euskal diaspora eta kultura
2010/12/23
Horrelaxe egin zioten deiadar Bartzelonako Euskal Etxeko umeek Olentzerori joan den abenduaren 17an, eta noski, ikazkin mitologikoa hantxe agertu zen, zakua bete goxoki eta opari.
2010/12/20
Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxeak Olentzerori buruzko antzezlan umoretsua eskaini zuen bere urteroko Olentzero Pesta jendetsuan. Antzezlanak euskal ikazkinaren kondairaren irakurketa librea egiten du eta Txanogorritxu eta otsoa bezalako pertsonaiak bildu zituen Olentzerorekin. Helburua, euskal tradizioak era alaian zabaltzea!
2010/11/16
Azaroaren 5ean Mar del Platako kaleetan barrena kalejira egin zuten Argentinako Euskal Astean parte hartzen ari ziren lagunek, jendea Radio City antzerkira gidatuz. Han egin zen Euskal Asteko dantza ikuskizuna eta Argentinan Euskaraz programako ikasle irakasleei omenaldia.
2010/11/08
Amaia Riouspeyrous kantariak bere lehen lana --'Har ezazu' diskoa-- aurkeztuko du Bartzelonan ostiral honetan, azaroaren 12an, Euskal Etxeak antolatzen duen EH Sona! jaialdian. Kontzertua 20:00tan hasiko da, Casa Elizalden. Doan.
2010/11/05
Malenkonia taldeak kontzertua eskainiko du gaur, azaroaren 5ean, Bartzelonako Euskal Etxeak antolatzen duen EH Sona! jaialdian. Emanaldia Convent Sant Agustí aretoan izango da, 20:00tan. Sarrera doan.
2010/10/22
Urriaren 26ean Caracaseko Zinevasco jaialdian izango da ikusgai 'Mugaldekoak' filma. Irene Iparralde, Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mugan dagoen herri batean bizi da. Familia errepublikarrekoa da bera eta Comète sarean parte hartzea proposatzen diote. Sare hau naziek okupatutako lurraldeetan erori diren britaniar pilotuei ihes egiten eta muga zeharkatzen laguntzeko antolatzen ari den talde klandestinoa da. Gertakari historikoetan oinarrituta.
2010/10/05
"Ez gara ezer zu gabe!" da Bartzelonako Euskal Etxeak hasi berria duen kanpainaren leloa. Bazkide eta lagun berriak erakartzea dauka helburu eta, besteak beste, lerro hauen ondoan dagoen bideoa ari da erabiltzen, adierazteko lagundu eta parte bilakatu nahi duenari guztien partaidetza eta laguntasuna ongi etorria dela. Katalanez zein euskaraz plazaratu dute bideoa eta honakoa, bistan da, euskarazkoa da. Lehenengo pausoa ikustea duzu. Hortik aurrera, zeure buruari galdetu.
2010/09/26
Lekukotasun hau ekarri nahi izan dugu, Argentina sakonean, kasu honetan, Entre Rios probintziako Concordia herrian, euskaldunak nola agertzen diren jendaurrean erakusteko. Aurtengo Immigrantearen Festa da, irailean, eta herriko Colectividad Vasca de Concordia eta euskal gizataldeko hainbat lagun euskal ordezkari dira Immigrantearen Kabalkada edo desfilean. Ibilbideko puntu zentralean, talde partaide bakoitzaren berri ematen dute bozgorailetatik. Gizatalde bakoitzak ahal duen edo dakien hobekien aurkezten du bere komunitatea gainerakoen aurrean. Aurten, miss lehiaketan, euskal ordezkari Daiana Cavalaro Echeveste, miss sinpatia aukeratu zuten, irudietan banderari gisa agertzen delarik. Hona lekukotasuna.
2010/09/02
Estatu Batuetan jaio dira eta euskaraz kantatzen dute. Diasporakoak dira eta 'Amuma Says No' da euren izena. Duela aste batzuk Washington hiriburuan kantatzeko deitu zituzten Estatu Batuetako Kongresuko Liburutegitik, eta bertan erakutsi zuten euren adierazpide den euskal musika, euskarazko musika 'Made in USA'. Irudi hauetan bisita eta emanaldi horren berri ematen du Washingtongo telebista kate batek: 'Basque Music at the Library of Congress'.
2010/05/10
Bideo bitxia da, edo irudi eta lekukotasun bitxia eskaintzen du bederen, ETB-2ko 'La noche de...' saioak Hollywood-ek euskaldunok nola ikusten gaituen islatuz eginiko hau. Adibide batzuk baino ez dira, askok euskaldunak munduan ezagunak garela uste badute ere, munduan andana bat jendek bagarenik ere ez baitaki edo jakin badaki, baina --onenean edo txarrenean-- izenari izana ipintzerakoan bideo honetan agertzen diren irudiak bezalakoak datozkiola. Badakizue, kanpaiak entzun bai, baina jakin, jakin... Konklusioa izan daiteke are gehiago behar dugula saiatu geure buruaren leukotasuna ematen, geure ekintza eta ekarpenek geure izanaren berri eman dezaten. Ez dira irudi berriak, baina ongi da noizbehinka ikustea, barre pixkat egiteko eta aldi berean ondorioak ateratzeko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus