euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Bideoak

Nevadako herri-musika biltzerakoan, ongi irabazitako eskubidez agertzen da Bernardo Yanciren eskusoinua

2015/07/02

Ez soilik Elko, Nevada eta Estatu Batuetako euskal musika herrikoia aipatzerakoan agertzen da merezimendu osoz Bernardo Yanci soinujole lesakar-elkotarra. Nevadako euskal musika, bertako herritar euskaldunen adierazpide da, eta Nevadak bertako emaitza eta ondaretzat aldarrikatzen du. Dokumental hau, jatorriz Nevada Arts Council-ek egina, berreskuratu egin du "Home means Nevada" programa sortak.

Bideoa ikusi


Dennis Cruz-en "Basque Block, Boise Idaho", Tony Arrubarrenaren azken agerpena telebistan

2015/06/24

"The Attitude Adjustment Hour" saioko arduraduna da Dennis Cruz. Berak Estatu Batuetan aurkezten duen programa Idahoko estaturaino hurreratu eta "Basque Block, Boise Idaho" izeneko saioa (15' 43'') ekoitzi du bertako euskaldunez eta Boisen euskal bizitzako erdigune eta bihotza den Basque Block delako auzo edo hiriguneaz. Saioa egin zutenean ezin jakin, baina bideoan lekuko gisa agertzen den, eta besteak beste programan zehar mintzatu eta amaiera ere ipintzen dion lekuko nagusia, Tony Arrubarrena, oso pertsona ezaguna eta estimatua Boisen, zendu berria da maiatzaren 30ean Idahoko hiriburuan, 83 urte zituela. Tony gogoan dugula ekarri dugu hona Dennis Cruzen erreportajea.

Bideoa ikusi


Boisen 2015eko uztailaren 18an jokatuko den Athletic-Tijuana taldeen arteko partidaren TV iragarkia

2015/06/06

Honako telebista iragarkiarekin ari da agertzen publiko estatubatuarraren aurrean datorren uztailaren 18an Boisen jokatuko den Bilboko Athletic Club eta Tijuanako Xolos taldeen arteko futbol partida. Gogoratu, uztailaren 18a dela partidaren behin-betiko data. Norgehiagokak lortzen dituen irabazkiak Boiseko Euskal Ikasketen Fundazioaren eta Idahoko Gazteen Futbol Elkartearen alde izango dira. Hitzordua, uztailaren 18an, arratsaldeko 7etan , Boiseko Albertsons Stadium-en. Txartelak salgai BasqueSoccerFriendly.com-en . 

Bideoa ikusi


Rick Steves bidaiari eta bidaia antolatzaile amerikarraren Euskal Herriari buruzko bideoa

2015/06/04

Rick Steves bidaiari eta telebista gizona da, Estatu Batuetan saioa duena bereziki Europa eta bertako jende eta herrialdeak aurkezten bere ikusle eta jarraitzaile anglofonoei. Honako bideo laburrean (2' 54'') Euskal Herriari buruzko aurkezpen bat egiten du "Basque Country: A Proud, Unique Culture" izenburupean. Bidaiak ere antolatzen ditu Europara, eta hainbat aholku eta pista ematen bere webgunetik bertara bidaiatu nahi dutenentzat, Euskal Herriaren kasuan Iparraldeaz zein Hegoaldeaz

Bideoa ikusi


Ken Zazpi euskal taldearen Ilargia kantu ezaguna Galeseko haur talde batek kantatua

2015/05/24

Galeseko Llanfairpwll herriko gazte talde bat ageri da bideo honetan Ken Zazpi euskal talde ezagunaren seguruenik kantu ezagunena den Ilargia kantatzen (ikus bertsio originala). Erruduna, Iñaki Pierola izeneko gaztea, bi hilabeteko irakasle praktikak egin baitzituen 2011ean herri horretan eta euskaldunez eta euskal kulturaz zeozer jakin eta ikasi nahi zutelarik honako kantua irakastea otu zitzaion. Euskararik ez bazekiten ere, arazorik gabe pare bat astetan ikasi zuten eta hona emaitza. 9-11 urte bitarteko haurrak dira eta Iñaki bera ari zaie gitarran, beste irakasle bat pianoan eta perkutsioan beste ikasle bat. Zorionak haurrei eta zorionak Iñakiri!

Bideoa ikusi


"36 Hours in Bilbao": Bilbon Guggenheim-ez aparte askoz gehiago dagoela dio New York Times-ek

2015/05/20

Bideoa argitaratu du New York Times egunkariak maiatzaren 20ean "36 Hours in Bilbao" (36 ordu Bilbon) izenburupean, bere Bidaien atalean, hiria gomendatuz eta Guggenheim Museoaz aparte dauzkan beste hamaika leku eta aukera erakargarri aurkeztuz. 5 minutu eta 38 segundo irauten ditu eta bertako gastronomia, bere bazterrei darien historia eta beste hainbat xehetasunen bozgarailu azaltzen da, hasteko bideoko irudien bidez bisitatzen hasi nahi dutenentzat. Irakuri bideoarekin batera Bilbori buruz argitara eman duen artikulua.

Bideoa ikusi


Bakailaoa pil-pil erara prestatzen erakusten du Washington DCtik Josu Zubikarai sukaldari itziartarrak

2015/05/08

Hogei urtetatik gora da ezagutu genuela Josu Zubikarai sukaldari itziartarra Lezama apezak Washingtonen zeukan La Taberna del Alabardero jatetxean. Bizitzak itzuli asko eman ditu geroztik eta oraingoan Arlington aldean, Spanish marka daraman beste jatetxe bateko sukaldariburu topatu dugu. Ser du izena jatetxeak eta Washington DC Eater argitalpenak hiriburuko lehenengo bost jatetxe azpimarragarrienen artean kokatu du 2015eko maiatz honetan. Bideoan, bakailaoa pil-pil erara nola prestatu azaltzen digu ingelesez Josu Zubikaraik.

Bideoa ikusi


Hitzaldi interesgarria Madrilen, bertako Beti Jai (1893) pilotalekuaren historia eta ingurukoak aurkezten

2015/05/07

Bideoak biltzen duen hitzaldia gaztelaniaz egin zen Madrilgo Arkeologoen Elkarte Ofizialaren egoitzan apirilaren 23an, Udalak frontoia desjabetu eta eskuratu zuela jakin baino egun batzuk lehenago. Bideoa bera, baina, maiatzaren 7an sareratu eta zabaldu dute. Bi ordu eta 35 minutukoa da, oso interesgarria hainbat datu esanguratsu jakiteko. Bideoaren berri hemen topatu dugu. Kronograma: aurkezpena (00:00), irudiak (00:10:30), egungo egoera (1:00:58), Beti Jai zain dezagun plataforma (1:13:00), eraikinaren balioa (1:16:55), proposamenak (1:18:10), euskal pilota (1:26:08) eta galderak eta debatea (2:07:00).

Bideoa ikusi


AEBetako telebista bat Euskal Herrian bisitari Boiseko Jaialdiko futbol partidarako giroa berotzen

2015/04/27

Euskal Herrian dabil Idahoko KTVB Zazpigarren Kanaleko talde bat, euskal geografiako hainbat leku bisitatu eta bertan eginiko erreportaje eta zuzeneko konexioekin giroa berotzeko datorren uztailaren 29an Boise Idahoko hiriburuan egingo den "euskal partidarako" (Athletic eta Mexikoko Tijuanako taldea lehiatuko dira, Jaialdi 2015 euskal-amerikar festa eta elkarretaratze erraldoiko programaren baitan). Hona zuzenean eginiko konexio horietako lehena, planak aurkeztuz, Idahora emigratutako euskaldunak aipagai eta Euskal Herrian bisitatuko dituzten jende eta lekuak ere hizpide. TV ekipoko kide da Xanti Alcelay euskal boisetarra. Bideo gehiago, hemen.

Bideoa ikusi


InCycle UCI World Tour: Bistadizoa Euskal Txirrindularitzaren panoramari

2015/04/23

Bideo polita prestatu dute ingelesez inCycle-koek Euskal Herrian txirrindularitza nola bizi den, zein den egungo egoera eta arlo honetan dauden beharrak azpimarratuz. Euskal txirrindularitzaren eremuan zeresana daukaten zenbait txirrindulari, eragile, zaletu eta antolatzaileren iritzia eta ahotsa kamera aurrera ekarrita, agerian geratzen da zein garrantzitsua eta oihartzun handikoa, eta zein zaletasun bizikoa den kirol hau Euskal Herrian. 

Bideoa ikusi


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia