euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Dave Bieter euskalduna beste lau urtez izango da Boiseko alkate; botoen %63.6 lortu du eta errepublikarrak %35.7

2007/11/08

Bieter alkate berrautatuak Boiseko Euskal Etxeko areto nagusiak bildu zituen bere zaleak hauteskunde gauean. Bertatik segitu zuten bozketaren emaitza (argazkia Michael Zuzel) Duela lau urte, 2003ko azaroko bigarren asteartean Dave Bieter-ek ilea moztu zuen eta pala partida bat jokatu zuen bere anaia Chris-ekin. Hori hautalekuak itxi aurretik izan zen, eta emaitzak ateratzen hasi baino lehen. Davek pilotalekuan irabazi egin zuen gau hartan eta garaipena errepikatu egin zuen hauteskundean ere. Beraz, zortea ekarri zion bideari eutsiz, 2007ko azaroko bigarren asteartean, Davek ilea moztu eta berriz ere frontoira joan da anaiarekin. Eta berriro ere pilotan irabazi eta hauteskundea ere irabazi egin du. Alkatearen esanetan, anaia Chrisek ez dio irabazten utzi eta agerian da bestela ere patua alde duen gizona dela.

Gehiago irakurri...


Benoit Etxeberri: 'Azkarateko Diasporaren Zentrua ez da museoa izango, munduko euskaldunentzako etxea baizik'

2007/11/08

Azkarateko jauregia, berriz ere egoera egokian ipintzeko bidean (arg. EuskoSare.org) Zortzi Probintziak irratsaioaren gidaria eta Iparraldeko EuskoSareren koordinatzailea izateaz gain, Benoit Etxeberri lapurtarra Azkaraten Euskal Diasporaren Nazioarteko Zentrua egiteko ekimenaren bultzatzaileetako bat ere bada. Zentrua Nafarroa Behereko Azkarate herriko jauregian egingo dute eta 2009ko martxorako prest egongo omen da. Bertan Euskal Herria ezagutzera datozen euskaldunak eta Diasporari buruz ikasi nahi duten lagunak hartuko dituzte.

Gehiago irakurri...


Euskal kultura protagonistetako bat aurten ere Uruguaiko Salton urtero ospatzen den Immigrantearen Astean

2007/11/08

Saltoko Euskaldunen artxiboko argazkia Saltoko Immigranteen Batasuna osatzen duten elkarte eta gizataldeetako kideek 'Saltoko Euskaldunen Taldea' Euskal Etxearen egoitzan eginiko afari batekin hasi zuten joan den larunbatean Uruguaiko hiri horretan urtero egiten den Immigrantearen Astea. Hitzaldiak eskoletan, Saltoko aberastasun kultural eta etnikoari buruzko film emanaldiak eta stand-ak, janari eta jateko molde tradizionalekin dira besteak beste ekitaldiak bisitariei iganderaino egingo dien eskaintza. Gaur iluntzean bertan, zine emanaldia zortzietan Euskal Etxean.

Gehiago irakurri...


Sustraiak taldeak 28 urte bete ditu euskara eta euskal kultura sustatuz Frantziako hiriburuan Eskual Etxetik

2007/11/07

Sustraiak taldearen euskara ikastaro bat Sustraiak, Pariseko Eskual Etxeko euskara taldeak, bere sorreraren 28 urte beteko ditu asteburuan. Hiru hamarkada ia, Frantziako hiriburuan euskara zabaltzen: ikasle gehienak euskal jatorrikoak izan dira, baina urte hauetan izan da ere euskarara bildu den japoniarrik edota egiptoarrik, esaterako. Urteurrena ospatzeko ekitaldi ugari antolatu dituzte Sustraiakekoek: Itxaro Borda idazlearen eta Patxi Baztarrika Hizkuntz Politikarako sailburuordearen mintzaldiak, mahainguruak, afariak eta irakasle eta ikasle ohien topaketa, besteak beste.

Gehiago irakurri...


Eusko Jaurlaritzak 'Pixka bat es mucho' kanpaina abiarazi du: Ausartu euskaraz, uste duzuna baino gehiago dakizu!

2007/11/07

'Pixka bat es mucho' ekimenaren irudia Euskararen erabilpena bultzatzea euskaldun zahar zein euskaldun berrien artean, horixe da 'Pixka bat es mucho' kanpainaren helburua. Eusko Jaurlaritzak jarri du abian ekimena eta Euskararen Eguna bitartean (abenduaren 3a) Euskal Herriko txoko eta bazter guztietan euskara lotsarik gabe erabiltzeko mezua zabalduko du. Kanpainaren barruan Ukan pintxoa sortuko dute, Euskal Herriko taberna eta jatetxeetan ere --Diasporakoak barne-- euskararen aldeko 'birusa' kutsatuko duena.

Gehiago irakurri...


New Yorkeko Eusko Etxeak Oreka TX-eko txalapartariak errezibitu eta Nomadak TX filma eskainiko du larunbatean

2007/11/07

Igor Otxoa eta Harkaitz Martinez de San Vicente Oreka TX-eko partaideak (argazkia cinefforum) Igor Otxoak eta Harkaitz Martinez de San Vicentek, Oreka TX taldeko txalapartariek, New York-era bidaiatu eta bertako Eusko Etxea bisitatuko dute datorren asteburuan. Larunbatean, hilak 10, euskal perkusio instrumentua bilakatuko da Eusko Etxeko protagonista. Lehenengo 'Nomadak TX' dokumentala eskainiko dute eta ondoren Oreka TX taldea arituko da zuzenean, bitartean pintxoak dastatzeko aukera egongo delarik. Igandean, berriz, 'Nomadak TX' filmak New Yorkeko Margaret Mead Film eta Bideo Jaialdia itxiko du.

Gehiago irakurri...


Eibarrek euskal futbol talde batek Txinan zabaltzen duen lehen peña ireki zuen joan den larunbatean Shanghain

2007/11/07

Peña berriko bazkideak taldearen ikurrekin argazkia ateratzen Shanghain (argazkia Z. Aldama-DV) Ez dago zertan merenge (Real Madrid) edo culé (Bartzelona) izan beharrik Txinan zeure futbol ekipo bereko zaleturik aurkitzeko. Espainiako Ligako bi talde handi horiei askoz apalagoa den Eibar Kirol Elkartea bildu zaie, eibartarrek euskal talde baten lehenengo peña sortu baitute Txinan. Kopuruz ez diete itzalik egingo galaktikoei --hogei bazkide baizik ez dira--, baina zarataka ez daukate parerik. Bekham-i argazkiak mugikorrez ateratzen dizkioten begi okerreko neskatilarik ez daukate oraindik euren baitan, baina euskaldun taldetxo honek emango du zer esanik. Shanghain bederen, Txinako hiriburu ekonomikoa den honetan egin baitzuten joan den larunbatean peñaren aurkezpen ofiziala, Aupa Eibar oihua lagun, eta bertakoen harridura begiradapean. Zigor Aldamak sinatu du kronika El Diario Vascon.

Gehiago irakurri...


Emozioz beteriko dantzaldiarekin ospatu zuen Montevideoko Eusko Indarra taldeak bere 25. urteurrena

2007/11/06

Altsasuko ihauterietako dantza aurkeztu eta dantzatu zutenekoa 25. urteurreneko jaialdian Montevideoko Eusko Indarra dantza talde uruguaiarrak bere sorreraren 25 urteurrena ospatu du, taldean aritutako kide eta lagunak bildu zituen ekitaldi jendetsuarekin. Urtebetetze festa bikaina eskaini zuen taldeak, dantza-ikuskizun aparta, Zazpi Probintziotako molde ugaritasuna aurkeztuz, eta Eusko Indarraren sasoi ona erakutsiz. Euskal dantzen zirrara sentiarazi zuten dantzariek eta eurak eta ikusleak dantzan bukatu zuten ospakizuna.

Gehiago irakurri...


Arantxa Urretabizkaia eta Joseba Gabilondo Kaliforniako Unibertsitateko Global Conversations topaketan partaide

2007/11/06

Joseba Gabilondo, N'Gugi wa Thiong'o, zentruko zuzendaria, eta Arantxa Urretabizkaia Arantxa Urretabizkaia idazle donostiarra eta Joseba Gabilondo filologo eta irakasleak euskal literaturaren lekukotasuna eraman zuten Global Conversations topaketara. Irvine Kaliforniako Unibertsitateak antolatzen du topaketa eta joan den hileko 24, 25 eta 26an mundu osoko hizkuntza gutxituetako literatura adituak eta idazleak bildu zituen. Joseba Gabilondo eta Arantxa Urretabizkaia ‘Europako Ahotsak’ izeneko mahainguruan aritu ziren.

Gehiago irakurri...


2008an amaituko da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eliz artxiboen digitalizazioa; Jardunaldiak aste honetan Bilbon

2007/11/06

Etzi eta etzidamuko Jardunaldietako afixa Aurrerapen sinestezina da: Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan arbasoak dauzkaten euskaldunek internetez kontsulta ditzakete hiru elizbarruti hauetako artxikoetako datuak eta, zorte pixka batekin, oso denbora gutxian lortu euren aiton-amonen, edo aiton-amonen aiton-amonen datuak, lehenago egun, aste edo hilabatetako lana zen zerbait. Digitalizazioa, berez, 2008an amaituko da baina edukiaren ia erdia sarean dago, kontsultatzeko moduan, Trentoko Kontzilio aurretik 1901. urteraino. Elkarretaratzea egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian datozen ostegun eta ostiralean digitalizazio horretaz eta bere zabalkundeaz mintzatzeko.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia