euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Heldu eta txikientzako lehiaketa eta jarduerak deitu ditu Bahia Blancako Euskal Etxeak Euskal Asteari begira

2009/09/17

2007ko Euskal Asteko lehiaketa bateko irabazleak (argazkia EuskalKultura.com)
2007ko Euskal Asteko lehiaketa bateko irabazleak (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Hamarkada bat pasa ondoren, Euskal Astea Bahia Blancara itzuliko da aurten eta Argentinako euskaldun-argentinar guztiak biltzen dituen jai honen antolakuntza bertako Union Vasca Euskal Etxearen esku egongo da. Urriaren azken asteburuan Buenos Aires probintziako hiri honetara bertaratzen direnek Euskal Herriko kulturaz gozatzeko aukera izango dute, musikan, dantzan, artean eta beste zenbait arlotan ere. Union Vascak eta FEVAK bultzatutako lehiaketak eta jarduerak abian daude jadanik. Artikulu honetan horien berri zehatz ematen dizugu. Gogoan hartzeko gauza garrantzitsu bat epearena da: lehiaketa guztietan irailaren 26an bukatuko da, esan nahi baita datorren asteko larunbatean.

Bahia Blanca, Argentina. Lehiaketak banan bana aipatzearren, esan dezagun urtean zehar ikasitakoa agerian uzteko oso aukera polita daukatela Argentinako euskara ikasle eta irakasleek, euskara ardatz duten hiru ekintza hauetan. Txikien postalena eta kartel lehiaketa klasikoak dira honez gero Euskal Asteko egitarauan. Idazlan lehiaketak, berriz, urtero aldatzen du gaia; 2007an, esaterako, Gernikako bonbardaketaren 70. urteurrena zenez, horixe hartu zen gaitzat. Iaz, berriz, gai umoretsua aukeratu zuen euskal etxe antolatzaileak: euskara klaseetako pasadizoak. Aurten, ostera, oso proposamen goxoa egin du Union Vascako euskara taldeak:

Errezeten Idazlan Lehiaketa

Euskal etxeetako euskara ikasle eta irakasleak sukaldean nola moldatzen diren neurtzea du helburu lehiaketa honek. Hiru errezeta mota aurkez daitezke: 1) Euskal errezeta 2) 'Nire familiako errezeta' 3) Gozoen, azkarren eta merkeena. Norgehiagoka honetan Argentinako euskal etxe guztietako euskara ikasle eta irakasleek har dezakete parte. Idazlana banaka zein taldeka aurkez daiteke eta partaideek lan bat baino ezin dute bidali errezeta mota bakoitzerako.

Aurkezpenari dagokionez, testua euskaraz zein gaztelaniaz behar da idatzi, bi orri ezberdinetan. Idazlanak A4 tamainako orrian idatzi behar dira, 12 neurriko letra erabiliz, times new roman delako motan, lerro artean tarte bikoitza utziz. Lanek izenburua behar dute izan. Testuaren egileak izengoitia aukeratu behar du lana sinatzeko eta banaka edo taldeka egin duen idazlana argitu behar die antolatzaileei, hau guztia dagokion kategorian sailka dezaten. Bestalde, gutunazal itxi batean honako datuak ezarriko dira: egilearen edo egileen izenak eta euren benetako datuak, alegia, izen-abizenak, NAN, telefono zenbakia, helbide elektronikoa, bere herriaren eta euskal etxearen izenak, euskal etxeko euskara arduradunaren izena, ikaslea edo irakaslea den, eta ikaslea baldin bada, zein urratsetan dagoen eta irakaslearen izena.

Lanak bidaltzeko epea irailaren 26an bukatuko da. Igortzeko helbidea hauxe da: Centro Vasco Unión Vasca de Bahía Blanca, Euskal Asteko Errezeta Lehiaketa-Concurso de Recetas de Semana Vasca, Lavalle 276, CP: 8000 Bahía Blanca, Pcia. de Buenos Aires. Bide batez, e-postaz ere bidali behar da helbide honetara: errezetak@unionvasca.org.ar. Biltzen diren errezeta guztiekin liburu elebidun birtuala sortuko dute euskal etxeko irakasleek. Sarituak diploma/apaimena jasoko du. Horretaz gain, kategoria bakoitzeko errezeta onenak telebistan prestatuko dira. Epaimahaia honako adituak izango ditu partaide: Julio Alló, Javier Ederra eta Javier Ondona.

Kartel Lehiaketa

Azken urteotan, Argentinako euskara klaseak iragartzeko erabiltzen diren afixak euskararen munduan dabilen jendeak berak diseinatzen ditu. Iaz, esaterako, Río Cuartoko Gure Ametsa Euskal Etxeko Gustavo Echandiak egindako kartelak bete zuen zeregin hori. Aurreko urtean, berriz, Orri ezizenarekin, Mar del Platako Osvaldo Destandau-renak. Proposamena orain arte zinez arrakastatsua izan denez, aurten ere euskal etxe antolatzaileak, FEVAko Euskara Arloarekin batera, afixa lehiaketa antolatzea erabaki dute, diseinu irabazleak 2010eko ikasturteko euskara klaseetarako deialdia egiteko erabilia izateko ohorea izango duelarik.

Argentinako euskal etxeetako euskara ikasle eta irakasleek parte hartzea daukate, banaka edo taldeka, kartel bat edo gehiago aurkeztuz. Gaia 2010eko euskal etxeen euskara klaseen zabalkundea izango da, eta neurriak eta erabili behar diren materialak kontuan hartu beharko dira, lana lehiaketatik kanpo gera ez dadin. Kartelean egilearen izengoitia jarri behar da, eta gutunazal itxi batean bere benetako datuak. Sarituak diploma/apaimena jasoko du eta bere kartela euskara klaseak sustatzeko material guztietan agertuko dela jakitearen poza.

Lehiaketa honetan ere lanak bidaltzeko epea irailaren 26an bukatuko da eta hona, bidaltzeko helbidea: Centro Vasco Unión Vasca de Bahía Blanca, Euskal Asteko Kartel lehiaketa-Concurso de Afiches de Semana Vasca, Lavalle 276, CP: 8000 Bahía Blanca, Pcia. de Buenos Aires. Botoak zenbatzearen arduradunak Stella Arrizabalaga, Rocío Basterra eta Rosana Entizne --Union Vascako euskara irakasleak-- izango dira.

Haurren postalak

Euskara talde anfitrioiak haurrentzat propio antolatutako deialdirik ere badauka: euskal etxe guztietako haurrek postal erraldoiak egin ahal izango dituzte Euskal Asteko publikoak ikus ditzan. Postal hauek zorion agurrak (Eguberriak, Urte Berria, Euskararen Eguna edo urteko beste edozein data berezi zoriontzea) izango dute gaia. Jarduera hau taldeka egingo da eta talde bakoitzak postal bat baino ezin izango du bidali gai bakoitzean. Aurreko edizioetan ez bezala, aurtengoan postalari kalitate handiko argazki bat atera beharko zaio eta argazkia bidali. Argazkiarekin batera ume bakoitzaren datuak --izen-abizenak eta adina; taldearen irakaslearen izena, eta herriaren eta euskal etxearen izenak-- atxiki beharko dira.

Gainontzeko lehiaketetan bezala, lanak bidaltzeko epea irailaren 26an bukatuko da eta e-postaz helarazi behar zaizkio euskal etxeari, txikiak@unionvasca.org.ar helbidera. Epaimahaikideak Cecilia Arrillaga, María Amelia Irastorza eta Miguel Mendiondo izango dira.

Lotura interesgarriak

FEVA Argentinako Euskal Erakundeen Federazioa
www.fevaonline.org.ar

Unión Vasca Bahía Blanca
www.unionvasca.org.ar

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia