Laprida, Argentina. Atlantikoz bestaldetik Euskal Herrira bidaiatzea ohiko turismo soila baino gehiago da askorentzat. Familiako sustraiekin eta euskal etxeetan egunero bizirik mantentzen ditugun ohiturekin topo egitea da. Ikuspegi horretatik abiatuta sortu du Martina Larraza Azpiazu lapridatarrak 'Guiáspora' izeneko bidaiariaren gida. Bere jaioterriko Lagunen Etxean elkarteari beti lotuta egondako dantzaria, bertan aritu zen La Plata hirira aldatu zen arte. Han turismoa ikasten zuen bitartean, Euzko Etxean parte hartu eta UNLPn euskara ikasi zuen. Gaur egun Diman (Bizkaia) bizi da, eta liburu honetan uztartzen ditu Argentinako euskal komunitatearen bidaiei buruzko bere ikerketa akademikoak eta lurraldean bertan izan duen bizipen propioa.
Ibilbide hotz eta estandarretatik urrun, euskal kultura lehen pertsonan bizitzeko gogoa duen diasporako kide ororentzat baliagarria oso da lana. Herri eta gune enblematikoetatik haratago, tokian tokiko benetako mamiaz eta berezitasunez gozatzera gonbidatzen du: tabernan euskaraz eskatzera ausartzera, etxean edo euskal etxean ikasitako kantuak abestera, pilotalekura hurbildu edota herriko plazako fandangoan dantzan sartzera. Argentinako erdara moldean idatzia, zortzi atal dauzka eta Euskal Herrian barrena ibilitako lagunen lekukotasunetatik edan du. Bisitatuko diren eskualdeekin aurrez-aurrez lotura egiteko liburu eta pelikula gomendioak badakartza. Eta bidaiatu aurretik jakitea komeni diren oinarrizko aholkuak, jaien egutegia, euskara hiztegi labur bat eta euskal kulturari buruzko datu bitxi ugari, besteak beste.
Lauburu argitaletxe euskal-argentinarrak argitaratua, liburuak koloretako 210 orrialde argazkidunak biltzen ditu, eta azalaren zein barrualdeko diseinua Mariana Arandorekin elkarlanean egin da. Guiásporaren aurkezpen ofiziala datorren ostiralean, irailaren 25ean, egingo da Buenos Airesen, Euskaltzaleak-en egoitzan, 20:00etan. Baita ondoren beste hainbat euskal etxetan ere (ikus beherago zerrendatxo bat), ekitaldi nagusietako bat Villa Marían, datorren Euskal Aste Nazionalaren baitan.
Liburua Argentinan 45.000 pesotan jarriko da salgai. Erosketa banku-transferentzia bidez egin daiteke, dirua guia.pais.vasco aliasera bidaliz, eta aleak euskal etxeetan finkatutako aurkezpenetan erretiratuz, Villa Maria-n edo Buenos Airesen Hiriko Gurruchaga kaleko 440. zenbakian, aldez aurretik koordinatuta guiaspora@gmail helbidera idatziz, IG: guiaspora edo Whatsapp bidez komunikatuz 34 61161713 zenbakira. Postaz ere eskuratzeko aukera badago, bidalketa eroslearen kontura. Euskal Herrian, azaroan egongo da salgai, ordainketa Bizum bidez (+34 611617137 zenbakian) ordaindu eta ondoren aurrez aurre entregatzeko.
Guiásporaren aurkezpen-bira
(gehiago ere emanda daiteke)
- Euskaltzaleak, CABA, 09/25ean, 20etan
- Euzko Etxea, Necochea, 10/02an, 18etan
- Denak Bat, Mar del Plata, Mikel Deunaren Jaia,10/03an
- Euskal Aste Nazionala, Villa María, 10/09an
- Laurak Bat, CABA, 10/30ean, 19 etan

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



