euskal diaspora eta kultura

2011/06/27
Euskal Herrira egin zuen bigarren bidaiaren 210. urteurrenean, Berlingo Euskal Etxeak omenaldia egin zion Wilhelm von Humboldt euskaltzale alemaniarrari, bere familiak Tegel herrian zuen gazteluan. Humboldtek euskarari buruz egin zuen ikerketa sakona berebiziko ekarpena izan zen euskal hizkuntzalaritzaren arloan, baina, nahiz eta Euskal Herrian nahikoa ezaguna den, Alemanian ez du halako entzuterik izan. Bernhard Hurch irakasle austriarrak iaz argitaratu zuen Humboldten euskal ikerketei buruzko liburukia. Hurchek hizkuntzalariaren lanari buruzko mintzaldia eman zuen omenaldian.
2011/06/27
Lehena bukatu, bigarrena hasi. Iragan igandean San Frantziskoko Euskal Etxean egindako 'final performance' edo 'azken emanaldia'rekin bukatu zen 2011ko NABO Udalekuaren lehenengo txanda, 13-15 urteko haurrena, eta hasiera eman zitzaion bigarrenari, 1-12 urtekoentzakoari, azken honi ere datorren larunbatean, hilaren 2an, beste 'azken emanaldi' batekin amaiera jarri arte. Lehenengoz antolatu dira aurten astebeteko bi txanda NABO Udaleku 70etako hamarkadan hasi zenetik, orain artean bi asteko txanda bakarra egin ondoren. Aldaketa, baliabideak mugatuak izanik Udalekun parte hartzeko eskaera gero eta gehiago hartu izana, eta guztiei baiezkoa eman nahi izatea, inor kanpoan utzi gabe.
2011/06/27
Londresko Euskal Etxeak 'Bertso Lunch' izeneko jaia egin zuen ekainaren 18an eta Jokin Uranga eta Amets Arzalluz bertsolariak gonbidatu zituen bertako euskaldunen aurrean kantatzera. Bazkariaren aurretik triki-poteoa egin zuten Dalston auzoko pub-etan barrena, jendea biltzeko ekitaldira. Giroa aparta izan zen eta trikitixaren doinuek harridura piztu zuten gehiengo afro-karibearra duen barruti honetan. Bazkalostean, bertsotan luze eta zabal aritu ondoren, elkarteko lagunak dantzan aritu ziren eta gaueko ordu txikietaraino luzatu zuten besta.
2011/06/27
Pellegrini eta Pehuajo herrietan egon ondoren “Gure Arropa” erakusketa Rauch hirira heldu da joan den ekainaren 19an. Magdalena Mignaburu Berhok prestatutako bildumak Euskal Herriko zazpi probintzietako XVIII., XIX. eta XX. mendeetako 20 jantzi biltzen ditu, eta “Esaidazu nola janzten duzun eta esango dizut non zauden” esaldiari eutsiz, jantzien bidez murgiltzen du publikoa euskal kulturan. Jende anitz bertaratu zen herriko udaletxera erakusketa ikustera eta Mignaburuk eskaini zuen mintzaldiaz disfrutatzera.
2011/06/25
Concepcion del Uruguay-ko 'Ibai Txori' Euskal Etxeko dantza taldea partaide izango da gaur larunbata ekainaren 25ean hiriaren 228. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldietan. Ibai Txori Argentinako Entre Rios probintziako euskal elkarteetako bat da, Concordia, Parana eta Victoriakoekin batera.
2011/06/24
Munduko euskal etxe asko eta asko ari dira atzotik hasita San Juan suak prestatzen eta asteburuan zehar egingo dituzte bereziki jaiak, ahalik eta bazkide gehien biltzeko, nahiz eta jaia berez bart izan zen. Santu baten izenekoa izanik ere, jentil jatorria du jaiak eta solstizioak markatzen duen ziklo berria ospatzen du. Munduko euskaldunen artean jarraitzaile asko ditu tradizio honek: batzuk sorginez mozorrotuko dira; beste zenbaitzuk sugarren gainetik salto eginez aro berriari zorte ona ekar dezan eskatuko diote. Madrilgo Euskal Etxean horrela egin zuten atzo bertan; Chivilcoy-n, Buenos Airesen, Caracasen, Mexikon... suak gaurtik igandera bitartean piztuko dira.
2011/06/24
Eusko Jaurlaritzak atzo jakinarazi du 2011ean zehar euskal etxeak dauden lekuetan kultur birak egiteko dirulaguntzak jasoko dituzten talde eta artisten zerrenda. Deialdi honetan 90.000 euro banatu dira orotara, hogei bat taldeen artean. Horietako batzuk egin dute jada bira edo emanaldia eta dirulaguntza orain jasoko dute. Beste batzuk datozen hilabeetetan egingo dituzte. Adibidez, udazken honetan Joseba Gotzon kantariak bira egingo du Txile, Argentina eta Brasilera; eta abenduan hainbat euskal dantzari Berlinen izango dira, hiriburu alemaneko euskal etxeak antolatu duen Euskal Koreografoen Bigarren Jaialdian.
2011/06/24
Boiseko Oinkari euskal dantza taldea eta hiri bereko 'Amuma Says No' musika taldea azkeneko ikutuak ematen ari zaizkio uztailaren 2tik hasita Euskal Herrira egingo duten bidaiara eraman behar dituzten trasteei. Bederatzi eguneko osteran ia Euskal Herri osoko lekuak bisitatuko dituzte, eta bertako zenbait dantza talde lagunekin bilduko dira. Bidaiak tokiko euskal dantza eta dantzarien eskarmentua hartzeko balioko die eta Euskal Herria eta bertako jendea eta giroa dastatzeko. Lehenengo bost egunetan Bilbon izango dute basea eta azkeneko lauak Donostian. Hortik Galdakao, Oñati, Iruñea, Gernika, Lesaka, Gasteiz, Hendaia eta Añorgara bidaiatuko dira, uztailaren 11an berriz Estatu Batuetarako bidea hartu arte.
2011/06/24
"Argi dago erakundeen muina kide diren gizon-emakumeak direla. Haiek dira proiektuak sortzen eta ametsak errealitate bihurtzen dituztenak. Hari honi eutsiz, bazkideak omentzeko egun berezi bat asmatu dute Pehuajoko euskal etxeko arduradunek. Aurten hasita, “Euskal Etxeko Bazkidearen Eguna” urtero ospatu nahi dute Buenos Aires probintziako herri honetan ekainaren bigarren igandean. Joan den 12an gauzatu zen lehenengo edizioan aipamen bereziak jaso zituzten Pepita Etxeberria Arana, Maria Pilar Bastida, Nelida Gonzalez Azpiroz eta Leire Montero Arbizuk.
2011/06/23
Boise 'etxe' bihurtuko da uda honetan Euskal Herriko zenbait gazterentzat, Idaho eta Euskadiko ekimenen artean adostutako programa pare bati esker. Alde batetik, Kyle Harbacheck Young Boiseko egoiliarra bertako nerabeentzako Euskal Herriarekiko truke programa bat gauzatzen saiatzen ari da eta, bestetik, Benan Oregi ere, Gasteizko Olabide Ikastolako guraso eta lehendakaria, ezaguna oso atzerriko euskal komunitateetan Jaurlaritzako Kanpoan diren Euskal Herritar eta Gizataldeentzako Zuzendaritzan teknikari gisa egiten duen lana dela-eta, truke programa bat antolatzen ibili da Olabide eta Boiseko eskola biren artean.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus