euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Doctor Deseo talde bilbotarrak "Deseo: Cartografía imposible" diskoa aurkeztuko du hil honetan Mexikon

2011/06/10

Doctor Deseo talde bilbotarra
Doctor Deseo talde bilbotarra

PUBLIZITATEA

Doctor Deseo taldeak bidaia egingo du Mexikora hil honen erdialdera eta 'Deseo: Cartografía imposible" izeneko azken lana aurkeztuko die bere zale mexikarrei. Herrialde honetan jarraitzaile fidelak ditu taldeak eta azken hamar urteetan musikarien bisita noiz jasoko zain izan dira. Bada, azkenik, hilaren 21ean kontzertua emango du Doctor Deseok Mexiko hiriko Lunario antzokian. Aldez aurretik, hilaren 17an, DFko Euskal Etxean izango dira bilbotarrak, bertako euskaldunak ezagutzeko. Kontzerturako sarrerak zozketatuko dituzte topaketan.

Bilbao, Bizkaia. Hamar urtetan hainbatetan amestutako bidaia egingo du hil honetan Doctor Deseo talde bilbotarrak, David Fernandez managerrak EuskalKultura.com-i azaldu dionez. Taldea duela hamar urte izan zen bertan jotzen eta harrez gero zale mexikar sutsuenek sarri eskatu omen diete bueltatzeko. "Duela hiru urte hortxe-hortxe izan ginen, baina azkenean ez zen bidaia atera", dio Davidek. Orain, azkenik, "Deseo: Cartografía imposible" lan berria aurkeztuko dute bertan, ekainaren 17tik 24ra. Etxepare Institutuaren laguntza izan du taldeak hainbat kontaktu egin eta bira antolatzeko.

Taldeak Mexikon izango duen lehen hitzordua euskal komunitatearekin izango da, eta ekainaren 17an bertan Euskal Etxean izango dira musikariak, bazkideekin afaltzen. Parada ezinhobea izango da talde beterano eta ia mitiko hau ezagutzeko. Lagunarteko topaketa honetan, taldeak Lunarioko kontzerturako sarrerak, CDak eta kamisetak zozketatuko ditu bazkideen artean.

Ekainaren 18an taldeari elkarrizketa egingo diote Grupo Imagen irratiko Radio RMX saioan. Ondoren kontzertu akustikoa eskainiko du taldeak zuzenean. Irratsaiotik irten eta beste emanaldi akustiko bat egingo dute bilbotarrek, Bizarro aretoan. Emanaldi nagusia, baina, ekainaren 21ean izango da, Lunario antzokian (21:00tan).

Zuzeneko indartsua

Kontzertuotan Doctor Deseok betiko kantuak eta azken laneko abesti berriak aurkeztuko ditu, gehienak gaztelaniaz, zenbait euskaraz. "Deseo: Cartografía imposible" da taldearen azken lana, hamabigarrena, eta iaz argitaratu zuen Baga Biga diskoetxeak. Euskal musika munduan proposamen berezienetakoa da Doctor Deseo eta sexua, desioa, gaua eta inkomunikazioa bezalako gaiak jorratzen ditu kantu gazi-gozoetan. Taldearen jendaurrekoa indartsua eta probokatzailea da, Francis kantariaren taulagaineko jarrera kartsua dela medio, eta zale talde fidela bildu du hainbeste urteko ibilbidean.

-Informazio gehiago, Doctor Deseoren webgunean, hemen

"Que amanece de nuevo" abestiaren bideoa: 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia