euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pergaminoko Lagun Onak EEak 60 urte betetzen ditu eta mota askotako ekintzak burutuko ditu ospatzeko

2011/06/10

Pergaminoko Lagun Onak Euskal Etxeak dantzari ohien topaketa egingo du ekainaren 18an 60. urtemuga ospatzen hasteko
Pergaminoko Lagun Onak Euskal Etxeak dantzari ohien topaketa egingo du ekainaren 18an 60. urtemuga ospatzen hasteko

PUBLIZITATEA

Buenos Aires hiriburutik 222 kilometrora dago kokatuta Pergamino eta Buenos Aires probintziako beste hainbat herrik bezala euskal jatorrizko biztanle ugari dauka. Euskal etxe bat sortzeko asmoarekin bildu ziren Pergaminoko euskaldunek XX. mendearen erdialdera, eta Lagun Onak sortu zuten. Sei hamarkada joan dira eta Pergaminoko euskal etxeko kide eta lagunek erakundearen 60. urteurrena ospatuko dute aurten, komunitateari zuzendutako hainbat proposamen eginez: datorren astetik hasita, dantzari ohien topaketa, Udako Euskal Unibertsitateko hitzaldiak eta Arrondoren bisita izango dira urtean zehar gauzatuko diren ekintzetako batzuk.

Pergamino, Argentina. 60. urteurrenaren urtean ekintza anitzeko egitaraua prestatzen ari dira Pergaminoko Lagun Onak euskal etxeko kideak. Urtebetetzearen poza komunitate osoarekin konpartitzeko asmoarekin, garai guztietako dantzari ohien topaketa egingo dute ekainaren 18an. “Dantzak, abestiak, janari gozoa eta oroipen politak batuko dituen erromeria izango da”, azaldu diote euskal etxetik EuskalKultura.com-i.

Jaia euskal etxeko egoitzan izango da, 9 de julio kaleko 835. zenbakian, eta joateko asmoa dutenek euren partaidetza konfirma dezakete lagunonakpergamino@yahoo.com.ar helbidera idatziz edo telefonoz zenbaki honetara deituz: 02477-426707.

UEU Pergaminoko euskal etxean

Ospakizunen testuinguruan, Argentinako Udako Euskal Unibertsitateko irakasleei irekiko dizkie ateak Pergaminoko Lagun Onak-ek. Ekainaren 24an, arratsaldeko 8etan eta Hector M. Gutierrez hiriko alkatearen hitzekin hasiko dira bi egunez luzatuko diren jardunaldiak.

UEUko ikastaroaren programa eta ordutegiak, hauexek izango dira:

Ostirala, ekainaren 24a

-18:00etan: Hasiera. Hector Gutierrez alkate, Julio de Sautu euskal etxeko lehendakari eta Enrique Aranburu UEUko arduradunaren ongi etorri hitzak
-18.30etan: “Euskaldunen misterioa”,  Mikel Ezkerro hizlari
-19.30etan: “Euskaldunen jatorria”, Jorge Beramendi hizlari
-20.15etan: “Euskal Herriko itsaslapurreta”, Jorge Otaño hizlari

Larunbata, ekainaren 25a

-09.30etan: “2012ko Udako euskal Unibertsitatea”, Enrique Aramburu
-10.00etan: “Iparralde, bere literatura eta musikaren bidez”, Carlos A. Irisarri 

-10.45etan: Atsedena

-11.00etan: “Euskal estatua”, Pedro Beramendi
-11.45etan: “Euskadunak Pergaminon” Jorge Beramendi
-12.30etan: Eztabaida eta amaiera

Ekimena irekia da, komunitate osoari zuzendua eta dohainik. Partehartzaileei agiriak emango zaizkie.

Pergaminoko “Ahotsak”

Baina komunitateari begirako ekintzak ez dira hasiko aste honetan. Izan ere, euskal etxea ordezkatzen duen “Ahotsak” abesbatza ibilbide polita egiten ari da azken bolada honetan. Euren azken kontzertua Uruguain izan da, Bella Union herrian hain zuzen. Martin Aguilar-ek zuzentzen dituen kantariek La Plata ibaia zeharkatu zuten, errepertorio oparoa eskaintzeko Uruguaiko aipatu herri horren 186. urtemugan.

Pergaminoko Ahotsak abesbatza 2011 01

[Pergaminoko Lagun Onak euskal etxeko Ahotsak abesbatzako kideak Uruguain]

Kontzertuan bertako beste musika talde batzuekin konpartitu zuten agertokia “Ahotsak”eko kideek eta ikuskizunaren arrakastaren karietara, datozen jaietan parte hartzeko gonbitea jaso dute Pergaminoko abeslariek Artigas Departamenduko Kultura Zuzendariaren partetik.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia