euskal diaspora eta kultura
2012/12/11
Perun, Limako Euskal Etxea bete egin zen bazkide eta lagunekin joan den abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna eta San Frantzisko Xabierren jaia zela eta. Elkarteko presidente Raul Noblecillak gogora ekarri zuenez, Euskararen Eguna historian izan den euskaldun ospetsuenetariko baten jaiarekin batera ospatzea ez da kasualitatea, santuak euskara munduan zehar eraman baitzuen bere misioetan; India, Malaisia, Japonia eta Txinara, kasu. Limako ekitaldia Euskal Etxeko abesbatzaren kantaldi batekin eta lagunarteko afari batekin osatu zen.
2012/12/05
Aberri eguna, Gernikako Bonbardaketaren urtemuga, Sanferminak, San Inazio. Urteurrenak, immigranteen jaiak eta Euskal Astea. Ospakizunen zerrenda luzea baino luzeagoa da Argentinako Euskal Diasporan. Ospatzen hasten dute urtea euskal etxeetako kideek eta ospatzen esaten diote ‘agur’. Eta abenduan topa egiteko arrazoiak ugaritu egiten dira. Alde batetik, Euskararen Eguna bilgune bihurtzen da hainbat euskal erakunderentzat. Beste alde batetik, urtean zehar garatu diren ekintzen bukaeran baitan, topaketak antolatzen dira instituzio guztietan. EuskalKultura.com-eko artikulu honetan, datozen egunotan ospakizunen egitaraua:
2012/11/30
Erakundearen hogeigarren urtemugan ekintza bereziak gauzatu dituzte Santa Rosako Zelaiko Euskal Etxea-ko kideak 2012 honetan. Eta proposamenen arrakastak bultzatuta, proiektu berri askorekin ekingo diote 2013ari. Azaroaren 18ko bazkarian omenaldi bat egin zien euskal erakundeak La Pampa probintziako Lalo Molina Larrazabal eta Carlos de Urquiza musikariei; eta euren kantekin hasi ziren urte zaharrari adio esaten. Abenduaren 14an Nestor Mazzolo Cazanoveren liburu bat aurkeztuko da euskal etxean. Datozen hilabeteei begira, berritze lanak egingo dituzte instituzioaren egoitza hobetze aldera. Hauek eta Zelaiko Euskal Etxearen beste berri batzuk segidako artikulu honetan.
2012/11/29
Bihar, azaroaren 30ean eta San Andres Lizarrako patroiaren egunean, Lizarraenea izenarekin bataiatuko dute Ekin Argitaletxeko eta Eusko Kultur Etxea-Eusketxeko kideek Buenos Airesko Mexico kalean dagoen euren egoitza. Izenaren hautaketa esanguratsua da oso euskal etxeko lagun eta agintarientzat, izan ere, argitaletxearen sortzaile eta euskal kulturaren bultzatzaile handia izan zen Andres de Irujo Ollo Nafarroako herri horretan jaiobait 1907ko azaroaren 29an. Bihartik aurrera izango du lekuak izen berria. Hala ere izendatzeko ekitaldia abenduaren 1ean, larunbat honetan izango da, gaueko 9etan, Lizarraenea Etxean, hiriburuko Mexiko kaleko 1880.ean.
2012/11/26
Azaroaren 24tik abenduaren 2ra arte luzatuko da aurten Urte Amaierako Euskal Astea Buenos Aires probintziako Gral. Las Heras herrian. Bertara iritsiko dira euskal gizataldeko hainbat lagun, sortu berria den erakundeko kideekin jaialdiaren bigarren edizioa ospatzera. Hitzaldiak, zinea, herri kirolak, Gernikako Bonbardaketaz gogoeta-ekintza, dantzak… Mota askotako ekintzak burutuko dira datozen egunotan Gral. Las Heraseko Zazpirak Bat Euskal Etxearen eskutik. Asteari eta urteari amaiera emateko, bazkari ‘criollo’ bat eskainiko zaie gonbidatuei herriko San Luis Gonzaga Institutuko kiroldegian.
2012/11/23
2012/11/06
Berlingo Euskal Etxea oso pozik agertu da amaitu berria den Baskisches Kino Fest zinemaldiak izan duen harrera beroarekin, izan ere, elkarteak azaldu duenez, zinema aretoak ikuslez lepo izan dira emanaldietan, eta itxiera kontzertuak ere -Zuloak taldea eta Fermin Muguruza-- jende asko bildu zuen. Bost egunetan lau luzemetraia eta hainbat labur izan dira ikusgai Alemaniako hiriburuan, eta euskal zinemari buruzko mahainguruak eta hitzaldiak ere antolatu ditu euskal etxeak. Antolakuntzan sostengua eman dute Etxepare Euskal Institutuak, Lehendakaritzak, 2012 Euskadi Fundazioak eta Euskadiko Filmategiak. Aurreneko edizioaren emaitza onak animatuta, elkarteak datorren urtean jarraipena eman nahi dio ekimenari.
2012/10/30
2012/10/29
Baskisches Kino Fest edo Euskal Zinemaldia hasiko da bihar Alemaniako hiriburuan, Gernika Deutsch-Baskischer Kulturverein – Berlingo Euskal Etxea elkarteak antolatuta. Jaialdia euskal etxeak Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena dela eta urtean zehar egin dituen ekitaldien artean kokatzen da. Zinemaldiak Berlin euskal zinemagintzaren erakusleiho bihurtuko du azaroaren 3a bitartean, eta azken urteotako euskal labur zein luzemetraiak, dokumental zein animazio filmak izango dira ikusgai. Proiekzio guztiak euskaraz izango dira, ingeles eta alemanezko azpitituluekin.
2012/10/25
Independentistak sareko kide den Floren Aoizek Atlantikoa zeharkatu du berriro Uruguaiko zein Argentinako euskal diasporaren lagunekin elkartzeko. Rosarioko Euskal Aste Nazionalaren baitan, Aoizek “Nafarroaren konkista. Gernikako bonbardaketa. Euskal Herria, iraganetik independentziara” izeneko hitzaldia eskainiko du urriaren 26an, arratsaldeko 3etan, Zazpirak Bat euskal etxean. Rosariokoa, politikari eta idazle nafarra Hego Amerikan egiten ari den biraren hitzaldietako bat bino ez da izango. Euskal Astea bukatuta, Independentistak sareko ordezkariak Cordoba, Buenos Aires eta Viedma ere bisitatuko ditu. Hona hitzaldien egitaraua.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus