euskal diaspora eta kultura
2012/09/10
Chivilcoyko Beti Aurrera euskal etxe argentinarrak, joan den ostiralean bere egoitzan eginiko ekitaldi batean, SADE idazle argentinarren elkartearekin batera deitu zuen Gernikako Arbola literatur sari nazionalen irabazleen izenak adierazi zituen. Bi elkarteetako lehendakariak buru izan ziren saioan, lehenengo hiru sarituen eta aipamen berezia lortutakoen berri eman eta sariak banatu ziren. Luciano Germán López, San Luis probintziako La Punta-tik partaide izan denak bereganatu du lehenengo saria. Bigarrena, La Platako José Luis Visconti izan da, eta hirugarrena Jairo Zanetti, Entre Ríos probintziako San Jose-koa.
2012/09/07
Hiriko alkate Susana Villarán de la Puente, Euskadiren Ordezkari Ana Urchueguia eta bertako Euskal Etxeko lehendakari Raul Noblecilla partaide, gaur eguerdian zabalduko da ofizialki Limako Erdigune Historikoaren baitan, Casa Rimac delakoan, Gernikako Bonbardaketaren 75. Urteurrena gogoan hartzeko antolatutako erakusketa. Aldi berean, datorren igandean, irailaren 9an --Arantzazuko Andra Mariaren egunean alegia-- eta euskal etxea tarteko ere, meza berezia emango du Callaoko apezpiku erretiratu Miguel Irizar euskaldunak, eman ere aurten 400 urte betetzen direla-eta hirian Arantzazuko Andra Mariaren Kofradia sortu zenetik, non eta meza egingo den San Frantziskoko Komentuan, ondoren ekitaldi bat ere egingo delarik.
2012/07/31
Euskal ikutua daukaten albiste paraguaitarrak ugaldu egin dira azken asteotan. Hilabete hasieran, Misiones departamentuko San Juan Bautista hirian Sebastian Sasiain Zubillaga euskaldunari egindako omenaldia nabarmentzen genuen, gatzagar hau eta bere emazte Brigida Zubia Erostarbek egun bertako sukaldaritza herrikoiaren 'Batiburrillo' izeneko izarra den jatekoa eta edateko gauza bera den 'siriki' delakoaren sortzailetzat hartuak baitira. Mereximendu horiek kari, omenaldia antolatu zitzaien azkeneko San Juan jaietan (San Juan Bautistako jaiak dira), azkenean, ohoratzea, Paraguai bizitzen ari zen egoera delikatuarengatik, uztailaren 7an egin bazen ere. Omenaldi horrekin batera, ordea, bertan euskal etxe berri baten sorrera iragarri zen, Uruguaiko bigarrena, eta baita Euskal Aste bat, bigarrena hau ere, Asuncionen, urriaren 22tik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren Mercosurrerako Ordezkaritza tarteko, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena eta Estatutuaren Eguna ospakizunetara bilduz.
2012/07/24
2012/07/23
'Gernikako Arbola' izeneko lehiaketan parte hartzera gonbidatu du Buenos Aires probintzian Chivilcoy-ko Beti Aurrera euskal etxea argentinarrak. Idazlanei dagokienez, poesia generokoak izan behar dira eta gaia, librea, Gernikako Bonbardaketarena barne. Lanak bidaltzeko epea abuztuaren 31an bukatuko da eta irabazleak 500 pesoko diru-saria jasoko du. Lehiaketaren berriaz gain, Beti Aurrera-ko lagunek jakinarazi digute joan den uztailaren 7an erakundearen urtemuga eta Sanferminak ospatu zituztela. Argentinako Independentziaren Eguneko herriko ekitaldietan ere altxatu zuten ikurrina Chivilcoy-ko euskal etxeko ordezkariek.
2012/06/26
Akordioa sinatu dute Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritzak eta Gernikako Bakearen Museoko Fundazioak, ‘Gernikako Bonbardaketa -75 urteurrena’ erakusketa errezibitu nahi duten Mercosur-ko euskal etxeetara iritsi ahal izan dadin 2012ko gainerakoan eta 2013 osoan zehar, Buenos Airesko Euskadiko Ordezkaritzak koordinatuko duen egutegi bati jarraituz. Horretarako, erakusketa jaso nahi duten euskal etxeek Ordezkaritzarekin jarri behar dute kontaktuan erakusketa eskatu (artikulu honi erantsi diogun eskabidea erabiliz) eta baldintza eta xehetasun guztiak bilera birtual baten bidez adosteko. Eskaerak egiteko epea uztailaren 10ean bukatuko da.
2012/06/18
Mexikon, Cancungo Kukulcan ikastetxeko ikasle talde batek bat egin du joan den astean Gernikako bonbardaketaren 75. urteurreneko ekitaldiekin eta Picassoren 'Guernica'ren replika den murala margotu du eskolako jardun gisa, 1937an Bizkaiko herri horretan gertatutakoa azaldu zaielarik eta guztiaren emaitza gisa bonbardaketa kari sarraskiaren eta gerlen salaketa gisa historiaratu den obra geratu delarik horma gainean, joan den ostiralean 'inauguratuta'.
2012/06/11
Gernikaren bonbardaketaren 75. urteurrena dela eta Berlingo Euskal Etxeak jardunaldi asko egin ditu azken asteetan eta, gainera, ekitaldiotan hiriko biztanleen konplizitatea eta partehartzea lortu ditu. Horren eredu izan zen Guernica Platz delako plazan egin zen omenaldia: bertan Gernikako neska batek igorritako gutun bat irakurri zuten eta auzokide asko zinez hunkitu egin ziren. Azken ekitaldian ere berlindar asko bildu ziren, margoak hartu eta "Bakearen graffiti"-a egiten laguntzeko prest. Euskal eta alemaniar graffittigileak gidari, denen artean osatu zuten Picassoren "Guernica" ezagunaren berrinterpretazioa.
2012/06/04
Teknologia berrien garaian urrats berri bat eman du Euskadiren Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguaiko Ordezkaritzak herri bakoitzeko euskal etxeetatik gero eta hurbilago izateko. Bideo konferentzia zikloak helburu asko ditu; euskal gizataldearekiko komunikazioa errazteaz gain, euskal erakundeen eguneroko jarduneko parte izatea, gazteak euskal etxeetara gerturatzea eta etxeetako kideen artean teknologia berriei buruzko interesa piztea. “Olavarriako Gure Etxe Maitea izan zen komunikazio bide hau estreinatzeko lehenengo euskal etxea hiri honetako euskaldunek engaiamendu handia erakutsi dutelako galtzear zegoen erakundea berreskuratzean”, azaldu dute Ordezkaritzatik.
2012/05/31
Berlingo Euskal Etxeak Gernikaren bonbardaketaren 75. urteurreneko ekitaldiekin darrai, eta horren baitan jarduera berri bat iragarri du biharko: Pablo Picasso artistaren "Guernica" margolan ikonikoaren berrinterpretazio bat egitea, graffitti moduan. Bost euskal eta alemaniar artistek osatuko dute lan hau, Berlingo eskola bateko umeen ekarpenekin. Hasieran graffittia horma batean egitea zen Euskal Etxearen ideia baina, lana hartuko duten auzokideen eskariari erantzunez, egurrezko hormirudi batean egingo da, horrela auzoko puntu desberdinetan erakutsi ahal izango baita.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus