euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Azaroa arte egingo diren ekitaldiekin ospatuko da Liman Arantzazuko Amaren Kofradiaren 400. urteurrena

2012/09/06

Limako San Frantzisko komentua: bertan sortu zen 1612an Arantzazuko Amaren Kofradia. 105 bazkidek sinatu zuten sorrera akta eta elkartearen oinarriak
Limako San Frantzisko komentua: bertan sortu zen 1612an Arantzazuko Amaren Kofradia. 105 bazkidek sinatu zuten sorrera akta eta elkartearen oinarriak

PUBLIZITATEA

Igande honetan hasita, datozen hileetan zehar hainbat ekitaldi egingo dira Perun Arantzazuko Amaren Kofradiaren sorreraren 400. urteurrenaren karira. Adituen esanetan, Ameriketako euskal elkarterik zaharrena da kofradia, eta ia 150 urte hilik egon ondoren, aurten berpiztu egin du euskal-perutar historialari eta euskaltzale talde batek. Egingo diren jardueren artean azpimarragarria da elkarteari buruzko liburu baten argitalpena eta azaroan Liman egingo den mintzaldia.

Lima, Peru. Arantzazuko Amaren Kofradia berpizkundea bizitzen ari da azken hilabeteetan, Ameriketako euskal elkarte zaharrena berreskuratzen tematu diren euskal-perutar euskaltzale batzuei esker. Iragan otsailean talde honek elkartearen eraketa-eskritura publikoa erregistratu zuen, eta lanean ari dira harrezkero, baina kofradiaren berraktibatze ofiziala azaroan egingo da, elkartearen sorreraren 400. urteurrenaren karira.

Ekimenaren sustatzaileek azaldu dutenez, euren helburua "bidegabekeria historiko bat" zuzentzea da, izan ere, "1865eko irailean Peruko gobernuak elkartea desegin egin zuen, Euskal Herriari eskubide eta eskumen oro kendu zizkion erregimenaren oniritzia lortzeko".

Francisco Igartua saria

Igande honetan bertan hasiko dira Liman gaiaren inguruko ekitaldiak (Arantzazuko Amaren eguna hilaren 9an ospatzen da Perun). Limako San Frantzisko basilikan (kofradia sortu zen lekuan bertan) ama birjinaren omenez bi meza elizkizun egingo dira: lehendabizikoa goizez, Limako Euskal Etxeak eskatua eta Miguel Irizar Callaoko apezpiku ohiak gidatua. Bigarrena, gauez, euskal ama birjinaren jarraitzaileek antolatua. 

Hurrengo ekitaldia urriaren 18an egingo da, Arantzazuko Ama Liman tronuratu zuteneko 366. urteurrenean. Egun horretan emango da banatuko da lehen aldiz “Francisco Igartua” saria. Kofradia berpiztu duen euskaltzale taldeak sortu du saria, eta ekitaldi honen bitartez Francisco Igartua kazetaria omentzea da helburua. Igartua, euskaldunen semea, Peruko kazetaririk ospetsuenetakoa zen eta "bera izan zen Limako Kofradiaren historia argitara ekarri zuena, Euskal Gizataldeen II. Mundu-Batzarrean eman zuen hitzaldiarekin", agertu dute sariaren antolatzaileek. 2005. urtean hil zen.

Kofradiari buruzko liburua

Ospakizun nagusiak azaroan egingo dira, Kofradiaren 4. Mendeurrenarekin batera. Horien artean aipagarria da elkarteari buruzko liburu baten argitalpena. Berpizkundearen sustatzaile taldeko kide Jhon Bazan Aguilar adituak bildu ditu liburuan agertzen diren dokumentuak, eta Oskar Alvarez Gila euskal historialariak zuzendu du ikerketa. Argitalpen honen helburua, Bazanen esanetan, "kofradiaren historiari buruzko dokumentuak berreskuratzea eta gordetzea" da.

Azaroaren 6ean Kofradiaren sorrerari eta bere ibilbideari buruzko mintegi bat egingo da Limako Riva Agüero Institutuaren egoitza nagusian. Institutu honen zuzendaria José De la Puente Brunke historialari eta abokatua da, jatorrizko elkarteko otsein-buru edo zuzendaritza-kide baten ondorengoa.

Horrez gain, Kofradiak kide berriak onartuko ditu (bazkide sortzaileen ondorengoak eta elkartearen berpizkundea sustatu dutenak, besteak beste). Ekitaldi erlijioso eta kulturalak ere egingo dira, adibidez Txileko Santiagotik ekarritako Gernikako Arbolaren kimu baten landaketa.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia