euskal diaspora eta kultura
2013/06/11
Frankfurteko Goethe Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura irakurletzak makina bat jarduera egin ditu ikasturtean zehar. Egindako lanari amaiera biribila emateko beste bi ekimen abiatu ditu lektoretzak: batetik, dagoeneko martxan dagoen euskal zinema emanaldia; eta, bestetik, Alemanian egin den lehendabiziko Euskarazko Literatura lehiaketa. Herrialde honetan bizi diren euskera ikasleek parte har dezakete; lanak bidaltzeko epea ekainaren 28an amaituko da.
2013/06/07
Igandean inauguratuko da Buenos Aires probintziako Pergaminon Gernikako Bonbardaketaren erakusketa ibiltaria. Bertako Lagun Onak Euskal Etxea antolatzaile, erakustaldia Mitre Geltokiko Nasa Ohiko Museoan burutuko da eta ekainaren 14 arte egongo da ikusgai. 15ean, ostera, hiriko San Nicolas oinezkoentzako kalean zabalduko da. Programaren baitan, Euskadiren Argentina-Mercosur-erako Ordezkari Sara Pagolaren bisita jasoko dute Pergaminoko euskaldunek ekainaren 14an.
2013/06/05
Egitarau oparoa antolatzen ari da Buenos Aires probintziako Chivilcoyko Euskal Etxea erakundearen 30. urtebetetzea ospatzeko. Programak mota askotako aktibitateak batuko ditu, tartean, literatur lehiaketa bat, sukaldaritza ekitaldia eta hitzaldi bat. Horrez gain, San Juan Sua piztuko dute Chivilcoyko lagunek egoitzaren aurreko plazan ekainaren 30ean, eta Urtebetetzeko Afaria eskainiko dute instituzioaren egoitzan, uztailaren 28an. Anima zaitez eta har ezazu parte Beti Aurrera-ren urtebetetzean!
2013/06/04
Haritz bat landatu dute San Juango Eusko Etxea-ko lagunek hiriko Espainia Plazan, Juan Antonio Garcia Espainiako kontsulordea eta Luis Meglioli Udaleko Kultur idazkaria lagun. Ekitaldi berean ohorezko plaka bat desestali eta Iparragirreren bertso ospetsuak aipatu ziren. Berri honekin batera, ekainaren 14an Marita Echaveren bisita jasoko dutela jakinarazi digute Eusko Etxea-tik. San Juango egonaldian “Euskal Baserrietako Sukaldaritza” liburua aurkeztuko du sukaldari cordobatarrak, hiriko Oroimenaren Museoan.
2013/05/30
Berri onak dituzte Puerto Madryngo euskal erakundeko lagunek komunitatearekin partekatzeko. Garrantzitsuenetako bat, Argentinako euskal diaspora antolatuan instituzioaren egoera berriarena. Izan ere, FEVAren azken bileran ‘bazkide aktibo’ onartu du Federazioak Chubut probintziako euskal etxea, bertatik adierazi zaigunez. Hau eta beste gai batzuk garatuko dituzte euskal etxeko kide eta lagunek datorren igandean –ekainaren 2an- burutuko duten bazkari-elkarretaratzean.
2013/05/27
Buenos Aires probintzia argentinarreko Behe Ganberako Alejandro Armendariz diputatuak (UCR), uztailaren 7an Saladilloko Itxaropen Euskal Etxearen 15 urteurrena ospatuko dela-eta, hiriaren 150. urteurreneko urtearekin bat eginez bestalde, aldarrikapen publiko hori egitea eskatu du, gogora ekarriz gainera euskal elkartea haste-hastetik bultzatu zuen taldea, tartean Alberto Aguirre, Maria Zabala, Maria Eugenia Echezarreta, Mercedes Curuchet, Olga Leiciaga eta Asencio Ibarbia.
2013/05/24
Eskualdeko euskal etxe guztiak ezagutzeko asmoa du Sara Pagola Euskadiren Argentina-Mercosurrerako Ordezkariak eta helburu hori betetzen hasia da jadanik. Jose C. Pazeko euskal etxera egindako bisitan, hitzaldi bat eskaini eta Gernikako Bonbardaketaren 75. Urteurrenari buruzko Erakusketaren inaugurazioan hartu zuen parte Eusko Jaurlaritzaren mandatariak. Egun berean, Aberri Eguna ere gogoratu zuten Toki Eder-ekoek, Sara Pagola lagun. Jose C. Paz-eko euskal etxeko kideekin eginiko lehenengo elkarretaratzean, hiriko eta bertako agintariekin bildu zen Ordezkaria.
2013/05/15
Lagun arteko bazkari batekin ospatuko dute 'Urrundik' euskal etxeko kideek erakundearen 13. urtebetetzea. Hiriko 'Circulo' hoteleko jatetxean egingo den elkarretaratzean elkarteak astero aireratzen duen 'Presencia Vasca' saioaren urteurrena ere ospatuko da, hogeitahirugarrena, hain zuzen. Hitzordua igande honetan da, maiatzaren 19an, eguerdiko 12:30etan, eta parte hartzeko txartelak $80 balio ditu (edariak aparte). Gonbitea zabaltzeko eskearekin batera, elkarteak azken bolada honetan burutu dituen ekintzen berri ere iritsi zaigu Paranatik.
2013/05/13
Ekainaren 8 eta 9an burutuko da Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxean Dantzari Ohien Festa. Erakundeko kideak erabat murgilduta daude jadanik topaketaren antolakuntzan eta hori dela eta azken xehetasunak jakinarazi dizkiete ‘abarkak berriro janzteko prest’ dauden guztiei. Talde bakoitzak dantza bat aurkeztu ahal izango du eta talde bat osatzera iristen ez diren dantzariak beste euskal etxe bateko kideekin elkartu ahal izango dira jaian bertan. Ekintza guztietan parte hartzeko voucher-aren prezioa 350 pesokoa da (larunbateko otorduak eta hotela barne) eta erreserbak egiteko epea maiatzaren 31an amaituko da.
2013/05/09
Gernikako Bonbardaketaren 76. urtemuga gogoratzerakoan Argentinako bandera eta ikurrina lehendabizikoz altxatu ziren Chivilcoyko Gernika Plazan. Euskal etxeko kideak ez ezik, auzokide ugari ere bertaratu ziren euskal pasealekura masta eta monolito berriak ikustera. Jauregui apaizaren bedeinkazioaren ostean, pintxoak partekatu zituzten bildutako lagunek euskal etxean. Egun batzuk lehenago, Beti Aurerra-ko areto nagusia Aberri Eguneko afariaren egoitza ere izan zela jakinarazi diote erakundetik EuskalKultura.com-i, 200 bat pertsona bildurik.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus