euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2026-27ko Euskara klaseak: eskaintza zabala, aurrez aurre eta on line, euskal etxeetan, unibertsitateetan eta HEOetan

2026/09/29

2026-27ko euskara eskolen eskaintza Ipar Hemisferioan
2026-27ko euskara eskolen eskaintza Ipar Hemisferioan

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Iraila bukatzen ari da eta euskara eskolak ematen dituzten euskal etxeetan antolatu edo abiatu dituzte dagoeneko 2026-2027 ikasturteko klaseak eta adierazi euren bazkide, lagun eta izena emandako ikasle berriei euskara ikasi edo hobetzeko plan eta ordutegiak. Hau Ipar hemisferioan, Argentina eta Hego Konoa bezalako lekuetan ez baita honela eta ikasturteak urte naturalak baitira, urtearekin hasi eta urtearen bukatzen direnak. Baina bai Europa eta Ipar Amerikan. Bertako euskal etxe eta zentroetako batzuetan hasiak dira klaseekin, eta beste batzuetan aste honetan bertan sartuko den urrian egingo dute, izan Euskal Herri bertako irakasleekin baina gero eta gehiago Etxepare Institutuak kudeatzen duen Euskara Munduan programan trebatutako tokiko iraskasleekin. Hona irailean hasitako edo urrian hastear diren ikastaroetako batzuk:

Madrilgo EEko euskaltegian aste honetan hasi dira eskolak, ikasle helduentzako maila guztiak eskainiz; aurrez aurreko zein on line klaseak dira eta baita Mintza taldeak ere. 4 eta 12 urte bitarteko umeentzako eskolak ere eskaintzen ditu Madrilgo Euskaltegiak. Informazio gehiago eta izena emateko, hemen. Euskal Etxetik kanpo, Madrilgo Hizkuntzen Eskola Ofizialean (EOI) ere ikas daiteke. Informazioa, hemen. Bartzelonako Euskal Etxean urriaren lehenengo astean hasiko dira ikastaroak eta ekainean amaituko. Maila guztietako taldeak daude, ordutegi zabalarekin. Mintza taldeak, barnetegiak eta umeentzako klaseak ere bai. Informazioa, hemen. Madrilen bezala, Bartzelonan ere badago Hizkuntzen Eskola Ofizialaren eskaintza. Ikusi hemen. Valentziako EEak ere ekingo die eskolei urriaren lehenengo astean. Izena ematea irailaren amaieran bukatuko da eta Euskal Etxeko bazkideek deskontua izango dute. Klaseak Peu de la Creu 8 helbidean emango dira. Informazioa eta izena ematea, hemen.

Pirinioetako beste aldean, Bordeleko Euskal Etxeak aurrez aurre eta on line –azken hau Euskara Munduan plataformaren bidez– eskainiko ditu eskolak. Eta halaxe aurkeztu zien interesatuei joan den ostegunean antolatutako topaketan. Klaseak aste honetan hasiko dira. Xehetasunak, hemen. Tolosako (Toulouse) Denak Bat ere inauguratuko du aste honetan euskara ikasturtea. Hasierako eta bigarren maila eskainiko ditu irailaren 28tik aurrera. Informazioa, hemen. Parisen ere ikas daiteke euskara. Lau maila eta astean bi ordu. Informazioa eskatu hemen. Bruselako Euskal Etxean Nia irakaslea arduratzen da euskara eskolez; on line dira eta A1, A2, B2 eta C1 mailakoak. Euskara Munduan programako materialarekin lan egiten dute eta asteroko gaiekin lotutako mintza saioak ere badaude goi mailako ikasleekin. Informazio gehiago, hemen.

Amerikako Ipar Hemisferioan, Estatu Batuetan hain zuzen, NABO erakundea eta Boiseko Basque Museum arduratzen dira euskara ikasteko eskaintzaz. Mexiko hirian, berriz, bertako Euskal Etxeak eskainiko ditu klaseak, urriaren 6tik aurrera. Ikusi hemen. Eta Trujillon, Peru, hasierako talde berri bat hasiko da, on line, eta han ere urriaren lehenengo astean. Informazioa hemen.

Gogora dezagun Argentinan, eta oro har Hego Amerikan, martxoan hasten da ikasturtea eta abenduan –Euskararen Eguneko ospakizunarekin batera– bukatu ohi da. Munduko unibertsitateetako irakurletzetan ere hasten ari dira klaseak aste honetan. Ikastaro hauetako informazioa, Etxepare Euskal Institutuan.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia