euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ibarretxek Euskal Etxea bisitatuko du gaur, sei egunez Mexikora egiten ari den bidaian: egitarau eguneratua

2007/10/27

Mexiko DFko Euskal Etxearen sarrera nagusia Gaur DFko Euskal Etxera egingo duen bisitarekin hasiko du Ibarretxe lehendakariak sei egunez Mexikora garatuko duen egonaldia. Egitarauak azken orduko aldaketak izan ditu eta horiek ere bildu ditugu datozen lerrootako informaziora. Gaur Euskal Etxera egingo duen ikustaldiarekin hasi eta datorren ostegunean Calderón presidente mexikarrarekin izango duen elkarrizketarekin amaituko da Ibarretxeren bidaia mexikar ofizial hau.

Gehiago irakurri...


Euskal Kultura ikastaroek harrera ona izan dute Mexikon eta lau unibertsitatetara hedatu dira dagoeneko

2007/10/26

Gurutzne Etxeberria irakaslea DFko bere ikasleekin klaseetako batean (argazkia Gaztezulo) Eusko Jaurlaritzak munduko hainbat unibertsitatetan bultzatzen dituen Euskara eta Euskal Kultura ikastaroek erantzun oso ona izan dute Mexikon eta gero eta ikasle gehiago ari dira biltzen. Ikasturte honetan lau unibertsitatek eskaintzen dituzte: Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoak, DFko Unibertsitate Iberoamerikarrak, Monterreyko Teknologikoak eta Pueblako Unibertsitate Iberoamerikarrak. Gurutzne Etxeberria amezketarra eta Gorka Larrañaga azkoitiarra dira irakasleak.

Gehiago irakurri...


Gorka Larrañaga, euskara irakasle Mexikon: 'Hizkuntz indigenak dakizkitenek errazago ikasten dute euskara'

2007/10/26

Mexikon irakasle ari den Gorka Larrañaga  (lehenengoa zutik eskubian) bere ikasleetako batzuekin Gorka Larrañaga azkoitiarrak bi urte daramatza Mexikon, eta Arte Ederretako ikasketak burutzera etorri bazen ere, orain Euskara eta Euskal Kultura Ikastaroetako irakasle bezala dabil buru-belarri, bere kultura mexikarrekin partitzeko lanetan. 'Euskaldun eta euskal kulturaren parte eta eragile naizen heinean, gure errealitatearen ikuspegi hori helarazi nahi diet ikasleei', agertu dio EuskalKultura.com-i.

Gehiago irakurri...


1833an Argentinara emigratutako Goizueta-Latassatarren ehundik gora ondorengo bildu dira B. Aires probintzian

2007/10/26

Francisco Rosales y Cabral, María de las Mercedes "Marilusa" Cabral eta Pedro Glessner topaketan (argazkia Fernanda Goizueta) Deialdiak Salta, Formosa, Santa Fe, Córdoba, Mar del Plata eta La Pampa-tik etorritako senideak biltzea lortu zuen Villa Elisa herriko Cabaña El Rincón-en, Buenos Aires probintziako La Plata hiriburu aldean. Ez ziren falta izan ikurriñak ezta Argentinako banderak ere. Zuhaitz genealogiko erraldoi bat ere ipini zuten pareta batetan. Fernanda Goizueta antolatzaileak Euskalkultura.com-i adierazi dionez “topaketak harremanak estutzeko balio izan du dudarik gabe, bai aldez aurretik ezagutzen zirenen artean eta are gehiago ezagutzen ez zirenen artean”.

Gehiago irakurri...


Oscar Esparza, Hegoko Nafar Etxeko buru: 'Nafarroak ez dauka antzik nire aitak esaten zuen landa eskualdearekin'

2007/10/26

Oscar Esparza Parrilla, Argentina eta Txileko Nafar Etxeetako presidentea, Nafarroara eginiko azkeneko bidaian, emaztea alboan (argazkia DDN) Argentina eta Txileko Nafar Etxeetan biltzen diren nafarrek buruzagitza aldatu zuten joan den abuztuan. Oscar Esparza, Mar del Platan egoitza duen Hegoko Nafar Etxeko presidentea, hautatu zuten Argentina eta Txileko sei nafar etxeetako presidente, lekukoa hartuz bi kargu horiek uztatuak zituen Marcelo Domingori. Hona Oscar Esparzak, 17 urte zituela San Martin Unx utziz 'Amerikak egitera' abiatu zen emigrante baten Argentinan sortu semeak, Diario de Navarra-rekin eginiko solasa.

Gehiago irakurri...


Ibarretxe lehendakaria Mexikoko presidente Felipe Calderonekin bilduko da bihar hasiko duen bidaian

2007/10/25

Ibarretxe lehendakaria Mexikoko Euskal Etxean, 2003an bertara egin zuen bisitan (argazkia vascosmexico.com) Juan Jose Ibarretxe lehendakaria bihar bertan abiatuko da Mexiko aldera eta sei eguneko egonaldia egingo du bertan. Bidaiako hitzordu nagusienetako bat, ezbairik gabe, Felipe Calderón mexikar presidentearekin egingo duen bilera izango da. Euskal agintaria Mexiko Hiriko Euskal Etxean ere izango da, elkartearen mendeurrena ospatzeko eta bertako euskaldunak agurtzeko. Aldi berean, Ibarretxe EmpreBask, Mexikoko euskal enpresarien elkarte sortu berriko arduradun eta bazkideekin bilduko da.

Gehiago irakurri...


ENE: Azaroaren 10a arte zabalik da Diasporan euskararen alde diharduten taldeen izenak proposatzeko epea

2007/10/25

ENE sarien logoa, Nestor Basterretxeak diseinatuta Eusko Ikaskuntzak ENE saria banatuko du aurten ere Euskararen Nazioarteko Egunean, abenduaren 3an. Euskal Herritik kanpo euskararen alde egiten duten erakundeak saritzea du helburu ekimenak. Hautagairen bat aurkeztu nahi duenak azaroaren 10era arte du epea. Hautagaitzak EuskoSareren webgunera bidali beharko dira, pertsona edo taldearen jardueren laburpen batekin. Iaz, estraineko edizioan, Mar del Plata hiri argentinarreko Artaburu Talde Euskaltzalearen lana nabarmendu zuen sariak.

Gehiago irakurri...


Rafa Ruedak eta Edorta Jimenezek Lauaxetaren omenezko kontzertu-irakurraldia emango dute Erroman

2007/10/25

Rafa Rueda euskal musikaria Associazione Culturale Euskaraelkarteak eta Erromako Upter Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura Sailak Estepan Urkiaga, 'Lauaxeta', poetaren omenezko errezitaldi-kontzertua antolatu dute igande honetarako. Bi euskal artista Erroman izango dira ekitaldi hau gidatzeko: Rafa Rueda musikari eta konpositorea eta Edorta Jimenez idazlea. Sarrera doan izango da.

Gehiago irakurri...


Biographical Dictionary of Idaho Basques liburuak estatu horretako ia 10.000 euskal amerikarren berri jasoko du

2007/10/24

Idahoko artzainen hiru belaunaldi: Victor Echevarria, Henry Achurra iloba ardi gainean eta  Santiago Achurra suhia (argazkia Idaho State Historical Society) Duela hamar urte 'Euskaldunak Mexikon' liburuarekin egin zuen antzera, Koldo San Sebastian kazetari eta produktorea Idahoko ia 10.000 euskaldunen bizitzen berri emango duen liburua prestatzen ari da. Berarekin batera Argitxu Camus, Patty Miller eta John Bieterrek osaturiko taldea ari da lanean. Liburua abendu aldean argitaratzeko asmotan dira, euskaraz eta ingelesez. Ondoren Nevada, Oregon, Utah, Washington State eta Wyoming-eko hiztegiak etorriko omen dira.

Gehiago irakurri...


Renoko Unibertsitatean urtebeteko egonaldia egiten ari dela Bernardo Atxagak bere blog propioa jarri du abian

2007/10/24

Bernado Atxagaren blogaren azala Bernardo Atxaga idazlea Estatu Batuetan da bere lan berria prestatzen baina euskal literaturaren radarretik desagertu nahi ez eta bere blog-a ireki berri du. Bertan Atxagak eguneroko gogoetak islatzen ditu eta baita ere Estatu Batuetako egonaldi honetako pasarteak. Blogaz gain idazlearen webguneak Atxagari buruzko azken berriak ekartzen dizkio bisitariari. Horietako bat, adibidez, 'Soinujolearen Semea' eleberriaren danierazko bertsioaren argitalpena.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia