euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentina eta Uruguaiko abertzaleek ikurrin kolorez jantzi zuten 'Plaza de Mayo' Aberri Eguna ospatzeko

2010/04/06

Argentina eta Uruguaiko Euskal Diasporaren Eztabaida Gunea antolatzaile, ehun bat lagun bildu ziren joan den larunbatean Buenos Airesko Plaza de Mayo-n, euskal egutegian hain garrantzitsua den data hau aldarrikatzeko. Ekin eta Aiara Dantza Taldeek musika eta dantza jarri zizkioten goiz eguzkitsuari eta festa giro egokia sortu zuten Euskal Herriaren independentziaren aldeko agiriak irakurtzeko. Ekitaldia bukatuta, bildutako jendeak bazkaria partekatu zuen Eusketxe, Euskaltzaleak eta Ekin-en egoitzan. Ondoren, Iparraldeko Euskal Etxera mugitu ziren ospakizunekin jarraitzeko: bertan “1512 Nafarroaren Konkista” filma eman eta dantzariek ordubeteko ikuskizuna eskaini zuten. Afalostean, Joseba Gotzon musikari bizkaitarrak abesti herrikoi batzuk kantatu zituen gitarra eta soinuak lagunduta. Aipatzekoa eta gauza berria da hainbat herritako lagunak hiribururatu zirela Aberri Eguna beste abertzale batzuekin ospatzeko. Hor ziren FEVAko lehendakari eta aldi berean Santa Rosako Euskal Etxekoa ere baden Ricardo Basterra, FEVAko batzordekide den Villa Mercedesko Julio Esnaola, eta Cañuelasko Euskal Etxeko lehendakari Daniel Sancholuz, batzuk aipatzearren (ikus argazkiak eta bideoa).

Gehiago irakurri...


EuskalKultura.com parte hartzaile gaur, urtero bezala, Sarako Liburu Azoka eta Idazleen Biltzarrean

2010/04/05

EuskalKultura.com, partaide gaur Sarako Idazleen Biltzarrean Urte batzuk badira EuskalKultura.com partaide dela Bazko Astelehenez, Sarako herriak urtero antolatzen duen Euskal Idazleen Biltzar eta Liburu Azokan, euskal Diasporari eta bertan egiten den euskal kultura eta ahaleginari presentzia emanez, kasu honetan euskal kulturaren Iparraldeko bilgune den Sarako hitzorduan. Inguruetan ibil daitekeen buletinaren eta webgunearen irakurle edo harpideduna zinez gomitatua da bertatik pasa eta azken urtean eta boladan euskal kulturak Iparraldean izan dituen emaitzen berri eskuratzeaz gain, EuskalKultura.com-en stand-aren atzean ibiliko den gure zuzendari Joseba Etxarri agurtu eta momentu batez solastu eta aurrez-aurre mintzatzeko. Gaurko Sarako hitzorduaren ondoren, buletina-eta normaltasunera itzuliko dira bihar.

Gehiago irakurri...


Datorren astera arte

2010/03/31

Euskal Herrian, herrialdea ezagutzeko baliatzen dituzte askok Aste Santuko bost opor egunak (argazkia euskal-denda.com) Gure irakurleek jakingo duten bezala, Hego Euskal Herrian aste honetan, Aste Santuan, bost jai egun segidan markatzen ditu egutegiak, ostegunean hasi eta asteleheraino, biak barne. EuskalKultura.com hasi zenetik, ez ditugu hartu eta lan egin izan dugu. Bestalde, Bazko astelehenarekin Sarako (Lapurdi) Idazleen Biltzarra eta Liburu Azoka da urtero, eta bertan izan eta parte hartzeko ohitura hartu dugu, EuskalKultura.com gisa stand bat ipiniz, aurten ere egingo dugun moduan. Haatik, aurten aurreko lau egunak, hemen jai egun direnez, hala hartuko ditugu. Beraz, orain irakurtzen ari zaren buletina eta berria, irakurle, azkena duzu datorren astera arte. Orduan ikusiko dugu berriz ere elkar. Datorren astera arte.

Gehiago irakurri...


FEVAk mezua bidali du Aberri Eguna dela eta, hedabideetara zabaltzea eskatu duen testu batekin batera

2010/03/31

Argentina eta Uruguaiko Euskal Diasporaren Eztabaida Gunetik afixe hau helarazi digute, datorren larunbaterako, Aberri Egun bezperarako, Buenos Airesen egin duten deialdiaz Datorren igandean Aberri Eguna dela eta, FEVAk, Argentinako Euskal Erakundeen Federazioak, mezu bat bidali die bazkide dituen euskal etxe eta elkarteei, egun honen garrantzia gogoratuz eta "ezinbesteko egun"tzat joz "nor garen adierazi eta geure euskal izatearen lekukotasuna eman dezagun". Oharrak segitzen du esanez: "guztiei opa dizuegu elkarrekin topo egiteko Aberri Egun bat, geure sentipena suspertuko duena, ikurriñak geure nortasunaren adierazle". Oharrak beste testu bat ere atxikitzen du, data honen datu historiko batzuk ematen dituena, eskatuz euskal etxe bakoitzak bere inguruko komunikabideetan bana dezala igandea baino lehen. Datozen lerroetan testu horren berri ekarri dugu, esan nahi baita Cesar Arrondok FEVAren eskariz egin duen testu horren laburpena.

Gehiago irakurri...


Baldosaz egindako balizko zubi batek lotuko du San Nicolasko Euskal Etxea Euskal Herriarekin

2010/03/31

Bilboko alkateak San Nicolasko Euskal Etxeari bidalitako baldosa (argazkia EE) Harreman birtualen garaian bizi gara gizakiok. Argi denez, internet sareak zer ikusi handia du munduan zehar zabalduz joan den fenomeno honetan. Baina gertaera birtual horien atzean proiektu zehatzak dauzkaten gizon eta emakumeak daude, batzuetan ametsezko egitasmoak errealitate bihurtzeko asmoarekin. Eta hori da San Nicolas herriko euskal etxeko kideen helburua. Haiek Euskal Herria eta San Nicolas elkartzen duen zubi bat egin nahi dute eta egingo dute euskal etxeko patio batean Euskal Herriko hainbat herritatik bidalitako baldosekin. 'Horrela euskaldunen ondorengook gure arbasoek zapaldu zuten zoru bera zapaltzeko aukera izango dugu', adierazi du Damian Cebey euskal etxeko lehendakariak. Argentinako erakundeak jadanik jaso du Bilboko baldosa bat --alkateak berak bidalitakoa-- eta internet bidez gonbidatu du nahi duten guztiek beren ekarpena egin dezaten.

Gehiago irakurri...


Peio eta Pantxoa kantariak pozik Kalifornian barrena arrakasta handiz egin duten kontzertu birarekin

2010/03/30

Peio (ezkerrean) eta Pantxoa (eskuinean) kantariak Chinon martxoaren 26an eskaini zuten emanaldian (argazkia Jenny Zinbel) Kantu bikotea pozik eta publikoa are gehiago. Arrakasta handikoa izan da Pantxoa eta Peio kantari bikote ezagun eta eskarmentudunak AEBetan, Kalifornian barrena egin berri duen kontzertu bira. Los Angeles aldeko Chino herriko Euskal Etxean lehenik eta San Frantziskokoan ondoren, Kaliforniako publiko euskaldunak besoak zabalik hartu ditu, izan ere Euskal Herrian bertan gertatzen den bezala, bikotearen kantuak bertako pertsona eta familia askoren bizitzako soinu-banda eta aire lagungarri izan baitira. Bi kantariek Mixel Ducau izan dute gitarran laguntzaile eta Iñaki Dieguez akordeoian. Guztiak etxekotzat hartuak izan dira eta heien esanetan ere, "etxean bezala sentitu gara". Kantaldiak emateaz gain, turismo pixkat egiteko aukera ere izan dute eta Kaliforniako hiri eta paraje naturaletako batzuk dastatu ahal izan dituzte, bertako euskaldunak gidari.

Gehiago irakurri...


Kokein talde eibartarrak apirilaren 6ra arte luzatuko den bira hasiko du aste honetan Japoniako sei hiritan barrena

2010/03/30

Talde euskaldunaren bira japoniarraren afixa Hamar urteko epean laugarren diskoa grabatzen hastekotan den talde euskaldunak egingo duen egiazko lehenengo nazioarteko bira izango da, orain artean Euskal Herrian eta hurbileko inguruan bakarrik ibili baita. Atzo abiatu ziren Euskal Herritik, bihar asteazkena lehenengo emanaldia egin eta apirilaren 6ra arte, zazpi eguneko epean, orotara sei kontzertu eskaintzeko. Kantu bat prestatu dute japonieraz: "Ahoskerarekin asmatzea espero dugu eta bertakoek gustukoa izatea". Itzulitakoan euren laugarren diskoa prestatzeari ekingo diote eta, nork daki, agian izaten ahal du keinu japoniarren bat.

Gehiago irakurri...


Euskal Herriko gazte bat zara eta zure euskal kultura ezagutzak Argentinan partekatu nahi dituzu? 'Hator hona'

2010/03/29

'Hator hona'ren iazko edizioan parte hartu zuten Euskal Herriko gazteak 'Hator hona' du izena Euskal Herriko gazteak Argentinako Necochea-ra udan hilabetez bizia bertako euskal etxeko gazteekin egitera gonbidatzen dituen programa. 18 eta 30 urte arteko gazteentzat dago pentsatua eta Necocheako Euzko Etxeak arrakastaz antolatzen du 2004az geroztik. Euskal Herritik parte hartzen duten gazteak, euskal musikaz, kirolez, kantuaz, dantzaz, gastronomiaz-eta dauzkaten ezagutzak partekatzen dituzte gazte argentinarrekin, eta hauek bertako bizimodua, ohiturak, lekuak eta abar erakusten dizkiete. EHko gazteek euren bidaia ordaintzen dute eta egonaldia Necochean --ostatua, janaria eta bertan egotea-- euskal etxearen kontu doa. Aurtengo egonaldia uztailaren 16tik abuztuaren 8aren bitartekoa izango da. Izena emateko epea apirilaren 23ra arte dago zabalik.

Gehiago irakurri...


Arrakasta handiz garatu zen Cañuelasko IV. Dantzari Festa, azken orduko gertaera larriek zikindua

2010/03/29

Cañuelasko Denak Bat-ek antolatutako IV. Dantzari Topaketan parte hartu zuen jendea, ikuskizuna bukatu ondoren (argazkia EuskalKultura.com) Berrehun bat dantzari bildu ziren asteburuan Cañuelasko Euskal Etxeak eratutako Aberri Eguneko IV. Dantzari Topaketan. Jai honekin hasi zen Euskal Etxea bere 50. urtemuga ospatzen. Ekitaldian, Cañuelasko alkate Gustavo Arrietak ikurriña jaso zuen opari, Daniel Sancholuz EEko lehendakariaren eskutik. 15 dantza talde aritu ziren orotara, tartean Euskal Herriko Aiara Taldea, Argentinako bere birako lehenengo emanaldia eskaintzen. Gau partean, partaideak Denak Bat-en egoitzan bildu ziren afaria partekatu eta erromeriaz gozatzeko. Guztia amaiturik, ordea, eta lo egiteko leku zuten Smata aterpetxera itzulita, dantzarietako gutxiengo batek basakeriaz jokatu eta instalazioetako elementuak hautsi eta kalte material larriak eragin zituen. Jarrera arbuiagarri honek asteburu alaia zena goibeldu eta igandeko giroa zinez baldintzatu zuen, ekintzaren larriaz gain, kalteak milaka peso izango direla pentsatzen baita.

Gehiago irakurri...


Apirila hurbildu ahala, gero eta gehiago dira 2010 euskara ikasturtea estreinatu duten euskal etxeak

2010/03/29

Tandilgo Gure Etxean Euskal Etxeko Cecilia Cenoz irakaslea euskara ikasleen aurrean mintzatzen Anitz aukera dago Euskal Herritik kanpo, euskara ikasteko. Nagusiak: aurrez-aurreko klaseak, edo Boga sistema, internetez ikastea balegia, online tutore batekin eta hilean behin aurrez-aurreko mintzapraktika barne. Argentinan biak erabiltzen dira, euskal etxearen arabera. 2010 ikasturtea martxoan hasia da euskal etxe batzuetan; beste hamaikatan apirilean abiatuko da. Erronka izan daiteke lehenengoz euskarari ekitea. Ikasteko arrazoia edozein izanik --arbasoena zen zerbait zeureganatzearren, ezohiko hizkuntza bat jakitearren edo, esaterako, erroekiko edo norbaitenganako maitasun kontuak medio-- hainbat jende dabil Argentinan euskal etxeetan euskara ikasten, bakoitzak lortu duen mailan, oinarrizko taldeetan edo aurreratuagoetan. Halaxe gertatzen da Chivilcoy, Rosario, Tandil, Viedma eta Rio Coloradon.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia