euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Partaidetza ugaria eta euskal etxe aniztasuna Argentinako Euskal Asteko lehiaketen irabazleen artean (I)

2008/11/06

Afixerik onenaren saria Rio Cuartoko Gustavo Echandiari eman zioteneko momentua. Oholtza gainean FEVAko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, tartean saria ematen Patxi Baztarrika Kultura sailburuordea (argazkia EuskalKultura.com)
Afixerik onenaren saria Rio Cuartoko Gustavo Echandiari eman zioteneko momentua. Oholtza gainean FEVAko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, tartean saria ematen Patxi Baztarrika Kultura sailburuordea (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Joan den igandean, Euskal Astearen amaiera bazkari herrikoian, euskararen inguruan antolatutako lehiaketetako sariak banatu ziren. Afixen lehiaketa, Gustavo Echandiak, Río Cuartoko Gure Ametsa Euskal Etxekoa bera, bereganatu zuen, eta beraz 2009an Argentinan euskara eskolak sustatzeko ertabiliko den afixa berea izango da. Idazkuntzari dagokionez, Bahía Blancako Rocio Basterra irakaslea eta Sergio Amundarain, Irma Biscaichipy, Lilian Elosegui, Elsa Jtten, Nerina Martínez eta Ignacio Mirant-Borde izan ziren irabazleak, Gral. Rodríguezeko Alicia Itcea-rekin batera. Haurren arloan, Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeko txikien euskara taldeak izan zen garaile. Euskal Asteko irudiaren diseinatzaileari, Ana María Raimondori ere, bere diru-saria eman zioten.

La Plata, Argentina. Euskara afixeari dagokionez, azken urte hauetan gertatu den legez, aurten ere Euskal Astearen Euskal Etxe antolatzaileak, FEVAko Euskara Arloarekin batera, lehiaketa antolatu dute euskara eskolak iragartzeko afixea aukeratze aldera. Bahía Blanca, Tandil, Pilar, Villa María, José C. Paz, Mar del Plata, Río Cuarto eta La Platatik oso lan onak bidali zituzten sariketara, baina azkenean irabazlea Río Cuartoko Gure Ametsa Euskal Etxeko Gustavo Echandia izan zen, eta ohi bezala, berak egindako diseinua erabiliko da 2009rako Argentinako euskara klaseak sustatzeko material guztietan.

Euskara eskoletako "pasadizo-lehiaketa"

Euskara erabiltzen --kasu honetan idatziz-- animatzea zuen asmoa ‘Pasadizo-lehiaketa’ delako sariketak. Ekimenak eskatzen zuena, euskara eskoletan gertatzen diren bitxikeriaren bat papereratzea. Hiru garaile izendatu zituen epaimahaiak. Irakasleen kategorian, Bahía Blancako Unión Vascako Rocío Basterrak kontatutako pasadizoa izan zen irabazlea.

Ikasleen kategorian, Gral Rodríguezeko Eusko Aterpea-ko Alicia Itceak bereganatu zuen saria; eta ikasle taldearen kategorian, Bahía Blancako Unión Vascako ikasleek --Sergio Amundarain, Irma Biscaichipy, Lilian Elosegui, Elsa Jtten, Nerina Martínez eta Ignacio Mirant-Borde, Rosana Entizneren ikasleek--  aurkeztutako lanak merezi izan zuen saria. Parte hartu zuten euskal etxeen artean, Mar del Plata, Bahía Blanca, Gral Rodríguez, Mendoza, Viedma, Buenos Aires eta La Plata.

Txikien postalak eta logoa

Euskal etxeetako txikienek ere izan zuten euren leku berezia Euskal Astean. General Rodríguez, Paranáko Urrundik, Bahía  Blanca, Viedma, Chascomús, La Plata eta Buenos Aireseko Euskal Echea Institutuko umeek bidali zituzten euren postalak La Platara. Jasotako lanen artean, epaimahaiak Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxekoa izendatu zuen irabazle.

Azkenik, Euskal Aste Nazionalaren logoa aukeratzeko lehiaketari dagokionez, Ana María Raimondo izan zuen irabazle eta diru-saria jasotzeaz gain, bestelako sari gisa, bere lana Euskal Astearen dokumentu guztietan agertzeko ohorea izan zuen. Raimondok asmatutako diseinuak uztartzen ditu La Platako diagonal tipikoak eta Euskal Herriko ikur ezagunetako bat, lauburua.

Lotura interesgarriak

La Platako Euzko Etxea Euskal Etxea
www.centrovasco.com



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia