euskal diaspora eta kultura
2011/05/19
Caraceseko Eusko Etxeak Jazoera buletinaren bigarren alea argitaratu du, elkartearen apirileko eta maiatzeko egitasmo eta ekimenen berri emateko bere bazkide eta lagunei. Albistarian Euskal Herritik etorritako berririk ere badago, Galdakaon egin zen euskal-venezuelarren urteroko topaketaren kronika, kasu. Irantzu Leundak bidaltzen du. Aberri Eguneko ospakizuna ere gai nagusienetakoa da eta datozen hitzorduak aipatzen dira, horien artean Amatxuei Omenaldia eta Pintxo Lehiaketa.
2011/05/05
“1937ko apirilaren 26an eta Espainiako Gerraren testuinguruan hegazkin alemaniarrek Gernika herrixka bonbardatu zuten. Zibilen kontrako lehenengo erasoa izan zena, gertaera gogoangarrienetako bat bihurtu zen mendebaldeko herrialdeentzat. Hori dela eta 74. urtemuga honetan aipamen berezi bat merezi du Gernikako Bonbardaketak”. Hitz hauekin gonbidatu zuten Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeko kideek bertako komunitatea San Martin plazan burutu zen zeremonian parte hartzera. Izpiritu berarekin bildu ziren Euskaldunak Denak Bat eta Zazpirak Bat-eko lagunak Gernikako kimuaren ondoan data goibel hau gogorazteko.
2011/05/02
Patinez, txirringaz, oinez eta nola ez, korrika, ibili ziren hirian zehar Necocheako euskaltzaleak euskararen aldeko jaia ospatzeko. Korrikaren 17. edizio honetan, Euzko Etxea-ko kideek bat egin zuten Euskal Herriko 'euskalakariekin' eta eskuz esku pasatu zen lekukoaren mezua irakurri zuten ibilaldiaren bukaeran euskal etxearen egoitzaren aurrean. Pazko igandean, berriz, hiriko Dardo Rocha plazan bildu ziren Necocheako euskaldunak, oraingoan Aberri Eguna eta Gernikako Bonbardaketa oroitzeko. Hona hemen argazki eta bideoak.
2011/04/27
Iragana ezagutzea beharrezkoa da historiako gertaera ilunenak ez errepikatzeko. Eta hori da Argentinako euskal etxeen helburua urtez urte Gernikako Bonbardaketaren urtemuga ospatzen dutenean. Herri batzuetan, etxekoen arteko ekintzak burutzen dira biktimen omenez; beste batzuetan, berriz, komunitate osoari zuzendutako ekitaldiak gauzatzen dira, euskal diasporan murgilduta ez daudenek 1937. urtean Bizkaiko herrian gertatu zena jakin dezaten. Euskal Herriarentzat hain garrantzitsua den egun honetan, Gral. Villegas hirian 'Guernica' izeneko plaza inauguratu da.
2011/04/26
Euskal Herriko eta Diasporako herri askotan gogoratuko da gaur Bizkaiko herriak pairatutako erasoa. Argentinan, Trenque Lauquengo euskaldunek ere euren omenaldia egin nahi izan diete gertakariko biktimei; karia horretara Picassoren margolan ezagunaren bertsio bat inauguratuko dute gaur bertan euskal etxeko areto nagusian. Bonbardaketaren urteurreneko ekitaldiaren testu-inguruan, Gernikari buruzko hitzaldi bat emango du Gral. Villegaseko Sergio Recartek eta zeremonia bukatuta, mokadu eta edariak eskainiko dira.
2011/04/06
Indarrez beteta ekin diote 2011 honi Buenos Aires probintziako Chascomuseko 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxeko kideek. Urtarrilean neska eta mutil mordo bat bildu zen Argentinako bigarren Udalekua eta San Juango Eguzkiaren Jaian izandako partaidetza jarrera horren oso adibide onak dira. Hilabeteak aurrera doaz eta mugimendua ez da gutxitzen euskal etxean. Bigarren sorreraren 20. urteurrenaren urtean, hitzaldi, erakusketa, ikuskizun eta jaiekin sendotuko dute euskal presentzia Chascomus hirian 'Zingirako Euskaldunak'-eko lagunek.
2011/03/21
Joan den martxoaren 12an, Buenos Aires probintziako Gral. Villegas herriko komunitateak bere euskal etxearen X. urtebetetzea ospatu zuen. Urteurreneko ekitaldiak Gernika Plaza Txikiaren inaugurazioarekin hasi behar bazuten ere, eguraldi txarrak egitaraua aldatzera behartu zituen antolatzaikeak, eta jaia gaueko 10etan hasi zen erakundearen egoitzan. FEVAko lehendakaria den Ricardo Basterra eta bertako udaletxeko nagusia, Gilberto O. Alegre, presente egon ziren garrantzi handiko festa honetan eta beste gonbidatuekin batera euskal musika eta dantzez gozatu ahal izan zuten.
2011/03/21
Datorren apirilean Gernikaren bonbardaketaren 74. urteurrena beteko da eta data horri begira herri bizkaitarreko udalak sinadura bilketa kanpaina bat jarri du abian, Picassoren Guernica, margoa inspiratu zuen herrira ekar dezaten. Milioi erdi bat sinadura biltzea da helburua. Egun margoa Madrileko Reina Sofia Museoan da, eta nahiz eta munduko hainbat museotan ikusgai izan den, erakundeko arduradunek ez dute Gernikara ekarri nahi, bidaian margoa kaltetu egin daitekeela argudiatuz.
2011/03/10
Egun gutxi barru bukatuko da udaldia Hego Amerikan eta munduko bazter honetako erakundeak prest daude jadanik ziklo berri bati hasiera emateko. Argentinako euskal komunitatea ez da mugimendu honetatik kanpo geratzen eta euskal etxeak bere ateak irekitzen doaz mota askotako ekintzak burutzeko asmotan. Trenquen Lauquengo 'Euskal Sustraiak'ek, Argentinako Buenos Aires probintzian, komunitateari begirako hainbat proposamen dauzka aurten: euskara klaseak, hitzaldiak, Gernikako Bonbardaketaren urteurrenaren ospakizuna, eta herriko urtemugaren ekitaldietan partaidetza, besteak beste.
2010/10/27
Hamaika Bide Elkarteak Bilbon eta Donostian egingo du, azaroaren 10etik 12ra, erbesteari buruzko Nazioarteko Mintegiaren edizio berria. Aurtengoan mintegiaren gaia 'Integrazioa eta nortasuna gordetzearen bideak' da. Topaketan parte hartuko dute, besteak beste, Cesar Arrondo euskal argentinarrak (Mar del Platako Unibertsitatea) eta Xabier Irujo, Renoko Unibertsitatekoa (AEB). Horrez gain, Hamaika Bidek bere webgunean eduki berriak plazaratu dituela eman du jakitera.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus