euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

La Platako 2008ko Euskal Argentinar Aste Nazionalaren argazki kronika: hirugarren partea (III)

2008/11/03

La Platako Euzko Etxeako txikiek emanaldia eskaini zuter larunbateko Dantza eta Musika Jaialdian (argazkia EuskalKultura.com)
La Platako Euzko Etxeako txikiek emanaldia eskaini zuter larunbateko Dantza eta Musika Jaialdian (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Bukatu berria da La Platan egin den Euskal Argentinar Aste Nazionala, baina egun hauetan bertan izandako jai erraldoiaren oihartzuna munduko euskal komunitatera zabaltzen ari da oraindik ere. Aurten ere jaiak Euskal Herritik Argentinara joandako lagunak bildu zituen, adibidez Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza, Ibarretxe lehendakaria buru zuelarik, edo Iparraldeko Euskal Argentina elkarteko kideak. Denek egin zuten bat Argentinako euskaldunekin, urtean zehar pausoz pauso, txingurriak bezala, euskal kulturaren alde egindako lanaren emaitza ezagutzera eman eta ospatzeko. Jarraian larunbatean La Platan egin ziren ekitaldien argazki erreportaia eskaintzen dizuegu.

La Plata, Argentina. 2008ko Argentinako Euskal Asteak azken 48 ordu bizi-biziak izan ditu, herenegun eta atzo egin ziren ekitaldiekin. Argentinako euskaldunek pozez ospatu dute egunotan urtean zehar eginiko lanaren plazaratzea, dantza, kontzertu eta beste hamaika ekitaldiekin. Asteburua lanean hasi zuten baina, goizeko lehen orduetan hainbat bilera izan baitziren eguneko egitarauan: FEVAren bilkura eta Argentinako Euskal Etxeetako Liburutegien X. Bilera. Txikiek, aldiz, jostatzeko beta izan zuten, eurentzako bereziki prestaturiko ekitaldi sortarekin.

Arratsaldeko bostetan hasi zen Musika eta Dantza Jaialdiarekin giroa berotu egin zen, berriz ere. Ehundaka lagun bildu ziren La Platako Klub Atenas aretora eta bertan jarritako eszenatoki handian euskal etxeetako dantza taldeen emanaldiak ikusi ahal izan zituzten. Dantzariek asteak eta kasu askotan hilabeteak zeramatzaten ikuskizun hau prestatzen, dantzak entsaiatzen, jantziak atontzen, La Platara bidaiatzeko dirua biltzen... eta azkenik taulagainean aritzeko ordua heldu zenean, urduritasuna uxatu eta ederki gozatu zuten.

Euskal Astea 022

[Paranako Urrundik Euskal Elkarteko dantzarien emanaldia Musika eta Dantza Jaialdiko orijinalenetako bat izan zen (argazkia EuskalKultura.com)]


Euskal Astea 021
[Argentinako Euskal Asteko Musika eta Dantza Jaialdia hartu zuen Atenas klubaren panoramika (argazkia EuskalKultura.com)]

Euskal Astea 025
[Maipuko Euskal Etxearen dantza taldearen emanaldia 2008ko Argentinako Euskal Asteko Dantza eta Musika Jaialdian, La Platan (argazkia EuskalKultura.com)]

Ikuskizunaren ostean jendea Euzko Etxeako trinketera bildu zen, bertan egi zen herri afariaz gozatzeko asmoz. Afalostean Anne Echegoien Donapaleuko kantariak kontzertua eskaini zuen, bere ahots eder eta euskal kantuekin giro ederra sortu zuelarik. 

Euskal Astea 027
[Iparraldetik Euskal Argentina elkarteko 30 bat kide bildu ziren Argentinako Euskal Astearen larunbateko afarira, beste urte batez Hegoamerikako herrialde honetako lagunekin bat egiteko asmoz. Euskal Argentina Argentinara immigratu zuten euskaldunen senide eta lagunek osatzen duten elkartea da eta urtero Euskal Astera bidaia antolatzen du (argazkia EuskalKultura.com)]

Euskal Astea 027
[Anne Echegoien Donapaleuko kantariak kontzertua eskaini zuen La Platako Euskal Etxearen trinketean 2008 Argentinako Euskal Astearen barruan (argazkia EuskalKultura.com)]


Argazki gehiago gure Argazki Galerian.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia