2010/03/18

"Gatza euskal artista talde hetereogeneoa Erroman izanen da udaberria inauguratzen! Pidgin aldizkari-fanzinearen azken zenbakia ere hemen eginen dute", dioskute Erromako Associazione Culturale Euskara-ko (ACE) lagunek, eurak Dipartimento Lingua e Cultura Basca dell'Universitá Popolare di Roma (UPTER) bulegoarekin batera heldu den astebururako hiriburu italiarrean prestatu duten kultur ekitaldia iragarriz. Pidgin aldizkaria aurkeztu eta arte abangoardiako Gatza euskal kolektiboak bere lagun idazle, musikari, poeta, argazkilari eta filosofoen presentzia erromaratuarekin prestatu duten ikuskizuna da larunbat eta igandez Erromak kutur arlo dinamiko eta alternatiboan eskaintzen duen proposamenetako bat, ikuspuntu askotatik interesgarrienetakoa seguruenik.
Gehiago irakurri...
2010/03/17

Txiletik abiatu da ekimena, bertako euskal Diasporatik bultzatua, herrialdea astindu duen lurrikara handiak kaltetutakoei laguntzeko, eta laguntza hori, Euskal Herriaren kasuan, euskaldunekin eta euskal historiarekin lotura zuzena duen Constitucion herriarengana bideratzeko eskatuz, kaltetuenetakoa izan den eta hildakoetako asko jasan dituen herri hau, XVIII. mende amaieran euskal ekimen bati esker eraikia izan bazen, egun, beste euskal ekimen batek lagun dezakeelakoan. Euskal diasporako kide aktiboa den Claudio Echeverria de la Barra abokatu euskal-txiletarrak egin du deia, Facebook-en orria zabalduz, eta euskal indarrak Constitucion-eko biztanleen alde biltzeko galdeginez
Gehiago irakurri...
2010/03/17

Gaztea da oso Saltako Euskal Etxea. Izan ere, joan den urteko abenduaren 3an, San Frantzisko Xabierren egunarekin eta Euskararen Egunarekin batera, urtebete bete zuen. Baina erakundeko kideek urrats handiak eman dituzte epe honetan Argentinako iparraldean euskal kultura hedatze aldera. Helburu horri jarraituz eta aldi berean Saltako komunitateari laguntzeko asmoz, anitz ekintza ari dira egiten Gure Etxea-koak. Beste batzuen artean ahalmen bereziko haurrak biltzen dituen Tobar Garcia Eskolari emango dioten babesa aipa daiteke. 'Oarin arteko balantzea ona baino hobea da', adierazi dio instituzioko lehendakaria den Jorge Saracho Bianchik EuskalKultura.com-i. 'Poz handia hartu dugu bakarrik ez gaudela ikustean. Saltako Udaletxe, FEVA, eta Euskal Herriko erakunde batzuen laguntza eta beste euskal etxe batzuena ere jasotzen dugu'.
Gehiago irakurri...
2010/03/17

XIX. amaieratik eta XX. mendearen azken herena hasi arte, Elko eta Nevadako Humboldt konderrian (Nevada) ardi industrairi buruz hitz egitea euskal artzainez mintzatzea zen, bertara iristen ziren euskal immigranteak artzain izateko etortzen baitziren Pirineoetako bi aldeetako euren herrisketatik, amets amerikarraren bila. Duela 40 bat urte, 1970etan, Elko inguruko artzainetarik %90 euskal jatorrikoak ziren. Sei urte geroago, kopuru hori bortizki jaitsia zen %14ra. Immigraziorik gabe, euskal komunitateak odol berria eta Euskal Herriarekiko lotura modu bat galtzen zuen. Eta euskaldunak, artzaintzarekiko esteka historiko eta afektiboa gorde arren, ez ziren gehiago artzainak AEB Mendebaldean. Honetaz guztiaz mintzatuko da bihar Elkon Kent McDoo.
Gehiago irakurri...
2010/03/16

Martxoan hasten da Hego Hemisferioan ikasturtea. Oporraldia bukatuta, eta lanera eta eskolara bueltarekin batera, euskal etxeek pixkanaka urteko aktibitateei berriro ekiten diete. Kasu batzuetan martxoan bertan irekitzen dizkiete ateak ikasleei, beste batzuetan eta ikasleriaren ordu-aukerari begira, apirilean. Irakasleei dagokienez, 'Argentinan Euskaraz'-en ikasle ohiak eta egun abian dagoen 'Euskara Munduan' programaren ikasleak dira. Klase hasierarekin urteetan zehar ikasitako guztia irakasteko aukera izango dute berriz ere Argentinako euskara irakasleek. Hizkuntza klaseez gain, euskal kulturaren arloko beste hainbat ekintzekin ere hasiko dira martxotik aurrera euskal etxeak.
Gehiago irakurri...
2010/03/16

Egunotan ari dira hasten Hego Ameriketako hainbat euskal etxe euren 2010 ikasturtea. Halaxe adierazi zaigu, esaterako, Mar del Platako 'Denak Bat' Euskal Etxetik eta Burnos Airesko 'Laurak Bat'etik. Mar del Platan, bertako EEko Artaburu Euskaltzale Taldetik azaldu dute lehenengo eskolak gaur arratsaldez hasiko direla Erdiko A Mailari dagokionez, eta hortik aurrera egingo dutela gainerako maila guztiek. Buenos Airesko 'Laurak Bat'etik ere hasi dira iragartzen euren ikasturte hasiera, kasu honetan eskolak apirilaren 6ra arte hasiko ez badira ere. Izena emateko aukerak, beraz, zabalik ditu euskara ikasi edo maila hobetu nahi duenak.
Gehiago irakurri...
2010/03/16

Londresko Basque Society-Euskal Elkarteak agiria plazaratu zuen atzo astelehena, poliziak bertako bazkide den Garikoitz Ibarluzearen atxiloketa dela-eta. Agiriak argitzen du igandean Londresen Garikoitz Ibarluzea atxiloketaren berri izan zutela, "indarkeria politikoko karguak leporatuta". "Argitu nahi dugu lehenik eta behin Garikoitz Euskal Elkartearen laguna eta bazkidea dela, baita London erdialdeko janari-denda bateko enplegatu urte luzez jardun duela ere, eta hori guztia aski ezaguna eta publikoa da pixka bat ezagutzen dugun edonorentzat", adierazten du Euskal Elkarteko Koordinazio Batzordeak sinatzen duen idazkiak.
Gehiago irakurri...
2010/03/15

Datorren ostegunean abiatuko da Bartzelonan Literaldia, euskal literatura Katalunian ezagutarazteko ekimena. Bartzelonako Euskal Etxeak eta UAB (Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa), UB (Bartzelonako Unibertsitatea) eta HEOko (Hizkuntza Eskola Ofiziala) euskara sailek euskal literatura Katalunian ezagutzera emateko antolatzen duten VI. Literaldia iritsi da. Hilabete batez errezitaldiak, irakurketak, musika emanaldiak, lehiaketak eta abarrak publiko katalana euskal literaturzaletzen ahaleginduko dira. Aurtengoan gainera Ipar Euskal Herriko Euskal Kultur Erakundeak sorturiko “Batekmila, euskal munduak” erakusketarekin biribilduko da jaialdia. Literaldia’10, martxoaren 18an hasi eta apirilaren 23an amaituko da, Sant Jordi egunarekin. Hortxe gonbidapena zabalik!
Gehiago irakurri...
2010/03/15

Ekitaldia datorren asteko asteartean egingo da eta Laurentzi Odriozola Venezuelako Valencia hiriko Notitarde egunkariko zuzendaria dauka protagonista. Caraboboko Unibertsitateak, "profesionalki zein pertsona gisa" dituen ezaugarri eta tasunak azpimarratuz, Zuzenbideko Honoris Causa Doktoregoa emango dio Laurentzi Odriozola Echegaray-ri, omendua "gizon kuraiadun, objektibo, orekatu eta justu" legez definituz, egungoa bezalako testuinguruan, "Venezuelan, zailtasun, gatazka eta egoerak larriak bizi ditugunean, non zoritxarrez, ados ez gauden gauzak salatu eta esateko oso kuraiatsua behar den izan", adierazi du eskola nagusi horretako buruak. Laurentzi Odriozola 1939an Euskal Herritik Venezuelara erbesteratua iritsi zen belaunaldiko gazteenetakoa da, hilabeteak zituela heldu baitzen, gurasoekin, gerora bere egin duen herrialdera.
Gehiago irakurri...
2010/03/15

Gaur arratsaldean ekingo zaie 2010 ikasturte berriko euskara eskolei hiriburu paraguaitarrean. Abenduan bukatu zen ikasturteari amaiera polit eta ondorio positiboduna eman ondoren, Asunciongo Jasone Euskal Etxea irrikaz ari da eskola berriak noiz hasiko zain, euskara ikasten hasi den taldea gehienbat oinarrizkoa bada ere, gogo handiz eta iaz emandako urratsak berritu, areagotu eta sakontzeko asmo biziz baitator, euskal elkarteak buletin honi jakin arazi dionez. Eskolak Asunciongo leku berean gauzatuko dira, esan nahi baita Euskal Etxearen egoitzan, lehenengo hitzordua gaur iluntzeko zazpi t'erdietan izango delarik. Euskara eta euskal kultura ezagutzak eskuratu edo hobetu nahi dituzten jendeak oro daude gonbidatuta.
Gehiago irakurri...