euskal diaspora eta kultura
2012/04/03
135. urtemugaren urtean, ekintzez betetako egitaraua proposatuko dio apiril honetan Buenos Aireseko Laurak Bat euskal etxeak komunitateari, izan Belgrano kaleko egoitzan ala hiriburuko beste instituzio adierazgarri batzuetan, hala nola Recoletako Kultur Gunean eta Buenos Aireseko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean. Gernikako bonbardaketaren 75. urtemuga betetzen den hil honetan, honako deia egiten du Laurak Baten barne buletinak: “Gernika Astean, biktimen memoria, indarkeriaren kontrako aldarrikapena eta justizia izango ditugu gogoan”. Testuinguru honetan, oroitzapen eta hunkidura bereziko apirila iragarri dute Laurak Bat-ekoek.
2012/03/28
Datorren apirilaren 26an 75 urte beteko dira Kondor Legio alemanak, matxinatu frankisten zerbitzura Gernika herria bonbardatu eta birrindu zuenetik. Berlingo Euskal Etxea, berez sarraskia gogoratzeko sortu zen elkarte batetik hazia da, eta modu berezian gogoratuko du data, bi hirien arteko senidetasuna bultzatuz eta egitarau oso bat gauzatuz, datorren igandetik hasita eta bonbardaketaren eguneraino, apirilaren 26raino, tartean hitzaldiak, zinema eta erakusketa bat zabalduz.
2012/03/26
Urte osorako programa plazaratu du pasa den astean Toki Eder euskal etxe argentinarrak. Tailer eta ikastaro eskaintza zabala da eta, bertatik gogora arazi dutenez, ekintzak doakoak dira etxeko kideentzat. Eskolez gain, Euskal Herriko ohiko jaiak eta euskal kulturari buruzko zenbait hitzaldi ere burutuko dira Toki Eder-en 2012 honetan. Jarduerak, hala ere, oso goiz hasi dira aurten Maria Angeles Oñederra buru duen instituzioan. Otsailaren amaieran, hain zuzen: Argentinako Banderaren Bigarren Mendeurreneko tokiko ospakizunean Toki Eder euskal etxeko lagunek Euskal Herria ordezkatzeko ardura izan zuten.
2012/02/17
Aurtengo apirilaren 26ean Gernikaren Bonbardaketaren 75. urteurrena beteko da eta Euskal PEN Klub elkarteak mundu osoko idazleei gaiari buruzko poemak bidaltzeko deialdia luzatu die. Poemak jatorrizko hizkuntzan bidali behar dira eta, euskaraz ez bada, hizkuntzotako batera itzulita ere: euskara, ingelesa, alemana, frantsesa edo espainiera. Poemak urteurreneko ekitaldietan irakurri eta argitaratuko dituzte. Lanak bidaltzeko epea martxoaren 31an itxiko da.
2012/01/13
2011/10/20
Harrera ona izan zuen iragan irailaren 30ean Berlingo Euskal Etxeak Cervantes Institutuarekin eta Etxepare Euskal Institutuarekin batera egin zuen 'Gernika eta alemanak' jardunaldiak. Euskaldunek hain gogoan duten Gernikako bonbardaketak alemaniar gizartean izan zuen eta duen islada aztertzea zen topaketaren helburua eta horretarako Klaus Ihlauren 'Gernika' dokumentala erakusteaz gain, gai hau sakonean aztertu duen Walther Bernecker irakaslea hitzaldia ematera gonbidatu zuten antolatzaileek.
2011/10/03
Bizirik eta osasuntsu segitzea oso arrazoi ona da ospatzeko; Pergaminoko Lagun Onak-eko kideek urte osoko ospakizun egitaraua proposatu zuten 2011 hasieran eta egitaraua zintzo-zintzo ari da betetzen. Inguruko herrietako euskal gizataldeetako ordezkariak bertaratu dira Pergaminora ekitaldietan – hitzaldi, erakusketa, abesbatzaren aurkezpenak, eta jaiak antolatu dira, besteak beste – parte hartzera. Urtebetetzeko ekimen bereziez gain, ohiko ekintzak ere antolatu dituzte Pergaminoko euskaldunek: esaterako, irailaren 25ean Karitas-ek urtero antolatzen duen Erdi Maratoiaren babesleak izan ziren 9. aldiz.
2011/09/28
Berlingo Euskal Etxeak gonbidapena zabaldu du ostiral honetan Cervantes Institutuaren egoitzan egingo den 'Gernika eta alemaniarrak' izeneko ekitaldira bertaratzeko. Bi zati izango ditu jarduerak: hasteko, Klaus Ihlauren 'Gernika' dokumentalean bonbardaketatik bizirik atera zirenen eta alemaniar pilotoen testigantzak entzun eta ikusiko dira; ondoren, Walther Bernecker historialariak 1937ko apirilaren 26ko gertaera traumatikoak euskal-alemaniar harremanetan izan duen isla azalduko du. Ekitaldia Etxepare Institutuarekin eta Cervantes Institutuarekin lankidetzan antolatua da.
2011/09/13
Itxaropen euskal etxeak antolaturik, garrantzi handiko bi ekitaldi burutu ziren Buenos Aires probintziako Saladillo herrian azken bolada honetan. Alde batetik, Pablo Picassoren koadrorik famatuaren analisia eskaini zien Elena Itceak Saladilloko Mitre Liburutegian bildutako entzuleei. Beste alde batetik, Lagun Onak abesbatzaren kontzertu batez gozatu ahal izan ziren herritarrak Marconi antzokian. Urte osorako egitaraua jarraituz, urriaren 22an Che que Parché taldearen bisita jasoko dute euskal etxeko kideek.
2011/06/21
Datorren ekainaren 29an Montevideoko Centro Euskaro elkarteak ehun urte beteko ditu eta egitarau zabala antolatu du data esanguratsu hau ospatzeko. Mendean zehar gorabeherak izan ditu elkarteak, baina ehun urte bete eta ekinean jarraitzeak merezi du ospatzea eta horretan dihardute egunotan. Mendeurreneko ekitaldiak datorren astelehenean, ekainaren 27an, hasiko dira eta larunbata bitartean luzatuko dira. Hitzorduen artean, besteak beste, urteurrenari buruzko seilu baten aurkezpena eta Euskal Etxeen Nazioarteko Mus Txapelketa bat izango dira.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus