euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Oregonen ere ospatzen da San Migel eguna: Ontario Basque Club-ek jaialdi ederra prestatu du iganderako

2013/09/25

Kalakan taldeko kideak
Kalakan taldeko kideak

PUBLIZITATEA

Ontarioko Euskal Etxeak egitarau mardula prestatu du aurten Mikel Deunaren eguna ospatzeko eta dena gertu dauka jaia eta euskal giroa ekartzeko Oregon estatuko herri honetara igandean. Euskal Herritik gonbidatu bereziak egongo dira bertan, Kalakan taldeak kontzertua eskainiko baitu. Taldea AEBetan barrena bira egiten ari da egunotan, iazko urte osoa eta aurtengo erdia Madonna kantariarekin munduan zehar ibili ostean. Horrez gain, beste hamaika ekitaldi egingo dira Ontarion: meza, prozesioa, herri kirol erakustaldiak eta euskal gastronomia dastaketak.

Ontario, AEB. Ontarioko Euskal Etxeak jai egun bikaina ospatuko du igandean, irailaren 29an, Mikel Deunaren Egunean. Jaialdia eguerdiko 13:30tan hasiko da Moore Parkean. Han, Thomas Mudakodiyil apaizak meza eman eta euskal etxearen San Migelen irudia bedeinkatuko du. Santuaren omenez, elkarteko dantzariek ezpata-dantza dantzatuko dute. 

Ondoren, Moore's Park-etik euskal etxera prozesioa egingo da. Elkartearen egoitzan dantza erakustaldiak eta herri kirol lehiaketak egingo dira; sokatira eta txingak, zehazki. Horrez gain, hainbat lehiaketa ere antolatu ditu Ontario Basque Club-ek: patata tortila lehiaketa, txapela eta abarketa jaurtialdi txapelketa, eta irrintzi lehiaketa. Gainera, euskal dantza tailer irekia egingo da eta edonork parte hartu ahalko du. Egunean zehar euskal jakiak eta edariak salgai izango dira.

Egunari amaiera ederra emango dio Kalakan taldeak, arratsaldeko bostetan hasiko den kontzertuarekin. Thierry Biscary, Jamixel Bereau eta Xan Errotabehere musikariek osatzen dute Kalakan, eta ahotsak eta perkusioa baliatzen ditu taldeak nagusiki emanaldietan.

Informazio gehiago Ontario Basque Club elkartearen webgunean.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia