euskal diaspora eta kultura
2009/03/26
Boiseko euskal komunitateak Euskal Gau bat antolatu zuen herriko Idaho Stampede taldearekin batera. Boiseko Ikastolako umeek jokalariei harrera egin zieten eta Oinkariko dantzariek aurreskua eta beste dantza batzuk eskaini zituzten kantxan (bideoa EITB)
2009/03/18
Euskal Herriko hiri eta herriak, eta baita Diasporako hainbat euskal etxe ere, prestatzen ari dira jada Korrika 16ri harrera egiteko. AEk-k antolatzen duen lasterketa euskaltzalea martxoaren 26ean hasiko da Tuteran (Nafarroan) eta apirilaren 5ean bukatuko Gasteizen. Abiatzeko eguna heldu bitartean, korrikalariek abesti ofizialaren bideoarekin dantza eginez berotzeko aukera dute. Betagarri taldea da kantari, Jon Maia bertsolariak idatzitako testuarekin. Abestiaren letrak Korrikaren webgunean daude eskuragarri: www.korrika.org.
2009/03/09
NABO, AEBetako euskal etxeen federazioa, euskara irakasleen bila dabil! Elkarteak eta HABEk trebatuko dituzte irakasleak eta gero hauek euskal etxeetako eta internet bidezko euskara klaseen kargu hartuko dute. Izaskun Kortazar da egitasmo honen koordinatzailea eta parte hartu nahi dutenei nora jo eta zer egin azaltzen die bideo honetan. AEBetan euskara ikasi nahi izanez gero ere, jo harengana! (izaskunkortazar@gmail.com)
2009/02/23
Momentu hunkigarriak bizi izan dira Txinan, Shanghaiko Euskal Etxean, otsailaren 15ean, Juanito Sarasola bertako bazkide, fundatzaile eta lagunari egin zaion omenaldian. Elkartekideek 'Urrezko Abakoa' izeneko saria eman zioten, ohorezko aurreskua dantzatu eta, horra hor zeinen ezusteko polit eta pertsonala, hiru bertso kantatu zizkioten, aho batez, Amets Arzallus bertsolariari berarentzat propio eskatutakoak. Joan den 18an, honen guztiaren berri eman genuen artikulu batean (bertsoen hitzak ere hor daude). Orain, momentu horretako bideoa dakarkigu. Zorion bero-beroak Juanito Sarasolari, sariagatik eta honelako lagunak izateagatik [bideoan, Shanghaiko Euskal Etxeko lehendakari Estibalitz Gete, Juanito Sarasola (abakoa eskuetan) eta Mikel Usandizaga, 'master of bertso-ceremonies'; beheko argazkian Estibalitz Gete, Juanito Sarasola eta Alex Arriola, Txinako EEko iazko Zuzendaritzako kidea]
2009/02/02
Euskal kantutegiko doinu edo aire ezagunenetakoa eta sentituenetakoa da 'Ai zer plazera' [bai, erre bakar batez], Euskal Herriko eta Diasporako euskaldunek noiznahi eta nonahi kantatua. Hona ekarri dugun bertsio honetan, Erramun Martikorena baigorriarra (Diasporarekin familia lotura sakonak dituena, ama ere Kaliforniako euskalduna baitzuen) kantari. Erramunen ahots paregabea audioan eta hitz xiberotarrak pantailan, kantatzeko eta hitzak ere ikasteko gomita edo gonbidapen irekia duzu hau. Goza ezazu, irakurle!
2009/01/26
Txileko Santiagoko Nafar Etxeko dantzariak dira. Irudiak joan den urriaren 12an, Hispanitatearen Egunean, Santiagoko Estadio Español-en egin zen jaialdikoak dira. Jota eta Lantz Zortzikoa ari dira dantzatzen (bideoa Maite Otondo)
2009/01/16
Urtero ohoratzen dute Buenos Aires probintziako Cañuelas herriko 'Denak Bat' Euskal Etxekoek Donostiako danborrada eta ederki jotzen dituzte Sarriegiren aireak bertakotze bidean ipini duten euskal-argentinar festa gisa ospatuz. Herriko plazan egiten dute, eta iazkoan herriko alkatea, euskal erroduna bera ere, bertaratu eta eskertu zien Euskal Etxekoei itsasoz bi aldeetako kulturak biltzen egiten duten lan eskerga. Munduan, Donostian eta Euskal Herrian ezezik, Argentinan, Katalunian, Venezuelan, Ingalaterran, Espainian, Estatu Batuetan, Mexikon... eta beste hamaika tokitan ospatzen dute donostiarren edo euskaldunen danborrada (bideoa EuskalKultura.com)
2008/12/29
Baxenabarren, Ortzaizeko ikastolako haurrak kantari jalgi dira urte guziz herriko karriketan. Ekarri dugun bideo hau iazkoa da, nahiz eta haurrek gabon kanta klaikoetako bat kantatzen duten: Hator Hator kantatzen dute. Zorionak eta Urte Berri On!
2008/12/19
William Petersen CSI telesaileko protagonista euskaraz mintzo da, ondoren ingelesez eta azkenik 'Goiko Median elurra dago' kantua kantatzen du bideo honetan. Gaztea zenean, 1974-75 urteetan Euskal Herrian bizi izan zen geroztik aktore ospetsua bilakatu den Peterson, Oñatin izan ere, eta orduko oroitzapen eztiak aipatzen ditu bideoan. Irudiak Ibarretxe lehendakariak euskal gizarteari 2008ko abenduaren 19an Gasteizen eskaini dion harrera ekitaldian eman dira.
2008/12/15
Kirmen Uribek 'Kukua' poema irakurri zuen 2004ko urriaren 16ean New Yorkeko Bowery aretoan. Berarekin Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal musikariak aritu ziren, eta Elizabeth Macklin poetak lagundu zuen itzultzaile lanetan. Irudiak Arkaitz Basterraren 'A way to look at the world' dokumentalaren parte dira.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus