Bahía Blanca, Argentina. Etxepare Euskal Institutuak eta FEVAk bultzatzen duen Euskara Munduan programaren Argentinako kapituluak Hego Hemisferioko beste neguko barnetegi bat gehitu dio bere ibilbideari. Joan den asteburuan amaitu da Bahía Blancan zortzi egunez luzatutako topaketa. Argentinako zenbait euskal etxetako 14 euskara irakaslegai bildu dira bertan, urtean zehar modu birtualean, plataforma baten bidez, landutako B1 maila finkatzeko asmoz.
Mintzamena indartzea helburu nagusi, zazpi orduko eskolak eta jarduera osagarriak uztartu dituzte egunero. Klaseekin batera, programa zabala garatu dute euskara praktikatzeko proposamen ludikoak sartuz, tartean mus tailerra, zinema emanaldiak, euskal literaturari buruzko solasaldi bat, liburu trukea eta maila ebaluatzeko azterketa ere. Anabel Jaureguiberry eta Inés Olazabal euskalargentinarrak aritu dira irakasle.
Ikasgelan, jangelan eta lekuoro bizikidetza eta komunikazio osoa euskaraz egitea helburu
Ekimenaren koordinatzaile, Gabriela Mendia, FEVAren aldetik, eta Euskara Munduan programaren arduradun Kinku Zinkunegi. Zinkunegik bertatik bertara jarraitu du prozesua, eta “esperientzia borobila” atera dela nabarmendu du. Taldearen giro ederra eta lan egiteko moldea ez ezik, Bahía Blancako euskal etxeak eskainitako harrera ezin hobea ere azpimarratu ditu. “Zoragarria! Oso ondo hartu gaituzte eta ez dugu ezeren faltarik somatu, primerakoa izan da”, adierazi dio asebete EuskalKultura.eus-i.
Hurrengo geltokia, Lazkao
Talde honen trebakuntza ibilbideak Euskal Herrian jarraituko du. Zinkunegik aurreratu duenez, irakaslegaiak egonaldi bat egitekoak dira Gipuzkoan, Lazkaoko Maizpide barnetegian 2027ko urtarril eta otsailean. Argentinara itzuli ostean, hurrengo helburu akademikoa B1 eta B2 mailak egiaztatzeko azterketak izango dituzte 2027ko erdialdean, Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxean.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


