euskal diaspora eta kultura
2009/07/21
Euskal kantutegiko piezarik ederrenetako bat da 'Txoriak txori'. Joxanton Artze poetaren hitzak eta Mikel Laboaren doinua edo airea daraman kantu hau Euskal Herrian ezezik mundu osoan kantatzen dute hamaika jendek, eta baita abesbatzek ere, euskaldunak gehienak, baina ez-euskaldunek ere maite dituzte hitz xinple eta aldi berean zorrotz horiek, maitasunaren izaeraren inguruan. Bideo honetan kantari, Argentinako Villa Mercedes herritik, Camerata de la Luna abesbatza, Villa Mercedesko Euskal Etxeari atxikitako taldea.
2009/07/06
Honela iragartzen ditu Estatu Batuetan, Nevadako Elkoko Merkataritza Ganberak bertako Euskal Jaiak. Urtero, elkarrekin egiten dira euskal jaia eta '4th of July'-ko ekitaldiak. Larunbata da egun nagusia eta egunean zehar kabalkada, euskal kirolak, dantzak eta erakustaldiak ikusi ondoren, euskal jatetxe batean afaldu eta berbenara dantza egitera joateko tenorea heltzen da, edo Estatu Batuetan hain ohikoak diren 4th of July-ko suziriak ikusteko. Edo dana batera.
2009/06/30
Euskal Herriko hainbat lekuetan bezala, Necochean, Argentinako Buenos Aires probintzia hegoaldean, bertako euskaldunek San Juan Sua ospatzen dute, eta Sorgina erraldoi baten irudia ere erretzen dute, euskal dantzez eta euskal musika nagusi den testuinguru batean. Hona Necocheako Euzko Etxeak aurten bertan gauzatutakoaren lagintxo bat.
2009/06/22
Honako albiste laburra eman du Euskal Telebistak bere lehendabiziko kanaletik joan den igandean, ekainaren 21ean, Madrilgo Euskal Etxean ematen diren euskara eskolei buruz, orain kurtsoa amaitu berria denean.
2009/06/01
Maiatzaren 23 eta 24an --Estatu Batuetan 'Memorial Day' asteburua denean--, egin berria dute Kaliforniako Bakersfield herrian bertako Euskal Besta. Bertara bildu zen Nancy Zubiri kazetari euskal-estatubatuarra. Interneten eta --nork daki, menturaz baita idatzian ere-- 'Euskal Kazeta' ekimena gauzatu nahi du Nancyk. Euskal komunitateen berriak emateko ahalegin horretan egina du honako bideoa, Robert Lopez bere senar eta kazetaria ere dena kamera eta editaia lanetan. Zortea opa diogu lagun dugun Nancy-ri bere ekimenean. Mila esker bideoarengatik.
2009/05/25
Hitzordua ekainaren 5 eta 6an, Euskal Herrian dabiltzatenentzat, Bizkaiko Arretxinagako baselizan da, Markina-Xemeinen, gaueko 10:30etatik aurrera. Hiru Harri 2009 gauzatuko da, musika, irudia eta zaporeak elkarrekin uztartuz, paraje zoragarri horretan "iraganetik etorkizunerako ibilbide zirraragarria" eginez, antolatzaileek agintzen dutenez. Gastronomia partean, pintxoak Mexikon jaiotako Pantxo Bedialauneta sukaldari ondarroarrak hornituko ditu; musika, berriz, Prefostak eta Unanuek ekarriko dute, eta Mikel Alonso eta Yolanda Eizagirreren irudiak . Informazio gehiago, hiruharri@yahoo.es.
2009/05/18
Idahon, Oinkari euskal dantza taldeko Annie eta Alaina Gavicak, 'Amuma says no' taldeko Spencer Martin-ek eta Julie euren lagunak taldetxo bat sortu eta txalaparta jotzeari ekin diote Estatu Batuetako Boisen. Lauak Estatu Batuetan jaioak, molde eta estilo berezia ekartzen diote musika tresnari. Boisen, Txantxangorriak euskal musika eskola hasia da txalaparta ikastaroak eskaintzen. Entzun Boiseko Anduiza pilotalekuan grabatutako irudiak eta zerorrek erabaki (bideoa, Alaina Gavica; mila esker baita Lael Uberuagari ere).
2009/05/04
Aste honetako astelehenean aurkeztu da Bruselako Euskal Ordezkaritzan, Donostia 2016ko Kulturaren Europako Hiriburu izateko hautagaitza, besteak beste Odon Elorza Donostiako alkatea eta Edorta Azpiazu Hiriburutza Bulegoaren koordinatzailea bertan izanik. Bideo ikusgarri honek Donostiaren hautagaitza bultzatu nahi du. [oharra, Iruñea ere ari da gauza bera eskuratu nahian]
2009/04/27
Jose Angel Irigaray Tere Irastortzaren 'Bidekoaz' poema irakurtzen Euskaltzaleak elkarteak antolatu zuen irakurraldi poetiko musikalean. Irigaray, Xamar idazlea eta Ruper Ordorika kantaria Buenos Airesen izan dira egunotan Nazioarteko Liburu Azokan parte hartzen (bideoa EuskalKultura.com)
2009/04/17
Xiberoak eta Euskal Herri osoak lagunei ematen zaien azken agurra eskaini zioten apirilaren 3an aita Martxel Tillous-i. Bere sorterri Eskiulako elizan Bolikosta eta Afrika, Parise eta Kalifornia eta Estatu Batuetatik heldu lekukotasunak irakurri eta aurkeztu ziren, baita bertsuak ere lagunari propio idatziak. Xiberoak bere ahots behinenak --Bordachar, Etxekopar, Bedaxagar eta Arotze-- igorri zituen seme zenduaren agurtzera. 'Herio' eta 'Goizian argi hastian' kantuek oihartzun berezia lortu zuten zerraldoaren aitzinean. Ez zen bere 74 urtetan sobre luze bizi izan Martxel Xiberoan, baina beti eraman zuen bihotz-begietan atxikia. Bideoak 'Goizian argi hastian' biltzen du (irudia EuskalKultura.com).
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus