2012/05/01

Iaz hasi ziren euskal etxeko eta erakunde akademikoko buruzagiak proiektuaren bideragarritasuna aztertzen. Ahalik eta jende gehienengana heltzeko asmoarekin, Tandilgo Gure Etxeak oinarrizko euskarazko ikastaroa sortzeko baliabideak eskaini zizkion UNCPBA edo 'Universidad Nacional del Centro de la Provincia de Buenos Aires' delako unibertsitateari. Unibertsitateak proiektua onartu eta ikastaroa maiatz honetan jarriko da abian. Euskara eskolak astearte eta ostegunetan izango dira, Valeria Aramburu irakasle.
Gehiago irakurri...
2012/04/30

Kaliforniatik idazten digu Stanford Unibertsitateko Euskara irakurle Iñaki Lopez de Luzuriagak, San Frantziskoko azken euskal ekitaldien berri emateko. Batetik, apirilaren 20ean bideo emanaldia egin zen Basque Cultural Center elkartean, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena dela eta. Bestetik, Kirmen Uribe idazle ondarroarrak hitzaldia eman zuen apirilaren 24ean Stanford University-n eta, "Bilbao-New York-Bilbao" eleberria aurkezteaz gain, era bikainean azaldu zuen Gernikan 1937an gertatu zena, bere familiaren istoriarekin uztartuz.
Gehiago irakurri...
2012/04/30

Zuzendaritza Batzordeko zenbait kargu berritu dituzte joan den larunbatean Buenos Aires probintzia argentinarreko Coronek Dorregoko 'Denak Elkarrekin' euskal etxean, tartean lehendakaritza bera, datozen bi urteko aldirako Juana Isabel Errazquinek hartu duelarik azken bi urteotan Maximo Corcuerak zeraman ardura hori. Datorren ekainaren 10ean hamar urte beteko dituen euskal etxe dorregotarreko zuzendaritza berrituko kide dira baita ere, besteak beste, Ernesto Errazkin, lehendakariorde gisa; Velia Olavarria, idazkari; eta Ana Maria Claverie, diruzain.
Gehiago irakurri...
2012/04/30

Eusko Ikaskuntzaren eskutik astean behin sareratzen den Euskonews albistari digitalaren azkeneko zenbakiak Itziar Aguirre sukaldari euskal argentinarra elkarrizketatu du. Rosarion jaioa, Itziarrek txikitandik bizi izan du euskal sukaldaritzaren arnasa, ama --Arantza Soraluce-- eta baita amona ere sukaldari onak izan baititu. Aurten ehun urte ospatzen ari den Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeko jatetxearen ardura du Itziarrek, baina bere jardun profesionalak telebista ere harrapatzen du, sukaldaritzaren hainbat dibulgazio saiotan partaide izan delarik. Ofizioa eta jatorria uztartuz, chef rosariotarrak 'Pilpileando Argentina' izeneko ekimena darama gaur egun, euskal sukalde-moldeen zabalkundea eta beharrean daudenekiko elkartasuna sustatuz FEVArekin lankide.
Gehiago irakurri...
2012/04/28

Munduko beste hamaikatxo euskal etxe eta euskal komunitaterekin bat eginez, Santiagoko Eusko Etxean ere Aberri Eguna ospatu dute 2012 honetan bere ehungarren urteurrena zelebratzen ari den Txileko euskal etxe dekanoko kideek, eta bertan oinarritua den ohitura bati segituz, ospatu ere Pazko asteko igandean ospatu dute, egun osoko egitarau batez. Txileko Euskal Abesbatzaren kantuez edertutako meza baten ondotik, jardunaldiak senidetasun bazkaria eta kantu, dantza eta mus saioak ere bildu zituen, giro ezinhobe bat lagun, txiletar hiriburuko Vicuña Mackennako euskal egoitzan.
Gehiago irakurri...
2012/04/27

Oso gaztea da Eusko Sustraiak elkartea, baina gogotsu ari da lanean. Duela bi urte sortu zen Patagoniako Comarca Andina del Paralelo 42ko Eskualde Andetarren eta, hastapena erraza izan ez bada ere, berri on batekin dator gaur: María Elena Morrás arduradunak jakinarazi digunez, bihar bertan euskal literatura gaua egingo du elkarteak Lago Puelo herrian. Euskal Herriko ipuin, poesia eta artea Patagoniako eskualde honetan ezagutarazteko aukera ederra izango da.
Gehiago irakurri...
2012/04/27

Makina bat edizio eta zenbait hizkuntzara itzulpenak izan ditu jada Juan Carlos Etxegoien 'Xamar' idazlearen "Orhipean" liburuak, eta Euskal Herriaren historia eta kulturari buruzko dibulgazio lan ezagunenetakoa bihurtu da. Aurten, Bartzelonako Euskal Etxeak katalanera itzuli du eta "Orhipean. El país de la llengua basca" izenburuarekin plazaratu du Pamiela argitaletxearekin batera. Xamar Bartzelonan izan zen Sant Jordi egunean, Ramblen pasealeku ezagunean liburuaren aleak sinatzen Euskal Etxeak gonbidatuta.
Gehiago irakurri...
2012/04/27

Hegazki nazi eta faxistek, Francoren zerbitzura, Euskal Herriko zenbait herri bonbardatu zituzteneko 75. urteurrena ari gara oroitzen egunotan: Gernika, Durango, Eibar, Elorrio. Horietako bat, Durango bere sorterrikoa, ezin hurbilagotik bizi izan zuen Maritxu Irazabalek, eta hala kontatzen digu, bere 102 urtetan, Argentinako Diasporatik. Adin horretan, hainbat gertakariren lekuko izan da Maritxu Euskal Herrian nahiz Argentinan eta argi du gogoan Durangotik Buenos Aires probintziako Mar de Ajo-rako bidean bizi izandako guztia. “Bonbardaketaren ostean Bilbora joan nintzen eta hor Justo Garate medikuarekin egin nuen topo. Durangotik ezagutzen nuen eta berak esan zidan ‘Nahi duzu nire familiarekin Belgikara joan?’ ‘Edozein tokitara. Gerra honetatik edozein tokitara, ez dut nahi hemen bizi’ erantzun nion nik”, esan digu. Eskertu nahi diogu Teresa Zavaletari lekukotasun hau hona ekartzeko eman dizkigun erraztasunak.
Gehiago irakurri...
2012/04/27

Rosarioko Emakume Abertzale Batzak Urteroko Biltzar Nagusia egin zuen apiril hasieran Banderaren Hirian eta estatutuek agindutakoari jarraiki Zuzendaritza Batzordea berritzeko bozketa egin zuen, ondorioz Maria Cristina Mercado berriz ere hautatua izan delarik elkarte historiko honetako lehendakari, lagun izango dituela Cintia Lassalle, lehendakariorde, eta gainerako batzordekide Maria Cristina Arregui, Mercedes Balbuena Rios, Maria Asuncion Echaniz eta Jessica Lassalle.
Gehiago irakurri...
2012/04/27

“Gure ekimenarekin saritu nahi ditugun balioak ardura, ahalegin pertsonala, langilea izatea eta komunitatearen alde elkartasunez jokatzea dira” adierazi dute Tres Arroyosko Hiru Erreka Euskal Etxeko arduradunek, gehituz "gure ustez, horrek guztiak gizartearen eredu bihurtzen ditu"ela. 2012ko sarituak, aurreko edizioetan bezala, Buenos Aires probintziako euskal elkarte honetako kideek hautatu eta zeremonia batek dotoretuta instituzioaren egoitzan eginiko sari-emate ekitaldian eskuratu die, apirilaren 21ean, hiriaren urtemuga programaren baitan.
Gehiago irakurri...