euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

VascosMexico: hamar urte bete ditu aurten Mexikoko euskaldunen ezinbesteko euskarri birtualak

2013/10/03

2005eko Vascomexico taldearen festan jendetza bildu zen, txikiak zein helduak, denak ala denak giroaz gozatzeko prest (argazkia Vascosmexico)
2005eko Vascomexico taldearen festan jendetza bildu zen, txikiak zein helduak, denak ala denak giroaz gozatzeko prest (argazkia Vascosmexico)

PUBLIZITATEA

Urriaren 19an Mexiko osoan bizi diren euskaldun asko eta asko elkartuko dira Vascosmexico taldearen hamar urteak ospatzeko. Festa Alberto Ituartek hiriburuan daukan Alaia jatetxean egingo da. Internet munduan sortu zen komunitatea da Vascosmexico, eta hamar urteotan 400 bat lagun bildu ditu, Jaione Arrieta sortzaileak egindako lan eskerga dela medio. Taldean jatorri euskalduna duten mexikarrak, azken urteotan Mexikora etorritako euskal herritarrak edo Euskal Herriaren izate, ohiturak eta kulturaren gainean interesa duten hainbat lagun aurki daitezke. Iñigo Bilbaok elkarrizketa egin dio EuskalKultura.com-entzat Jaione Arrietari.

Iñigo Bilbao/Mexiko Hiria, Mexiko. Jaione Arrieta sortzailearen esanetan, Vascosmexico harremanak egin eta olgetarako talde birtuala da. “Asmoa harremanak egitea da, euskal komunitatean zer jazo den edo zer jazoko den ezagutzera ematea eta, ahal den neurrian, elkarri laguntzea da”, azaldu du.

Taldea Jaionek berak Euskal Etxeko kontuen berri izateko zuen premiak bultzatuta sortu bazuen ere, gaur diasporaren ezinbesteko euskarri bihurtu da Mexikon, eta Amerika osoan. Urte asko izan dira lanean. Behin baino gehiagotan amore eman eta taldea ixtekotan egon da, ahalegina handiegia zelako. Jaione pozik dago, hala ere, lortutakoarekin. Ondo daki eta, taldea eredugarri eta ezinbesteko bihurtu dela euskal herritarrek Mexikon utzi duten ondarea ezagutzeko.

Jarduera guztien argazkiak

Ekimena Yahoo-n osatutako talde baten bidez abiatu zuen 2003ko urrian. Jaionek oso gogoan du horren berri Jon De Luisa zenari eman ziol inori baino lehenago. “Oso gustora hartu zuen hark ideia eta bera izan zen izena ematen lehena. Ondoren, ahoz-ahoz ibiliz hasi zitzaigun jendea biltzen”.

Bilbora egindako bidaia batean erositako kamera baliatu zuen Jaionek Euskal Etxean egindako edozer argazkitan bildu eta sarera igotzeko. Taldean hasiera batean, eta gero, 2004ko uztailean, www.vascosmexico.com web gunean. Imanol Aburtok, Jaurlaritzak Mexikon izan zuen lehen ordezkariak, eman zion laguntza ezinbestekoa izan zen webgunea sortzeko.

"Argazki guzti horiei esker jendeak ikusi ahal izan zuen Euskal Etxean bazela giroa, eta ekitaldi ugari antolatzen zirela: Posada (mexikarrek Gabonak aurretik egin ohi duten festa), Olentzero, edo San Fermin eta San Inazio festak, besteak beste”.

Vascosmexico 2006 Jaione Arrieta

[Jaione Arrieta Galarraga, Vascomexico-ren sortzailea, 2006ko taldearen festan, egun horretarako diseinatu ziten alkandora berdea soinean (argazkia Vascomexico)]

Festa izugarria

Euskal Etxeko zuzendaritza taldeko kide izatea ere egokitu zitzaion garai haietan Jaioneri, Miren Aguirrerekin batera. Elkarrekin antolatu zuten biek Vascos Mexico taldearen lehen ospakizuna 2004ko otsailean. Arrakasta erabatekoa izan zen: “Ahoz aho antolatu genuen, gauza guztietarako aitabitxiak (diruz lagunduko zutenak) lortuz. Honek musika ekarri zuen, horrek ardoa eta hark berriz, jatekoa… Festa izugarria izan zen, ia 400 lagun elkartu ginen. Urteak ziren ez zela halako ospakizuna ikusten Euskal Etxean”.

Vasco Mexico-koek festa izan zuten, baita ere, hurrengo bi urteetan. Jaione Aberri Eguneko ospakizunetan zela baina, etxera lapurretan sartu zitzaizkion. Jazoera lazgarri horrek Mexiko Hiria utzi eta bizitoki Queretaro hartzera behartu zuen. “Ahal izan dudan neurrian ospakizunetan izaten segitu dut, Euskal Etxearen mendeurrenean esaterako, baina Queretaro lekutan geratzen da nahi beste joan ahal izateko”, agertu du.

Krisiak gaindituz

Taldeak gorabehera handiak izan ditu eta behin baino gehiagotan egon da desagertzekotan, diru premiak bultzatuta batez ere. “Zerbitzaria oso garesti ateratzen zaigu eta ez daukagu inolako diru sarrerarik. Laguntza eskatu dugun arren, oso urri heldu izan zaigu”. Halako batean, hala ere, taldeko kide batek, Jose Castillok, web gunea bere zerbitzarian hartzeko prest agertu zen eta horrek lasaitu zuen Jaione.

Geroztik bere ardurarik handiena Estatu Batuetako zerbitzari baten bidez kudeatzen duen posta taldea da. Mexikoko estatu guztietako, Estatu Batuetako, Argentinako eta Euskal Herriko ia 400 helbide elektroniko biltzen dituen taldea elikatzea da une honetan Jaionek daukan erantzukizunik handiena. “Castillogatik izan balitz, gureak egin zuen”, onartu du.

19.000 argazki

Ia 2.000 erabiltzaile dituen Vascosmexico web gunean, egundoko argazki bilduma jaso du Jaionek. Azken hamarkadan Euskal Etxean izan diren ekitaldietan egindako 19.000 argazki baino gehiago biltzea lortu du. “Aita hil zitzaigunean ohartu nintzen oso argazki gutxitan agertzen zela hura irriparrez. Horregatik ahalegindu izan naiz Eukal Etxeko aiton-amonei eta bazkide guztiei argazkiak egiten pozik zeudenean. Haietako asko zendu badira ere, etxekoek hor izango dituzte argazkiak betirako”.

Vascosmexico 2006

[Gazte askok parte hartu zuten 2006ko Vascosmexico taldearen jaian eta giroa aparta izan zen (argazkia Vascomexico)]

Vascosmexico 2006 2

[Ohi duen legez, 2006ko festan Jaione Arrieta mahairik-mahai ibili zen, bertara bildu ziren guztien irriparra argazkitan jasotzeko (argazkia vascosmexico)]

Ez hori bakarrik. Web gunea erreferente bihurtu da jatorri euskalduna duten mexikar guztientzat. “Jakinminez etorritako asko diasporako kide izatera heldu dira. Polita da benetan, euskal sena bizi ez zuten askok eta askok gaur euskalduntasuna nola bizi duten ikustea”.

Komunitatearen zerbitzura

Jaionek euskal komunitateari zuzendutako hamaika posta eta dei jasotzen ditu astero-astero. Gehienak laguntza eske. Batzuk odol eske joaten zaizkio premian dagoenarentzat; gero eta gehiagok lan eske ere idazten diote, eta ez dira falta aspaldi Mexikora joandako arbasoen inguruan informazio eske harremanetan jartzen direnak.

“Batzuei nik neuk erantzuten diet, baina ikusten badut gaiak jakimina piztu dezakeela, taldera igotzen dut”. Jaione ez dago bakarrik. Taldean badira historialariak eta genealogian adituak –Josu Ruiz Gordejuela, Amaia Garritz edo Hector Trejo- eta haiek ere dakiten guztia eman ohi dute laguntzeko.

Politikarik ez

Hasiera hasieratik, hori bai, Vascosmexico taldeak muga bat izan du: edozertaz hitz egin daiteke, edo guzti-guztia onartzen da, politika salbu. “Badakit politikak berebiziko garrantzia daukala euskaldunontzat, baina badakit ere politikak, batu beharrean, banandu egiten gaituela”.

Horretan zorrotza da Jaione. “Kritika gogorrak izan ditut muga hori ezartzeagatik. Bost axola. Seguru naiz eta, gauden honetara iritsi bagara, muga horri esker izan dela”.

null

[2005eko jaian giro bikaina izan zen eta antolatzaileek beste horrenbeste izatea espero dute hamargarren urteurreneko festan (argazkia Vascosmexico)]

Jaionek oso argi dauka, bestalde, web gunea eta posta zerrenda ez direla lehian sartzen ez Euskal Etxearekin, ez Jaurlaritzak Mexikon daukan ordezkaritzarekin. “Gure artean lehiak ez dauka lekurik, osagarriak gara erabat eta gure arteko harremana primerakoa da”. Hori bai, oso ondo daki ez Euskal Etxeak ez Jaurlaritzak ez daukatela berak taldean hainbeste urtetan bildu duen datubasea bezalakorik.

Urriaren 19an egingo duten festa egundokoa izango da Mexikon bizi diren euskaldunentzat. Mexiko horren handia izanik jendea usu biltzea zaila izaten bada ere, Jaionek uste du lortuko dutela gutxienez 300 lagun biltzea ospakizunera. “Badira zazpi urte ez garela elkartzen eta konbentzituta nago festa handia izateaz gain, egun hori pizgarri bat izango dela taldearentzat, berrindartu eta beste hamar urtez segitzeko".



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia