euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bordeleko Euskal Etxeak HABErekin lankidetza akordioa sinatu du euskara klaseak eman eta irakasleak trebatzeko

2007/03/16

HABE eta Euskal Etxeko arduradunak akordioa sinatzen (argazkia K. Z.)
HABE eta Euskal Etxeko arduradunak akordioa sinatzen (argazkia K. Z.)

PUBLIZITATEA

HABEk eta Bordeleko Euskaldunen Biltzarra euskal etxeak euskara klaseak bultzatzeko hitzarmena sinatu dute. Joan den asteazkenean, martxoaren 7an, elkartu ziren Bordelen Euskaldunen Biltzarra euskal etxeko eta HABEko ordezkariak. Euskal Etxearen izenean Jean Marc Goyénèche lehendakari berriak sinatu zuten akordioa. Bilera berean HABEk eta erakunde euskal-bordelesak euskara klaseak hobetzeko hainbat neurri aztertu zituzten.
Bordeleko Euskaldunen Biltzarra Euskal Etxea Euskara Munduan programan sartu da, HABErekin sinatu berri duen lankidetza akordioa dela medio. Lehendabiziko aldia da Bordeleko elkarteak hitzarmen hau sinatzen duela eta bere euskara klaseei bultzada emateko aurrerapausoa izango dela espero dute arduradunek. Akordioaren bidez HABEk klaseak sustatzeko laguntza ekonomikoa eta ikas-materiala emango dio euskal etxeari. Gainera, irakasleak trebatzeko programa bat ere jarriko dute abian.

Hitzarmena Jean Marc Goyénèchek, Euskaldunen Biltzarraren lehendakari berriak sinatu zuen euskal etxearen izenean. Gaur egun 50 euskara ikasle ditu euskal etxeak, lau taldetan banatuta. Lau irakaslek ematen dituzte klaseak. Aurtengo ikasturterako euskal etxeko arduradunek 373 talde-ordu ematea aurreikusi dute, HABEko teknikari Kinku Zinkunegik BasqueHeritage.com-i azaldu dionez.

Irakasle trebakuntza Frantzian

Bileran David Mugika, Euskaldunen Biltzarraren euskara arduradunak, eta Kinku Zinkunegik, Euskara Munduan programaren koordinatzaileak, helburu horiek aurrera emateko bide aproposemanak zeintzuk izan daitezkeen aztertu zuten. Irakasleen trebakuntzari dagokionez arazo nagusiena urtetik urtera irakasleak aldatu egiten direla da. Hori dela eta, datorren ikasturteko irakasleak nortzuk diren zehatz-mehatz jakin bezain pronto trebakuntza saio bat egitea erabaki da. Saio hau Frantziako beste euskal etxe batzuetara ere zabal daitekeela azaldu dio Zinkunegik EuskalKultura.com-i, hasteko Pariseko euskal etxearekin harremanetan jarriko direla gehituz. [Ezkerreko argazkian, Euskaldunen Biltzarraren eraikinaren sarrerako plaka (argazkia KZ)]

Ikas-materialari dagokionez HABEko arduradunek bi motatako materiala bidaltzea adostu zuten: alde batetik ikasleentzako liburuak-eta eta bestetik irakasleentzako kontsulta materiala. Boga autoikasketa metodoari buruz ere aritu ziren bileran. Euskal Etxeak datorren urtean Boga erabili ahal izateko medioak (ordenagailuak, internet konexioa...) eskuratzeko hitza eman zuen. Hala ere, posible bada udan bertan jarriko dute abian, irakasleak sistema erabiltzen ohi daitezen.


Lotura interesgarriak

Bordeleko Euskal Etxea, Frantzia
www.euskaletxea.org

HABE
www.habe.euskadi.net

Boga Kolonbiaraino heldu da HABE eta Bogotako Euskal Etxearekin
EuskalKultura.com-en argitaratua 207ko otsailaren 26ean

Mexikoko Euskal Etxeak eta HABEk akordioa berritu dute
BasqueHeritage-n argitaratua 2007 ko otsailaren 22an

Eusko Jaurlaritza eta HABEren ordezkaritza bat Bordelen
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko abenduaren 18an


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia