euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakastatsu bukatu da Limako Euskal Etxeak bertan antolatu duen Gernikari buruzko erakusketa

2012/09/25

Gernikako Bonbardaketaren 75. Urteurreneko erakusketaren inaugurazio ekitaldia Liman (argazkia LimaEE)
Gernikako Bonbardaketaren 75. Urteurreneko erakusketaren inaugurazio ekitaldia Liman (argazkia LimaEE)

PUBLIZITATEA

Amaitu da Peruko hiriburuan ikusgai izan den Gernikako Bonbardaketaren 75. urteurreneko erakusketa eta Limako Euskal Etxeak jardueraren balioespen baikorra egin du. Euskadiko ordezkaritzarekin lankidetzan antolatu zuen euskal etxeak erakusketa eta bisitari ugari izan ditu. Inaugurazio ekitaldian euskal komunitateko kideak eta Limako kultur eta politika alorreko lagun asko bildu ziren. Hunkituta entzun zuten aspaldi Perun bizi den Jon Guarrochena euskaldunaren kontakizuna: bonbardaketan egon zen hiru urte baino ez zituela eta gertaerak bere familiaren bizitzan marka latza utzi zuela aitortu zuen.

Lima, Peru. Limako Euskal Etxeak eta Euskadiren Peru eta Txilerako Ordezkaritzak antolatuta, Gernikako Bonbardaketaren 75. urteurrenari buruzko erakusketa ikusgai izan da Peruko hiriburuan. Erasoari buruzko argazki, mezu eta kontakizunekin prestaturiko panelek osatu zuten erakusketa eta, Limako Euskal Etxeko presidente Raul Noblecillak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, "hunkigarria izan zen, esaterako, bonbardaketaren aurreko eta osteko argazkien arteko konparaketa egitea".

Inaugurazio ekitaldian Limako kultura eta politika munduko lagun asko bildu ziren, eta baita euskal komunitateko bazkide ugari ere. Horien artean izan ziren Euskadiren Txile eta Perurako ordezkaria, Ana Urchuegia; Limako euskal etxeko presidente Raul Noblecilla, espainiar enbaxadore Juan Carlos Sánchez Alonso eta Miguel Irizar, Callaoko apezpiku ohia. Aurkezpenean, Ana Urchueguia ordezkariak Gernika euskaldunentzat bakearen eta askatasunaren ikurra dela azaldu zuen.

Lima Expo Gernika (3)

[Inaugurazio ekitaldian bildu ziren zenbait lagunen artean, Raul Noblecilla (Euskal Etxeko presidentea), Ana Urchuegia ordezkaria eta Jon Guarrochena, bonbardaketaren lekukoa (argazkia LimaEE)]

 Lima Expo Gernika (2)

[Limac aretoan lagun asko bildu ziren erakusketaren inaugurazio ekitaldian (argazkia LimaEE)]

Zuzeneko lekukoa

Inaugurazio ekitaldiko hitzaldi zirraragarriena bonbarkaten izan zen euskaldun batena izan zen. Jon Guarrochena aspaldi bizi da Perun, baina hiru urte baino ez zituela, bere amak Gernikara eraman zuen 1937ko apirilaren 26en, astelenetako azokara. Eguna ederra zen eta inguruetako baserritar eta bisitari asko bildu ziren herrira, baina arratsaldean ezustean nazien Heinkel He 111 hegazkinek bonba su-eragileekin herria kiskaldu zuten.

Guarrochenak hitzaldian aitortu zuen berak ez zuela ulertzen zer ari zen gertatzen, "baina badakit nire amatxorentzat oso gogora izan zela eta ezin izan zuela sekula ahaztu. Zenbat lagun hil ziren?", galdetu zuen, Guarrochenak, Steer kazetari ingelesaren hitzekin erantzunez: "Gernikako herritarrentzat ez da zifra kontua, baizik eta bildur izugarri eta amaigabearena". Izan ere, Noblecillak markatzen duenez, herriaren %70a kiskalita edo birrinduta gelditu zen. Aurkezpenean Guarrochena biziki hunkitu zen eta bertaratu zirenek txaloekin eman zioten jarraitzeko sostengua.

Limako Euskal Etxeko koruak kantaldia eskaini zuen eta “Gernikako Arbola”, “Txoria Txori” eta “Agur Jaunak” kantuak abestu zituen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia