euskal diaspora eta kultura
2008/05/16
Buenos Aires Hiri Autonomoko Laurak Bat Euskal Etxeak Zuzendaritza berritu duela adierazi du ohar baten bidez. Agintealdi berria hasia duen Zuzendaritza Batzorde berriak Jon Kepa de Erquiaga izango du berriz ere lehendakari, eta berarekin batera arituko dira José María Landa, lehendakariorde, Arantxa Goicoa, idazkari, Enrique Fagoaga, idazkariorde, Eduardo Lizaso, diruzain, eta Maria Teresa Anitua, diruzainorde.
2008/05/07
Montevideoko 'Euskal Erria' eta 'Haize Hegoa' Euskal Etxeek Gernikako bonbardaketaren 71. urteurrena gogoratu zuten joan den 27an, bertan hildakoei omenaldia eginez. Ekimenean parte hartu zuten baita ere Rosarioko 'Gure Etxea'k, Carmeloko 'Ibai Ondoko Etxea'k, Saltoko 'Saltoko Euskaldunen Taldea'k eta 'Euskaro' Euskal Etxeko zenbait kidek. Arratsaldez, Josu Legarreta Eusko Jaurlaritzako Diasporarako zuzendariak eta Andoni Martin Arce Kanpo Ekintza Idazkaritzako kideak zenbait hitzaldi eskaini zituzten. Bestalde, FIVUk eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek hitzarmen bat sinatu zuten.
2008/05/06
Nazien hegazkinek Gernika bonbardatu zutela 71 urte bete ziren apirilaren 26an. Ekintza suntsitzailean hildako pertsonak omentzeko zenbait ekintza antolatu zituen Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeak. Bi egunetan banatuta, euskal kolektibitateak Gerra Zibilari buruzko kartel erakusketa baten inaugurazioa eta Gernikako Arbolaren aurrean egindako lore eskaintza burutu zituen. Mar del Platako euskaldunek Euskal Herrian bertan eta munduko beste hainbat lekutan antolatutako jarduerekin bat egin zuten.
2008/05/05
Brisbaneko Queensland Art Gallery aretoan ikusgai dago joan den larunbataz geroztik Lee Mingwei taiwandar artistak egin duen Picassoren 'Guernica' margoaren hareazko kopia bat. Erakusketa Gernikako bonbardaketaren 71. urteurrenarekin batera etorri da eta zalantzarik gabe oso berezia izango da inguru hauetako euskaldunentzat (Townsville-ko North Queensland Basque Club euskal etxearen inguruan antolatuta). Datorren ekainaren 9an artistak bere lana desegingo du eta ikusleei ere ekintza katarkiko honetan parte hartzeko gonbitea luzatuko die.
2008/05/05
Mendozako 'Denak Bat' Euskal Etxeak zenbait jarduera antolatu zituen iragan asteburuan Gernikako bonbardaketaren 71. urteurrenaren karira, bertan hildako herritarrak omentzeko. Euskal Herriko paisaiak azaltzen dituen La mirada mágica sailarekin hasi zen ekitaldia eta ondoren pintxoen dastaketarekin eta pilota partiduekin jarraitu zuten. 'Bakearen Haritzak' izenaz bataiatutako 'Euskal Zelaia'-ren inaugurazioarekin eta euskal etxeko egoitza berrituan egindako dantzekin Mendozako komunitateak amaitutzat eman zuen ohoratze jardunaldia.
2008/05/02
Los niños de Guernica tienen memoria dokumentalak Gerra Zibiletik eta Gernikako bonbardaketatik Ingalaterrara ihes egin behar izan zuten 4.000 haur euskaldunen istorioa kontatzen du. Drive produkzio-etxeak ekoiztu du lana eta iragan igandeko ordu txikietan La Sexta telebista katean estreinatuta, Gernikako bonbardaketaren 71. urteurrenarekin batera. Lanak artxiboko irudiak eta denboraldi batez babeslekurako kanpamenduan bizitako zenbait pertsonen testigantzak biltzen ditu.
2008/05/01
1937. urteko Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren karira egiten ari diren ekitaldiak, ugariak izateaz gain, munduko hainbat lurraldetaraino heltzen ari dira, asko eta asko euskal etxeek antolatuta. Argentinako Santa Cruzeko 'Hegoalde Argentinarra' Euskal Etxeak bizkaitar herriaren triskantza gogoratu zuen bonbardaketan hildako euskal herritar guztiei omenaldia eginez. Ekitaldian bildutakoek, gainera, dokumental 'historiko-informatibo' bat ikusi ahal izan zuten. Rio Gallegoseko 'La Opinión Austral' egunkariak homenaldiari buruzko albistea argitaratu zuen.
2008/04/28
Buenos Airesek euskal aktibitate bizia izan zuen joan den asteburuan. Alde batetik Laurak Baten mintzaldia eman zuten Josu Legarretak eta Andoni Martínek, Eusko Jaurlaritzaren izenean, euskal etxeetako arduradunei aurtengo diru laguntzen deialdian egin diren aldaketak azaltzeko. Egun berean, baina arratsaldez, Laurak Batek eta Argentinako beste euskal etxe askok (Laprida, Mendoza, Euskaltzaleak eta Chascomús, besteak beste) Gernikaren bonbardaketaren 71. urteurrena dela eta ekitaldiak egin zituzten.
2008/04/28
Egun hunkigarria izan zen joan den larunbata ehundaka hondarribitar, gudari ohi eta Kandido Sasetaren senitartekoentzat. Horien artean oso bereziki osabaren oroimena omentzera Mexikotik etorri berriak ziren bi hilobentzako. Kandido Saseta 1937an hil zen Asturiaseko frontean, Euzko Gudarostearen buruan borrokatzen ari zela frankotiradore batek tiro egin zionean. Bere gorpuak 71 urte eman zituen toki ezezagun batean lurperatuta, baina herenegun, Gernikako bonbardaketaren 71. urteurrenarekin batera, azkenik etxera ekarri ahal izan zuten.
2008/04/21
Mendozako euskal komunitatea, Argentinan, hondarreko ukitua ari zaio ematen datorren asteburuan --apirilaren 26 eta 27an-- Gernika suntsitu zuteneko 71. urteurrena gogoan atxikitzeko antolatutako egitarauari. Horren baitan, Denak Bat Euskal Etxeko kideek 'Bakearen Haritzak' izenaz bataiatu duten Euskal Zelaia inauguratuko dute hiriko garrantzitsuena den Independentzia Plazan. EEren egoitzan moldatu duten hostel edo taldeentzako aterpetxea ere inauguratuko dute eta tartean dokumental bat emango, pilota partidak jokatuko eta EEko Mendigoizaleak Dantzari Taldearen emanaldi bat eskainiko dituzte.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus