euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

VascosMexico taldeak 10. urteurreneko festa egingo du urriaren 19an, Alaia jatetxean

2013/09/25

2005ean Euskal Etxean egin zen urteurren jaian jendetza bildu zuen Vascosmexicok eta giroa ezinhobea izan zen (argazkia vascosMexico.com)
2005ean Euskal Etxean egin zen urteurren jaian jendetza bildu zuen Vascosmexicok eta giroa ezinhobea izan zen (argazkia vascosMexico.com)

PUBLIZITATEA

Aurreko edizioetako festek lagun andana bildu dute eta aurtengoan ere horrela izatea espero dute VascosMexico taldekoek. Hamar urte igaro dira talde hau abian jarri zenetik --posta zerrenda gisa sortu zen, 2003ko urriaren 10ean-- eta harrezkero Mexikoko euskaldunen topagune birtuala bilakatu da. Orain, hamarkada honetan egindako lagunak biltzeko jai handia antolatu du taldearen sortzaile eta sustatzaile nagusiak, Jaione Arrieta Galarragak. urriaren 19an izango da, Mexiko DFko Alaia jatetxean eta 200 lagunentzako lekua baino ez dago. Bertan izan nahi duenak, izena eman beharko du lehenbailehen!

Mexiko DF, Mexiko. Mexikoko euskaldunen topagune birtuala da Vascosmexico taldea eta 1.500 lagundik gora biltzen ditu webgune eta posta zerrenda oso aktibo bati esker. Jaione Arrieta Galarraga izan zen taldearen sustatzailea eta hamar urte hauetan jo eta su jardun du taldearen jarduna dinamizatzen eta berrikuntzak egiten. Orain, ibilbide emankor horren hamargarren urteurrena ospatzeko elkarteko bazkide eta lagunak bildu egingo dira urriaren 19ko festa handian. Aurreko edizioetan giroa bikaina --eta parranda latza!-- izan da, eta aurtengoan ere horrelakoxea izatea espero dute antolatzaileek.

Aste honetan taldeak aditzera eman duenez, jaia Mexiko DFko Alaia jatetxean egingo da. Alberto Ituarte sukaldariak zuzenduriko taldeak afari-merienda prestatuko du bertara biltzen direnentzat, jatetxearen marka diren euskal-mexikar jakiekin. Datozen egunetan menua zein den argituko du taldeak. "Gure asmoa zera da: ondo pasatzen, elkartzea, ospatzea, dantzatzea, abestea... Eta beste zenbait ezustekoen artean, gure taldeko Xabier Errastik mundu mailako debuta egingo du, akordeoia jotzen!", iragarri du Arrietak.

Jatetxean 200 lagunentzako lekua baino ez da izango jai honetan, eta bertan parte hartu nahi dutenek lehenbailehen egin beharko dute erreserba. Izena emateko bidali e-maila jaione@vascosmexico.com helbidera. Erreserba ordaintzako azken eguna urriaren 14a izango da. 

Informazio gehiago eta aurreko jaietako argazki galeriak, Vascomexico taldearen webgunean.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia