amaitu ahal izateko. Helburu horrekin, zozketak antolatu ditu euskal erakundeak. Ehun pesoko bonoak kaleratu ditu Itxaropen-ek eta bonoak erosten dituzten partaideek Euskal Herrira bidaiatzeko bi pertsonentzako txartelak irabazteko aukera izango dute. Helburu berarekin herriko udalak 20.000 pesoko dohaintza egin zion euskal etxeari Elvira Kortajarena Jaurlaritzaren Argentinako Ordezkaria bertan izan zen ekitaldi batean.

Gehiago irakurri...


Elvira Kortajarena ordezkariak Olavarriako Gure Etxe Maitea euskal etxe argentinarra bisitatu zuen

2011/05/16

Lapridako EEko Maria Ester Arrondo, Elvira Kortajarena eta Marisu Mendizabal, Olavarriako Euskal Etxeko lehendakaria (argazkia (EArrondo) Argentinarako eta Mercosur hitzarmeneko herrialdeetarako Euskadiren ordezkariak, Elvira Kortajarenak, bere ardurapean dauden eremuetako euskal etxe guztiak ezagutzeko egitasmoarekin darrai. Ekimen horren barruan joan den maiatzaren 10ean Kortajarena Buenos Aires probintzia barnealdeko Olavarria herrian izan zen, desagertzeko zorian egon ondoren berriz ere bere onera etortzeko bidean ari den Gure Etxe Maitea euskal elkartea ezagutzen. Bertan ordezkariak hiriko hedabideentzako prentsaurrekoa eman zuen eta ondoren euskal etxeko kideekin bildu zen.

Gehiago irakurri...


Lehiaketa baten bidez, erakundearen logoa diseinatzeko gonbitea luzatu du Cordobako 'Gerora' Elkarteak

2011/05/16

'Gerora' Elkarteko kideak hiriko inauterietan Joan den urteko irailean Cordobako euskal etxearen zuzendaritzarekin ados ez zegoen lagun talde batek 'Gerora' euskal elkartea sortu zuen Argentinako probintzia mediterraneoko hiriburuan. Bederatzi hilabete hauetan, ekintza ugari antolatu eta garatu dituzte elkarte berriko kide eta arduradunek, tartean herriko inauterietan aurkeztutako Lantz-eko dantzak, kontzertuak, tailer eta hitzaldiak, Euskararen Astea eta euskara klaseak, batzuk aipatzearren. Orain, elkartea ordezkatuko duen logoa diseinatzeko lehiaketa antolatu dute. “Sormena bultzatu eta instituzioaren proiektuetan publikoaren partaidetza sustatzeko” asmoa duen lehiaketa hau abian dago jadanik; epea ekainaren 10ean bukatuko da.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia