euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txalaparta, dantza, kantua eta kultur-tailerrak atera zituen kalera Bordeleko Euskal Etxeak Ondare Egunean

2011/09/26

Txalapartaren soinuak ikusle asko erakarri zituen eta helduei zein txikiei zuzenduriko tailerrak egin ziren (argazkia BordeleEE)
Txalapartaren soinuak ikusle asko erakarri zituen eta helduei zein txikiei zuzenduriko tailerrak egin ziren (argazkia BordeleEE)

PUBLIZITATEA

Bertako Euskal Etxeko kideak pozik agertu dira iragan irailaren 16tik 18ra Bordelen egin ziren Ondarearen Egunetan izan zuten partehartzearekin. Elkarteak bere lana eta zenbait euskal kultur proposamen Bordeleko kaleetara atera zituen eta jende ugari inguratu zitzaion. Besteak beste kultur-tailerrak, kalejirak, dantza erakustaldiak, hitzaldiak eta erakusketa bat eskaini zituen. Iruñetik Hutsun taldeko txalapartariek egin zuten emanaldiak adibidez, biziki piztu zuen bordelesen interesa eta asko hurbildu ziren 'musika-tresna ezezagun' hura jotzera. Tartean, bertatik zebilen euskaldun talde bat ere. "Agian Eskual Etxeko kide eginen dira!", esan digu pozik David Mugica elkarteko presidenteak.

Bordele, Frantzia. Ondare Egunak ospatzen dira irailean Frantziako hiri gehienetan, eta aurten ere  Bordeleko Euskal Etxeak bat egin zuen irailaren 16tik 18ra Udaletxeak antolatutako ekitaldiekin. Eskualdunen Biltzarra elkarteak ostiralean, 16ean, hasi zuen bere jai egitaraua, Euskal Etxearen egoitzan Cristian Laprerie adituak eman zuen "Eskual Musikaren historia" mintzaldiarekin. "Jin ziren 40 bat presunek arras interesgarria aurkitu zuten. Bistan dena, gero zintzur-bustitzearekin segitu ginuen kantuz eta umore onean", azaldu dio EuskalKultura.com-i elkarteko presidente David Mugicak. 

Ostiraletik igandera ikusgai izan zen euskal etxean "Eskual Musika" izeneko erakusketa: bertan, hogei bat argazkitan, bisitariek zenbait euskal musika tresnen berri izan zuten, tartean txistua, txirula, txalaparta, alboka, trikitixa...

Ondare Egunak Bordelen 2011 (2)
[David Mugica eta Christian Laprerie, "Euskal Musikaren historia" mintzaldia aurkezten Euskal Etxean (argazkia BordeleEE)]

Ondare Egunak Bordelen 2011 (1)
["Euskal Musika" argazki erakusketa, Euskaldunen Biltzarran elkartean ikusgai (argazkia BordeleEE)]

Kultura tailerrak

Asteburuan, larunbat eta igandean zehar, Euskal Etxeak standa jarri zuen Pey Berland plazan, hiriko beste zenbait elkarterekin batera. "Hor kultur tailerrak proposatzen genituen, etsenpluz joko batzuekin eskuararen inguruan, bai eta ere animazioak: goizean Biltzarra Eskual Etxeko haur dantza taldea eta arratsaldean Xitoak kultur-tailerra, eta igande arratsaldean Bestalariak korua, iguzkia azkenean agertu eta kantatzeari eman ahal izan zena, hor ziren bisitarien atseginarendako!", esan digu Davidek.

Ondare Egunak Bordelen 2011 (5)

[Euskal Etxeko haurren dantza taldea erakustaldia eskaintzen elkartearen standean (argazkia BordeleEE)]

Txalapartak arrakasta itzela

Ekitaldien artean batek bereziki eskuratu zuen bisitarien arreta: Iruñeko Hutsun taldeko txalapartarien emanaldi eta tailerrak. "Iniziazio tailerrak proposatu zituzten bai helduer bai haurrer, eta ikustekoa zen nola ttipiak haundiak bezala emaiten ziren zurezko tauletak jotzeari", azaltzen du Davidek.

Arratsaldean kontzertua eskaini zuten eta txalapartaren soinuak ikusle asko erakarri zituen euskal standera. "Plazatik zabiltzatenak gelditu egiten ziren, adi-adi egonez: sekulako arrakasta! Kontzertua finitu orduko, ikustekoa zen nola jende ainitz tarrapatan hurbildu ziren hain exotikoak zitzaizkien tresna horien gainean jotzeko gisan", gehitu du Mugicak.

Ondare Egunak Bordelen 2011 (4)

[Jendearen jakinmina piztu zuen txalapartak asteburu osoan zehar (argazkia BordeleEE)]

Ekitaldiak helburua lortu zuen eta bisitari askok galdegin zuten txalapartari buruz, bai-eta euskarari eta euskal etxeari buruz. "Eta aipatzekoa da ere Eskual Etxea ezagutzen ez zuten euskaldun batzuk ere jin zitzaizkigula mintzatzerat, informazioaren hartzerat. Agian Eskual Etxeko kide eginen dira!", bukatu du elkarteko presidenteak.

-Argazkiak eta bideoak Bordeleko EEaren Facebook orrian, hemen

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia