euskal diaspora eta kultura

2011/08/16
Necochea izango da aurten Euskal Aste Nazionalaren egoitza eta bertan bilduko dira Argentinako eta munduko beste herrialde batzuetako euskaldunak. Eguneroko errutinatik urrun, azaroaren 7tik 13ra arte luzatuko den jai erraldoi honetan bihotzaren hizkuntzak erabiliko dituzte lagunek elkarren artean komunikatzeko: dantza, musika eta euskara. Euskarari dagokionez, hiru lehiaketa tradizionaletan parte hartzeko gonbitea luzatu du Euzko Etxeak. Euskara klaseak iragartzeko kartelak, idazlanak eta postalak aurkeztu nahi dituztenek irailaren 30era arteko epea dute.
2011/08/13
Antxon Mercero zinegile lasartearraren 'Baserri galdua' laburmetraia aurkeztu eta eman berria dute Txileko Santiagon, 'Colectividad Vasca de Chile' izeneko euskal etxearen egoitza den Las Condeseko Estadio Español delakoan. Dokumentalak, Lasarte udalerrian geratzen diren azken baserriak hartzen ditu gai gisa. Bestalde, prentsa txiletarrak Euskadiko eta Txileko gobernu eta administrazioen artean sinatutako akordioaren berria islatu du, Andeetako herrialdeak bultzatu nahi duen deszentralizazio prozesuan lagungarri izan daitekeelakoan.
2011/08/12
Euskal Autonomi Erkidegoko Aldizkari Ofizialak atzo ostegunez eman zuen argitara Etxepare Euskal Institutuak, bere zuzendari Aizpea Goenagak sinaturik, Europa eta Ameriketako hamar unibertsitateri dagokionez, bertan Euskara eta Euskal Kultura eskolak emateko egotzi eta erabaki dituen irakurleen izenak. Erabaki honek datozen hiru urteetarako eragina dauka, 2011 urte hondarrean hasiko den ikasturtetik hasi eta 2014ko lehenengo seihilabetekoarekin batera amaitu denarekin bukatzeko.
2011/08/12
Hiriburu argentinarreko Euskaltzaleak gau-eskola edo euskaltegiak deia luzatu die bere bazkide, lagun eta parte hartu nahi duten guztiei, etor daitezen gaur gaueko 8etatik aurrera egingo duen aurtengo V. Topaketara, esan nahi baita euskara ardatz egingo den ekitaldi berrira, bere egoitzan, Independencia 1722 helbidean. Bildu nahi dutenei jostailuren bat ekartzea eskatzen zaie, Chaco-ko Quitilipi herriko 664. zenbakidun Eskolarekin garatzen ari den lankidetzari eusteko.
2011/08/12
2003tik hona urtero bezala, Euskal Herriko gazte taldetxo bat Argentinara bildu da aurten ere EHan uda eta Argentinan negua delarik, 'Hator Hona-Vení a la Argentina' egitasmoaren bidez bi herrialdeotako gazteen arteko truke eta elkar-ezagutzea bultzatzeko. Lau dira 2011ko gazteak --Jon Iraola, Ixiar Jauregi, Ainara Saez eta Urtzi Agirretxe-- eta ekimena kudeatzen duen Necocheako euskal etxean zenbait astez euskal kultura tradizional zein modernoaz dauzkaten ezagutzak partekatu ostean, beste leku eta euskal etxe batzuk ere bisitatu dituzte, tartean Tres Arroyos eta bertako Hiru Erreka Euskal Etxea. Hori biltzen du herriko La Voz del Pueblo egunkariak argitaratutako artikulu batek.
2011/08/12
Zaila da honelako berriak ematea. Baina sentimentuei gaina hartu behar diegu eta hitz bilakatu lagun bati azken agurra ematea baino izango den ez den artikuluska honetan. Labur idazten saiatuko naiz, jakitun izanik luze idatzirik ere motz geldituko naizela Maria Julia Ercorecari neurria hartzerakoan, Euskal Herriarekiko zeukan engaiamendu eta grina aipatzerakoan. Seguruenik hatzetatik ordenagailura jauzi egingo duten nire hitzak tristurazko intziri goibela izango dira beste ezer baino, nahiz eta gehienbat Maria Juliari eginiko azken miresmen-zeinu eta omenaldi apala izan nahi duten. Dantzak baino, Euskal Herriarekiko maitasuna irakasten zuen, eta berak eraindako haziak loratu dira eta loratzen segitzen dute Maipu, Mar del Plata eta Puerto Madryn bezalako leku eta euskal etxeetan, non eta bertako gazte eta ez hain gazteen bihotzetan. ezin dugu isilpean utzi atzo gertatutakoa. Beraz, uler ditzagun lerro hauek omenaldi bat bezala. Maria Julia Ercoreca ezagutu dugun guztion omenaldia.
2011/08/11
Buenos Aires hiriburutik jaso dugu bere familiak eta lagunek egindako deia, Olga Barandalla Sagastibeltza-ren aldeko odol emanketa egitearren, ostegun honetan egin beharrekoak zaizkio-eta ebakuntza bat euskal gizataldean ezaguna den kantari eta kide aktibo honi, oraindik ere odol emaileak lortu ez badituzte ere.
2011/08/11
Inork galdu nahi ez duen bi festa burutu dira azken asteetan Rosarioko Zazpirak Bat eta Arrecifes-eko Euskaldunak Denak Bat euskal etxeetan. Dudarik gabe, leku berezia du Iñaki Deuna edo San Inazio jaiak instituzio hauen egutegietan eta urtero bezala 2011 honetan ere ehunka gonbidatu bildu ziren batean zein bestean janari eta ardo onez, baita dantza ikuskizunez ere, gozatzeko. 2012ko urteurrenak antolatu bitartean – gogora dezagun Zazpirak Bat euskal etxeak 100 urte eta Euskaldunak Denak Bat-ek 90 beteko dituztela datorren urtean – jarduera luzeko bi erakunde hauek eten txiki bat egin zuten beren eguneroko eginkizunetan kide eta lagunen artean ospatzeko.
2011/08/10
'Buenos Aires celebra' edo 'Buenos Airesek ospatzen du', Argentinako hiriburuak kanpoko kolektibitateen omenez antolatzen duen ekitaldi bat da. Buenos Airesko Udalak bultzatzen duen erakustaldi hau hilero burutzen da hiriko Mayo etorbidean, eta azken bi urte hauetan 25 herrialdek izan dute euren kultura Rio de la Platako biztanleei hurbiltzeko aukera. Datorren abuztuaren 28an Euskal Herria izango da 'Buenos Aires celebra al País Vasco' festaren protagonista, eta Laurak Bat Euskal Etxearen eskutik hainbat erakundek erakutsiko diote publikoari "zer den euskal argentinarra izatea".
2011/08/10
Urteko lehenengo seihilekoan egindako ekitaldien berri jakinarazi digute Euskal Odola euskal etxeko kideek eta esan beharra dago ez direla gutxi. Martxotik hona, Fermina Mariezcurrena lehendakari duen elkarteak proposamen anitzetan hartu du parte, bai Ayacuchon bai inguruko beste herri batzuetan ere. Txahal festa, Argentinako Iraultza eta Independentziaren Eguna, eta Sanferminak izan dira Euskal Odola-ko lagunek ospatu dituzten jaietako batzuk. Ospatzeaz gain, egoitza propioa izateko bidetik ere irmo aurreratu nahi dute Buenos Aires probintziako herri honetako euskaldunek.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus