euskal diaspora eta kultura

2011/06/21
Bi gauza behar dira euskal etxe bati bizitza emateko: Euskal Herriko kulturarekiko maitasuna eta Euskal Herriaren maitaleak. Eta Saladilloko euskaldunek funtsezko bi ezaugarriok biltzen dituzte. Hori dela eta, egoitza propioa bukatzetik gero eta hurbilago daude; hori dela eta, komunitateari eskaintzen dizkioten proposamenak arrakastatsuak izaten dira. Lagun anitz hasi dira joan den astean euskara eskolak hartzen eta egoera bera espero da dantza klaseetan. Eta jendearen beste interes batzuei begiratzen dieten eskaintzak ere garatuko dira Itxaropen euskal etxean etorkizun hurbilean: Laura Nobile eta Elena Itcea FEVAko hizlarien emanaldiak eta Lagun Onak Abesbatzaren bisita.
2011/06/20
Urtero bezala, lagun ugari bildu ziren Jose C. Paz hiriko Altube Klubean bertako euskal etxearen urtebetetzea ospatzeko. Hitzordua, ekainaren 12an izan zen eta aspaldiko ohitura bati jarraituz, etxekoek prestatutako paella izan zen bazkariko menua. Zenbait euskal etxetako ordezkari eta kideak ere presente egon ziren, bere inguruan gizarte laguntzaren arloko erreferente den euskal etxe honen jaian, tartean, Suipachakoak, Gral. Rodriguez-ekoak, eta Buenos Aireseko Laurak Bat-eko lehendakari berria den Arantxa Anitua.
2011/06/20
Ikastola izena daraman eskola dago Argentinako Necochea hirian, baina ez da ohiko ikastola. Euskal hatsa bildu duen eskola honetan klaseak ez dira euskaraz ematen, baina neska-mutilek euskal kultura ikasten dute ikasgai legez, musika, dantza eta artearen bitartez. Joan den maiatzaren 20ean eskolako lau ikaslek saria jaso zuten Buenos Airesen, Argentinaren Bigarren Mendeurrenaren karira antolatutako lehiaketan. "Ikastolarentzat poz handia izan da", aitortu dio EuskalKultura.com-i Ikastolaren sustatzaile den Xabier Zubillagak.
2011/06/20
Domingo Aguirre, Mountain Home-ko idahotar euskalduna eta bere bizitza osoan arrantxu-lanei eta Mountain Home eta Boiseko euskal komunitateei lotua izan den aurpegi ezaguna Boisen hil da joan den asteartean, ekainaren 14ean, 90 urte zituela, azken hilabeteak Boiseko Arreta-Etxe batean pasaturik. Domingok naturalki eta bere inguruako makina bat gaztek bezala harro uztartu zituen bere amerikar eta euskal izatea, eta bataz zein besteaz harro zegoen oso. Euskal alderdiari dagokionez, beti lagundu izan zuen Mountain Homeko euskal komunitatea zein euskal etxea, eta Boiseko Euskal Etxeko kide zen baita ere. Mountain Homen beti zeukan laguntzeko borondatea, lankide izanez ala arkumeren bat emanez euskal elkarteari piknikerako. Domingok bere jaioterriko Anchustegui ostatuko dantzaldi batean ezagutu zuen emazte hartuko zuen Dolores Barinaga eta Boiseko St. John
katedralean ezkondu ziren 1946ko abenduaren 22an. Bi alabaren --Sylvia eta Diana-- guraso izan ziren. Domingoren aurpegia oso ezaguna egin zen Montain Home eta Idahotik kanpo ere, euskal itxuraren ikonotzat hautatu zutenean. Elmore konderriko rodeoko Grand Marshall ere hautatu zuten 2006an.
2011/06/17
Munduko edozein bazterretik Euskal Irrati Telebistaren programa aukera zabala ikusteko bidea ematen du Nahieran webgunea berriak. Telebista zein irratiko saioak, kirolak, albistegiak, telesailak, dokumentalak, haurrentzako programak, dibulgazioa, gastronomia...; iikusleak aukeratzen du zer noiz ikusi eta klik egite hutsarekin saioa hasi egiten da. Hala ere, oraindik ere EITBren artxiboaren zati bat besterik ez dago igota. Datozen hilabeteetan, gehiago.
2011/06/17
VIII. Euskal Herria Mugaz Gaindi mintegian parte hartu nahi duten historialariek eta ikerlariek oraintxe dute aukera euren lan proposamenak bidaltzeko, antolatzaileek uztailaren 15era arte ireki dutelako horretarako epea. Aurtengo mintegia Donostian egingo da, azaroan, Euskal Gizataldeeen Mundu Biltzarrarekin batera. Euskal emigrazioari buruzko mintegi honetan hizlari bezala parte hartu nahi duenak gai proposamen laburra bidali behar die antolatzaileei. Behin betiko testuak urriaren 1ean entregatu beharko dira.
2011/06/17
Mugimendu handiko bolada ari da bizitzen Rio Cuartoko Gure Ametza euskal etxea herri bertako komunitateari begirako ekintzetan zein mundurako proiekzioa dutenetan. Elkarteko lau kide --Cecilia Irusta, Iñigo Landera, Pablo Cufre eta Gustavo Echandia-- partaide izan ziren atzo, bideo bat tarteko, "Hamaika Pauso" eleberriaren pasarte bat irakurtzen Bilboko Arriaga Antzokian, 'Klasikoen IV. Irrakurraldian'. Historia, politika, hizkuntza, kirola... Euskal Herriko hainbat kultur adierazpenek leku berezia dute Cordoba probintziako euskal etxe honetan; bere kide eta lagunek guztiekin konpartitzen dituzte elkartearen buletina dela medio.
2011/06/16
Nekatuta baina pozik, horrela amaitu zuten eguna Berlingo euskal etxeko dantzariek 'Karneval der Kulturen' jaialdian. Eguerdiko ordu batean hasi eta arratsaldeko seiak pasatxo arte aritu ziren hiriko kaleetan dantzan, jaialdi hau ikustera bildu ziren milaka lagunen aurrean. Euskal taldean lagun alemaniarrak, turkiarrak eta estatubatuar bat ere aritu ziren; elkartearen eta hiriaren kultur aniztasunaren erakusgarri. Berlingo Euskal Etxea dantza arloko urteko bigarren ekimen handia prestatzen hasiko dira hurrena: Euskal Koreografoen 2. Jaialdia.
2011/06/16
Ikasturte osoan lanean aritu ondoren, euskara maila egiaztatzeko ordua heldu da eta aurten, lehen aldiz, HABEk euskal etxeetako ikasleentzako proba deialdi bereziak egin ditu Madrilen eta Bartzelonan. Orotara 40 ikasle aurkeztu dira, zazpi Bartzelonan eta 31 Madrilen (bertakoak, gehi Mallorcako eta Valentziako ikasleak). Emaitzak EAEkoen parekoak edo hobeak izan ohi dira, "horrek adirazten du euskal etxe horietako jardunaren seriotasuna eta profesionaltasuna; izan ere, Euskal Herritik kanpo euskara ikasteak dituen zailtasunak kontuan eduki behar dira", azaldu dio EuskalKultura.com-i 'Euskara Munduan' programako koordinatzaile Kinku Zinkunegik. Madrilgo taldeak gaur du ahozko froga. Zorte on guztiei!
2011/06/16
Argentinara heldu zirenean, herrialde osoan sakabanatu ziren euskaldunak. Euskal Herrian utzitako lurraren antza zuen paisaiaren edo hobeto bizitzeko aukera baten bila, nazio berriaren herri askotan kokatu ziren europatarrak, Buenos Airesetik hurbil baina hiriburutik oso urrun ere. Urratsak Santa Cruz probintziako Rio Gallegos hirira bideratu zituztenek ez zuten arbasoekiko lotura ahaztu nahi izan. Karia horretara 2006an biltzen hasi ziren euskal etxe bat sortzeko eta 2007an Hegoalde Argentinarra izenarekin, nortasun juridikoa lortu zuen Patagoniako euskal etxeak. Joan den igandean eta bandera argentinarraren herriko jasoera ekitaldian euskal erakundearen urtemuga oroitu zuen Gallegosek.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus