2011/03/10

Euskara-Ingelesa, Ingelesa-Euskara hiztegi berri bat plazaratu du Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies (CBS) erakundeak Michael 'Mikel' Morris hizkuntzalari eta irakaslearekin batera. Morris aspalditik Zarautzen bizi den coloradotarra da eta aurretik ingelesa ikasten ari diren euskaldunei zuzenduriko beste hiztegi baten egilea ere bada. Hiztegi berri hau, aldiz, euskara ikasi nahi duten ingelesdunei zuzendua da eta euskal kultura eta gramatikari buruzko oharrak eta azalpenak biltzen ditu.
Gehiago irakurri...
2011/03/09

Otsaileko azken astean eta martxoko lehenengoan ospatzen da 'Moxalaren Jaia' Coronel Vidal herrian, Buenos Aires probintziako Mar Chiquita partiduan. Tradizio handiko festa honek eskualde osoko bizilagunak biltzen ditu urtero Argentinako bertako ohiturez eta folkloreaz goza ditzaten. Festaren testuinguruan, urtero, 'Nabarmenduak' saria ematen zaio aurreko urtean zehar kultura eta kirolaren arloetan gailendu direnei. Mar Chiquitako euskaldunak lan handia ari dira egiten jaio berria den euren euskal etxe barne eta kanpoan. Haiek sortutako mutualitatearen bidez herritar askok jaso dute iaz lan-trebakuntza eta kari horretara elkarteak 'Nabarmenduak' saria jaso zuen martxoaren 2an, 33. Moxalaren Jaian.
Gehiago irakurri...
2011/03/09

Apirilaren 19tik 29ra izango da Kuban Erreniega korala eta bertako koruekin bi kontzertu eskainiko ditu, Santiagon eta Habanan. Horrez gain talde nafarrak habanera ikastaroa ere egingo du, kantu mota honi izena eman zion hiriko kantariekin. Zizur Zendeako taldeak hamabost urteko ibilbide luzea eta errepertorio mardula du: euskal kantuak, erlijiosoak, boleroak, tangoak, Venezuelako joropoak, habanerak, Argentina eta Txileko foklorea, jota nafarrak, gospela eta kanta zuluak ere, batzuk aipatzearren. Burutzen ari diren solasak ongi gauzatuz gero, Habanako euskal komunitatearentzat ere kantatuko dute euren egonaldian.
Gehiago irakurri...
2011/03/09

Argentinara joandako emigranteek gurasoei idatziriko gutunek nork irakurri aurkitu zuten joan den larunbatean Liginagan, Zuberoako zenbait elkartek antolaturiko gaualdian. Musika eta poesiak jantzi zuten ikuskizuna, Mixel Etxekopar, Jean-Christian Galtxetaburu eta Cécile Tison artisten ekarpenarekin. 'Euskaldunen Argentina' erakusketarako bildutako gutunak izan ziren ikuskizunaren oinarria. Euskal Kultur Erakundeak moldatu eta gauzatutako erakusketa internetez bisita dezakete Diasporako euskaldunek.
Gehiago irakurri...
2011/03/08

Tantaka, horrela ari dira laguntza biltzen Herri Urratseko antolatzaileak, Iparraldeko Ikastolen aldeko 2011ko jaia antolatzeko. Tamaina guztietako laguntzak dira baliotsuak, txikienak ere aldea egingo duelako euskarak Iparralden duen etorkizunean. Eguraldia etsai, iazko edizioan emaitza kaxkarra izan zuen jaialdiak, eta hori dela eta, aurtengo ediziorako eta ikastolentzako laguntza lortzeko 'Gu ere lakuko!' ekimen berria sustatu dute Euskal Herriko hainbat taldek. Diasporan ere deiak erantzuna izango duelakoan, aktibatu zaitez eta sustatu itzatzu zure euskara klasekoak edo euskal etxekoak, ahaleginak merezi baitu!
Gehiago irakurri...
2011/03/08

ETB1 kateko Ibil2d saioak Euskal Herrian zehar osterak egiteko parada ematen dio ikusleari, eta saioa zuzenean telebistaz ikusteko aukera ez dutenek, sarean segitu ahal izango dute saio osoa, Eitb.com webgunean. Joan den larunbatean estreinatu zen saioa, Urduñatik Nerbioi ibaiaren sorbururako bidea eginez. Ibil2d-k badakar hainbat berrikuntza: alde batetik, mapak, GPS eta errealitate areagotu bidez jarraitu ahal izango baitituzte ikusleek Jon Gomez garai aurkezlearen pausoak, eta bestetik, saioak sare sozialetan sustatuko duen ikusleen partaidetza, argazkiak, komentarioak eta ibilbideen proposamenak bilduz.
Gehiago irakurri...
2011/03/08

Munduan zehar eta herri anitzetan ospatzen ari dira Inauteriak. Euskal Herrian jai honen espiritua urtero biziberritzen da eta mozorro, kolore eta musika tresna tradizionalek kaleak hartzen dituzte, bazter guztiak alaituz. Argentinan, Hego Amerikako ohituren kutsua du jai honek eta murgek eta Afrikatik etorritako esklaboen soinuek edertzen dituzte konpartsa eta karrozak. Hala ere, eta euskal etxeei esker, Argentinako zenbait herritaraino heltzen da Euskal Herriko Inauterietako oihartzuna. Cordoba hirian, Txotx! Dantza Taldeak eta Baietz Taldeko musikariek Lantz-eko inauteria erakutsi zieten euren herritarrei.
Gehiago irakurri...
2011/03/07

Mallorcako Artea Euskal Etxeak Illes Balears-eko jaietan parte hartu zuen otsailaren 25etik martxoaren 2a bitartean eta berrikuntza batekin, parte hartu ere: irlako Erdi Aroko Merkatuan jarri zuten 'parada'-edo, stand batekin. Postu honetan euskal gastronomia dastaketak antolatu zituzten eta euskaldunen pintxoak eskuratzeko ilarak sortu ziren. "Standa jendez lepo zegoen", azaldu dio EuskalKultura.com-i euskal etxeko presidentak, Itsaso Esnalek. Elkartea pozik agertu da euskal kultura irlan ezagutzera emateko aukera hau baliatu duela eta. Esnalek aukera hau baliatzen du, besteak beste, euskal dantza irakasle bat eskatzeko.
Gehiago irakurri...
2011/03/07

Patxi Lopez lehendakaria Londresera bidaiatuko da gaur astelehena, bertan 'London School of Economics and Political Science'k antolatutako hitzaldi ziklo bat irekitzeko. Izan ere “Sozialdemokrazia. XXI. mendea” izenburupeko solasaldia eskainiko du Lopezek gaur iluntzean. Isabel Celaá Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua ere hiriburu ingelesera mugituko da, eta Lehendakariarekin batera ISISeko Neutroi-Espalazioaren Iturria bisitatzeko baliatuko dute bidaia, euskal enpresen presentzia handia duen proiektu hori gertutik ezagutzeko hain zuzen. Gaur gauez harrera-ekitaldia eskainiko die Lehendakariak bertan bizi diren euskaldunei.
Gehiago irakurri...
2011/03/07

Gogor egin dute lan London Basque Society-ko kideek Korrika 17ko Euskalaklip lehiaketarako bideoa prestatzen, eta emaitza sarean da ikusgai jada. Hiriko hainbat irudi tipiko ikus daitezke bideoan, euskaldun nekaezin bati jarraiki: Big Ben, Westminsterreko Legebiltzarra eta telefono kabina eta autobus mitikoak, besteak beste. Euskalakariak Korrika 17ri Londresko ongi etorria prestatzen hasiak dira orain, eta bitartean lehiaketan euren bideoari botoa emateko eskatzen dute. Gainera, hil honetan dantza ikastaroa hasiko dute eta larunbatean Keu Agirretxeak iaz Islandiako sumendia dela eta eman ezin izan zuen kontzertua eskainiko du.
Gehiago irakurri...