Santiago, Txile. Egoitza Parisen daukan ‘The United Nations of Arts & Sciences’ UNOTA erakundeak errekonozimendu berezia eman zion martxoaren 18an Txileko Euskal Gizataldea Euskal Etxeari. Sariarekin, euskal elkarteak kulturaren alde egindako lana omendu nahi izan du UNOTAk, eta hitz hauekin adierazi zuen nazioarteko erakundeko enbaxadore den Evelin Trujillok: “Txileko Euskal Gizataldearen ibilbidea nabarmendu nahi izan dugu, 19 urte hauetan kultur identitate eta ondarea babestu, eta herrien arteko komunikazioa bultzatzeagatik”.

Txileko Euskal Gizataldeko Rossana Arza Pizarro lehendakaria eta Juan Erenchun Soler Estadio Españoleko presidentea, plakak eskuetan
Ekitaldi berean "Gorlizko Ondare Fotopoetikoa" bere bilduma aurkeztu zuen Lucy Sepúlveda idazle euskal txiletarrak. Txile eta Bizkai artean bizi den poetak ere jaso zuen UNOTAko saria, literatura arloan dauzkan lanengatik eta, batez ere, Euskal Herria eta Txileren arteko loturak sendotzeagatik, plazaratu dute Euskal Gizataldetik.

Lucy Sepúlvedak "Gorlizko Ondare Fotopoetikoa" bere bilduma aurkeztu zuen ekitaldian
Lagun ugari bertaratu ziren Txileko Estadio Españolera, Erregina Sofia Aretoan egin zen ekitaldira, euren artean hain zuzen ere Juan Erenchun Soler Estadioko presidentea eta Laura Oroz Espainiako enbaxadorea Txilen. Euskal Etxeko musikariek girotu zuten arratsaldea kanta tipikoekin. Gogora dezagun Euskal Gizataldea (Colectividad Vasca de Chile) euskal etxeak babes handia jasotzen duela bere sorreratik Txileko Estadio Español erakundetik, eta izan ere bere baitan daukala egoitza, Espainiako Estatuko beste autonomia elkarte batzuetako beste elkarte batzuk bezalaxe.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


