euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporako prentsa albisteen digitalizazioak pauso berria emango du eta euskal etxeetako gazteak partaidetuko

2007/11/19

Euskal Astean Josu Legarretak, Mariluz Artetxek eta Raúl Bereciartuak aurkeztu zuten ekimena Ekimenaren helburua Ameriketako egunkarietan azken 100 urteetan euskal Diasporari buruz agertu diren albisteak bildu eta digitalizatzea da. Asmo hori nola burutu finkatzeko Eusko Jaurlaritza, FEVA, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Argentinako Hegoaldeko Unibertsitatea bildu ziren iaz. Orain Buenos Aires, La Plata, Rosario, Tandil, Mar del Plata eta Cordobako Unibertsitateek eta beste zenbait euskal etxeek ekimenean parte hartzeko gonbitea jaso dute. Erakunde hauetako gazteak izango dira bildutako materiala euskarri digitalera pasatzeko arduradunak eta horretarako trebakuntza ikastaro bat jasoko dute bi aste barru.

Gehiago irakurri...


EuskalKultura.com-ek Durangoko Azokan izango duen stand-a eskaini die euskal etxeei eta Diasporako ekimenei

2007/11/19

Iaz ipinitako stand-aren ikuspegia Abenduaren 5etik 9ra bitartean irekiko ditu aurten ateak Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka eta, iaz bezala, EuskalKultura.com-ek stand-a zabalduko du bere baitan, Diasporaz eta Pirineo magaleko Euskal Herritik kanpoko euskaldunei buruzko irudiak, materiala eta informazioa eskuragai ipiniz. Euskal etxeei eta Diasporako ekimenei eskaintza egin die EuskalKultura.com-ek, hala nahi badute stand-a euren produktu eta ekintzen erakuslehio gisa erabil dezaten, beti ere Diasporako euskaldunen lana Euskal Herrian gero eta ezagunagoa izan dadin laguntzearren.

Gehiago irakurri...


Euskarak, katalanak eta galegoak Europa eleanitzaren alde esanez bukatu dute Expolinguan izan duten partaidetza

2007/11/19

Galizia, Euskadi eta Kataluniako hizkuntza politika arduradunak, asteburu honetan Berlinen Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Paquita Sanvicén, Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikako Planifikazio eta Sustatze zuzendariak, eta Marisol Lopez Galiziako Xuntako Hizkuntza Politikako idazkari orokorrak parte hartu dute hizkuntzen nazioarteko azokaren itxiera-ekitaldian, asteburuan Alemaniako hiriburuan. Carlos Perez-Nievas Hezkuntza kontseilari nafarra ere Berlinen izan da, Euskararen Nafar Institutu sortu berriak Expolinguan ipinitako euskararen standa bisitatzen.

Gehiago irakurri...


Euskadiko bikoteak bereganatu du Argentinako Mar del Plata hirian egin den Nazioarteko XXX. Mus Txapelketa

2007/11/19

Munduko txapeldunak (arg. Ricardo Flavio Fantino) Iñaki Abendibar eta Angel Rivero bikoteak, Euskadi ordezkatuz, irabazi du Mar del Platan egin berria den Nazioarteko XXX. Mus Txapelketa. Guztira hamaika herrialdetako ordezkariak bildu dituen norgehiagoka azaroaren 3tik 11ra gauzatu da Buenos Aires probintzia hegoaldeko bainutegi-zentru den hiri honetan. Txapeldunordeak Kanadako Txomin Azpiri eta Pedro Onaindia izan dira. Partehartzaileak zein antolatzaileak pozik agertu dira astebetean bizi izan duten giro eta esperientzia aberatsarekin.

Gehiago irakurri...


Lau euskal etxeetako koruek hartuko dute parte gaur Tandileko 'Gure Etxea'ren V. Abesbatz Topaketan

2007/11/17

Gure Abestiak koruaren emanaldia Tres Arroyoseko Euskal Etxean (argazkia HiruErrekaEE) Tandileko Euskal Etxeak bere sorreraren 58. urteurrena betetzen du egunotan eta data hau ospatzeko prestatu dituzten ekitaldien artean, euskal elkarteak bosgarrenez antolatzen duen Abesbatz Topaketaren txanda heldu da gaur. Topaketan lau euskal etxetako koruek hartuko dute. Hauek dira: Tandileko Gure Abestiak, Coronel Pringleseko Eusko Alaiak abesbatza, Cañuelaseko Denak-Bat korua, eta Azuleko Euskal Bihotzak.

Gehiago irakurri...


Euskarak presentzia bikoitza ukanen du gaur hasi eta igandera arte Berlinen garatuko den Expolingua Azokan

2007/11/16

Alemana, espainola, katalana, euskara eta galegoa alderatzen zituen klasea Expolinguaren iazko edizioan (argazkia, Expolingua) Aurreko urteotan bezala, euskarak presentzia ukanen du gaur hasi eta datorren igandera arte Berlinen gauzatuko den Expolingua hizkuntzen Azokan. Honakoan, ordea, presentzia hori gutxienez bikoitza izango da, ohiko Eusko Jaurlaritzakoaz aparte --aurten Galiziako Xunta eta Kataluniako Lull Institutuarenarekin batera eratua-- Nafarroako Gobernuak ere bidali baitu ordezkaritza eta erakustokia ipiniko baitu bertan, Nafarroako Euskararen Institutu sortu berriak. Hezkuntza kontseilari nafarra ere, Carlos Perez-Nievas, bertaratuko da Azokara eta, Jaurlaritzaren aldetik, presentzia instituzionala Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Lorea Bilbao Kultura aholkulariak ekarriko dute.

Gehiago irakurri...


Paueko 'Lagunt eta Maita'k 40 urte bete ditu eta Izar Bide aurkeztuko du, erbesteratzea dantza eta kantuz kontatua

2007/11/16

Edu Muruamendiaraz koreografo eta dantzari bergarar ezaguna (argazkia eitb24.com) Lagunt eta Maita Paueko Euskaldunen Elkarteak berrogei urte bete ditu eta “Izar Bide” ikuskizun berezia aurkeztuko du gaur urteurrena ospatzeko. Dantzek eta kantuek osatutako erakustaldia aurrera eramateko ehun pertsona baina gehiago aritu dira lanean ia urtebetez. Emaitza gaur ikusi ahal izango den ikuskizun landua izan da, erbesteratzearen aipamen poetikoa. Bertan oso modu berezian azalduko dute Euskal Herriko puntu desberdinetatik Diasporara emigratu zutenek bizitakoa eta nola zabaldu diren euskaldunak gaur egun arte.

Gehiago irakurri...


Hogeita bat euskal etxe argentinarreko ordezkariak bildu ziren FEVAk antolaturiko Kultur Trebakuntza Tailerrean

2007/11/16

Joan den asteburuan Laurak Bat-en eginiko Kultura Lantegian parte hartu zuten lagunak Joan den asteburuan, Maria Blanca Irusta irakasleak koordinaturik, FEVAk Kultura Tailer bat bideratu zuen Buenos Aireseko Laurak Bat-en. Tailerraren helburua, "euskal identitatea zabaldu eta honi buruzko gogoeta bultzatzea" zen. Taldeka eta bakarkako lana egin zuten ikastaroan parte hartu zutenek, hainbat gai aztergai. María Blanca Irustak positibo baloratu du esperientzia, "ideia ezberdinak errespetuz eztabaidatu ditugulako, gazte eta helduen ekarpenen aberastasunagatik eta ekimenak berak piztu zuen interesagatik", laburbildu dio EuskalKultura.com-i.

Gehiago irakurri...


Viedma eta Patagoneseko Euskal Etxeak hamaika urte bete ditu eta ospatzeko hitzordua finkatu du biharko

2007/11/16

Iazko argazkian, festa amaiera den dantzaldia Badira hamaika urte Viedma eta Patagoneseko euskaldunak biltzen dituen 'Beti Aurrera Aberri Etxea' Euskal Etxea sortu zenetik. Urte berri bat betetzen duten bakoitzean festa jendetsua prestatzen dute bertakoek eta aurten ere jaialdi ederra antolatu dute biharko, afaria hain zuzen, Necocheatik etorriko den 'Otxote Osasuna'ren partaidetzaz, dantzaldi herrikoiaz amaitzeko, jendeak gau gogoangarria pasa dezan. Hitzordua, gaueko bederatzi t'erdietatik aurrera izango da, Viedmako Mutual Obreros de la Cosntrucción delako aretoan, eta bertara herritar guztiak daude gonbidatuta, euskal jatorrikoak izan ala ez.

Gehiago irakurri...


Bolivar-eko Nafar Etxeak Nafarroako Gobernuaren laguntzak banatu ditu herriko zenbait elkarteren artean

2007/11/16

Alegrias Eguneko Zentroko ordezkaria zegokion laguntza jasotzen Bolivar-eko Nafar Etxean (argazkia Diario la Mañana) Bolivar-eko Nafar Etxeak, Buenos Aires probintzia argentinarrean, zenbait dirulaguntza banatu ditu joan den azaroaren 2an herriko zenbait proiektu eta gizarte ekimenen artean, ia 40.000 peso argentinar orotara. Dirulaguntzak Nafar Etxean eginiko ekitaldi batean banatu ziren, Miguel Angel Lasa erakundeko presidentea buru, zuzendaritza batzordeko kideen aurrean eta laguntza hartu behar zuten honako elkarte onuradunetako ordezkariak bertan: Alegrías Eguneko Zentroa, ALCECAB, Asisko San Frantzisko Jantokia, San Carlos Zaharretxea eta ITO Nesken Etxea.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia