euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Parisko Gazteria Dantza Taldeak frantses hiriburuko Navarra Siempre eta talde hispanoen Gabon jaian dantzatu zuen

2025/12/11

Parisko Gazteria Dantza Taldea Parisko 19. arrondizamenduko udaletxean (argazkia Udaletxea)
Parisko Gazteria Dantza Taldea Parisko 19. arrondizamenduko udaletxean (argazkia Udaletxea)

PUBLIZITATEA

Paris, Frantzia. Aurten 50 urte bete dituen Pariseko Gazteria Dantza Taldeak emanaldi polita eskaini zuen joan den igandean, abenduaren 7an, hiriburu frantseseko 'Navarra Siempre' elkarte nafar paristarraren eta komunitate hispaniarraren bilgarri diren ALCE, APESCE eta APFERF elkarteek antolatutako Eguberriko festan. Jaia hiriko 19. arrondizamenduko udaletxean iegi zen eta Pariseko Euskal Etxeko dantzariekin batera, beste artista batzuek ere hartu zuten parte arratsaldeko programan, tartean, Gabon Kantak abestu zituzten ALCEko ikasleak eta ‘Eguberriko magia’ ikuskizuna eskaini zuen Cayetano Vela magoa.

Euskal dantzak joan den igandean Parisen egin zen 'Navarra Siempre'ren Eguberriko Jaian

Fandango eta Arin-arin, San Petrike, Arku eta Brokel dantzak… izan ziren bertan eskainitako errepertorioaren osagai. Emanaldian trebetasuna ez ezik, jantzi tradizionalak eta Euskal Herriko lurralde ezberdinetako dantza ugaritasuna jendaurretu zuten euskal dantzari gazteek.

50. urteurrena

Gogora dezagun 1975ean sortu zela Pariseko Eskual Etxea-ren baitan Gazteria Dantza Taldea eta, beraz, 50 urte bete dituela aurten. Urtebetetze biribila egoki ospatzeko, taldekideak Euskal Herriraino joan ziren eta besta ederra antolatu zuten abuztuan Heletan (Behe Nafarroa), dantzaldi handi batekin. Egun elkartea osatzen dutenek mila esker berezia eman nahi izan diete urtean zehar, mende erdi honetan “dantzatu, josi, batera edo bestera lagundu, babestu eta taldeari bizia eman dioten guztiei"; hala egin dute sare sozialetan ere, hamaika argazki argitara emanez urteotako jarduerez eta euren historiaz.

Ospatzeko modurik onena, hala ere, lekukoarekin aurrera egitea eta geroa prestatzen segitzea da, ilusioa eta engaiamendua belaunaldi berrietan ereinez eta horretan ere gogor dabiltza Gazteria dantza taldeko lagunak. Parisen bizi bazara eta probatu nahi baduzu, entseguak eta klaseak Euskal Etxean egiten dituzte, ordutegiak adinaren arabera antolatuta: Pinpirinak, 3 urtetik aurrera eta nerabeak: larunbatetan daukate entsegu edo errepika 15:30ean; Mutxikokoek, heldu hasiberriak: ostiraletan 20:00etan; Gazteria taldea: ostiraletan 20:30ean. Izena emateko edo informazio gehiago eskuratzeko, gazteria.taldea@gmail.com idatzi dezakezu.

Zorionak, Gazteria!

Gazteria Dantza Taldea Instagramen, gazteria_dantza_taldea



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia