euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bertan bizi diren euskal gazteen lekukotasuna biltzen du Maite Frailek 'Euskaldunak Londresen' bideoan

2012/05/15

Maite Fraile gazte aretxabaletarra. Londresa joana da bera ere eta, bideo kamera harturik, bertan bizi diren gazte euskaldun multzo bat elkarrizketatu du 'Euskaldunak Londresen' izenburupean. Hogeita hiru urteko gazte aretxabaletarra da Maite Fraile eta, beste gazte askok egin ohi duten bezala, Euskal Herria utzi eta kanpora abiatu da, bere kasuan Londresera, menturaz esperientzia berrien bila, beste hizkuntza bat ikasi eta kultura eta giro eta molde berriak ezagutzeko, seguruenik ekonomikoki Euskal Herrian bizi dugun langabezia eta krisi ekonomikoa ere sustatzaile. Maitek bideo bat egin du egun Londresen bizi diren gazte euskaldun batzuk elkarrizketatuta, eta interneten ezarri du.

Gehiago irakurri...


Erresuma Batura erbesteratu zituzten Gerrako Umeei omenaldia egin zieten Southamptonen

2012/05/15

1937an Southamptonera heldu ziren ia 4.000 ume haietako batzuk omenaldian izan ziren (argazkia Irekia) Duela 75 urte heldu ziren lehen aldiz Ingalaterrara, bakarrik eta beldurtuta, gurasoak 1937ko gerra eta bonbardeketen artean utzita. Iragan asteburuan ume horietako batzuk, orain edadetuta, Southamptonen bildu ziren eta omenaldia jaso zuten, euren etorreraren 75. urteurrenean. Omenaldiaren antolatzaileak Basque Children of '37 elkarte ingelesa eta Eusko Jaurlaritza izan ziren. Euskal ordezkaritzaren buru Idoia Mendia Bozeramaile eta Justizia Sailburua eta Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusia izan ziren.

Gehiago irakurri...


'Txileko Euskal Gizatalde'ko buru berria den Rossana Arza-k, Euskadiren Ordezkaritza bisitatu du Santiagon

2012/05/15

Ezker-eskuin, Rufina Mendicute, Rossana Arza, Ana Urchueguia eta Daniel Zamudio Euskadiren Txile eta Perurako Ordezkaritzan, Santiagon (argazkia Irekia) Aurten bere Mendeurrena ospatzen ari den Txileko Euzko Etxea eskarmentudunarekin batera, bada Santiagon beste euskal etxe ofizialdu bat. Colectividad Vasca de Chile (Txileko Euskal Gizataldea) du izena eta Mapochoko hiriburuko 'Estadio Español' elkartearen baitan mugitzen den euskaldun talde batek sortu ondoren, Eusko Jaurlaritzak 2010ean onartu zuen euskal etxetzat. Imanol Carredano izan zuen lehenengo lehendakari, eta Rossana Arza lehendakariorde. Aurten Zuzendaritza Batzordea berritzeko hauteskundeak egin direlarik, Rossana Arza pasatu da lehendakari izatera. Elkarteko Zuzendaritza Batzorde berrituko lau kidek bisita egin berri diote Euskadiren Txileko Ordezkari den Ana Urchueguia-ri Ordezkaritzak Las Condesen duen egoitzan.

Gehiago irakurri...


Dantza, txalaparta, sukaldaritza eta komunitate osoari begirako ekintzak ‘Villegasko Euskaldunak’ euskal etxean

2012/05/15

Diego Tellechea eta Maria Zaton, sukaldaritza klaseen arduradun (argazkia Diario Actualidad) Hamar urte daramatzate Buenos Aires probintzia argentinarreko General Villegas herriko euskaldunek euskal kultura zabaldu eta babesten. Eta urteak pasatu ahala sendotzeaz gain, gizataldearen mugak gaindituz joan da euskal erakundea. Izan ere, herriari zuzendutako hamaika proposamen garatzen dira ‘Villegasko Euskaldunak’en, tartean, aurten hasitako ahalmen bereziko haurrentzako dantza klaseak. “Paregabeko eskarmentua da guretzat, pozik eta harro gaude aurrera eraman ahal izateagatik”, adierazi dio euskal etxeko lehendakari Diego Tellecheak EuskalKultura.com-i.

Gehiago irakurri...


Urteko Biltzarra egin du Mikel Irazusta buru izaten segitzen duen Bahia Blancako euskal etxe argentinarrak

2012/05/14

Mikel Xabier Irazusta, Bahia Blancako Union Vasca euskal etxeko lehendakaria Bere urteroko Ohiko Biltzar Nagusia egin du Bahia Blancako euskal etxea argentinarrak eta erakundeko araudiaren arabera Zuzendaritza Batzordea berritzeko bokak egin ondoren, Mikel Irazustak segitzen du elkarteko buru, lehendakari legez, berarekin batera batzordekide direla, besteak beste Javier Ederra, lehendakariorde; Maria Amelia Irastorza, idazkari; Juan Alberto Sosa, idazkariorde; Alicia Iriarte, diruzain; eta Iñaki Ederra, diruzainorde.

Gehiago irakurri...


Valladolideko Euskal Etxea estatuko ordezkari Euskal Etxeen 2012ko Nazioarteko Mus Txapelketan, Alaskan

2012/05/14

Bazkide bilkura Valladolideko Gure Txoko elkartean, artxiboko argazki batean Valladolideko Gure Txoko elkarteko muslari bikoteak irabazi zuen iragan maiatzaren 5ean Estatuko Euskal Etxeen Mus Txapelketa eta irailaren 21etik 29ra Alaskan izango dira, bertan jokatuko den Nazioarteko Euskal Etxeen Txapelketan parte hartzeko. Agustin Ormaechek eta Alberto de Antoniok Bartzelona, Madril, Valentzia Mallorca eta Salouko muslariak garaitu zituzten Bartzelonako Euskal Etxean jokatu zen finalean.

Gehiago irakurri...


Argazki lehiaketa, tailer, hitzaldiak eta ekimen gehiago elkartea laguntzeko bonoak salgai dauzkan Eusketxen

2012/05/14

Duela gutxi Gernikako Bonbardaketaren 75. urteurrenean Eusketxen egindako ekitaldian parte hartu zutenetako batzuk (argazkiaEE) Buenos Aires hirian, euskara eta euskal kultura sustatzeko lanetan segitzen du Eusketxe edo, izen osoz, Eusko Kultur Etxea erakundeak. Gaur bertan Euskal Herria ezagutzeko hasimasi tailer bati ekingo dio Mexiko 1880 helbidean duen egoitzan, baina larunbaterako Euskal Mitologia hizpide izango duen hitzaldia iragarri du eta baita ere, zenbait maiztasunez, euskal dantza tailerra eta proposamen gehiago, hala nola 'Euskal nortasuna' izeneko argazki lehiaketa. Aldi berean, Eusketxek, une ekonomiko latza pasatzen ari dela adierazten du eta lagundu nahi duenarentzat, elkarteak sostengu-bonoak salgai jarri dituela gogoratzen du.

Gehiago irakurri...


Bragado bisitatu du Constantino tenore ortuellarraz biografia idazten ari den Konrado Mugertzak

2012/05/14

Konrado Mugertza, Maria Amelia Dadet eta Aldo San Pedro Bragadoko alkatea, azken hau opari hartutako Athletic-en lepokoa soinean (argazkia EE) Munduko tenore handienetako izan zen bere garaian eta 200 bat grabaketa egin zituen, areto liriko garrantzitsuenak ere bisitaturik. Ortuellan jaio zen Florencio Constantino 1868an eta beste hamaika euskaldunek bezala jaioterria utzi eta Argentinara emigratu zuen, Buenos Aires probintziako Bragado herrian aurkituko zituelarik babesa eta bere karrera bideratzen lagundu zioten pertsonak. Gailurrean zegoela, bere izena hartuko zuen antzokia eraikitzea sustatu zuen Bragadon. Constantino Antzokia 1912an inauguratu zen. Horren Mendeurrenean gauden honetan, tenorearen biografia berri bat argitaratuko da Euskadin; horren prestaketan dabil Konrado Mugertza ikertzailea eta kari horretara bisitaldia egin du Bragadora, herriko alkatea eta bertako Danak Anaiak euskal etxea anfitrioi.

Gehiago irakurri...


San Frantziskon txalaparta jotzen ikasi nahi al duzu? Eman izena BCC-ek hasi berri duen ikastaroan

2012/05/11

Bi ikasle txalaparta jotzen SSFBCC-ren ikastaroan (argazkia ILLuzuriaga) San Frantziskoko euskal komunitateak eta hiriko musikazaleek euskal musika tresna zaharrenetako eta misteriotsuenetakoa jotzen ikasteko aukera bikaina du udaberri honetan, Basque Cultural Center-en hasi berri den txalaparta ikastaroari esker. Sei asteko ikastaroa da, eta Iñaki Lopez de Luzuriaga txalapartaria da irakaslea. Oraindik lekua dago ikastaroan eta parte hartu nahi duenak izena eman dezake, nahiz eta lehen eskola iragan apirilaren 24ean eman zuten.

Gehiago irakurri...


Quebec-eko Euskaldunak-ek zuzendaritza berritu du, proiektuetan laguntzeko lau aholkulari hautatuz

2012/05/11

Quebec-eko bandera eta ikurrina elkarturik Euskaldunak euskal etxearen Aberri Eguneko jaian (argazkia QuebecEE) Sasoi berrietara egokitzen ari da Quebec-eko Euskaldunak elkartea eta azken urteetan izan duen biziberritzeak isla izan du zuzendaritza batzordearen antolaketan. Iragan apirilaren 22an elkarteak Biltzar Nagusia egin zuen eta bertan euskal etxeko bazkideek zuzendaritza batzordeari lau aholkulari gehitzea erabaki zuten. Aholkulari hauek elkartearen ekimenetan laguntzea izango dute helburu. Biltzarraren ostean, bazkideek Aberri Eguneko jaiaz gozatu zuten.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia