euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bordelek euskal musika eta dantzarekin gozatu zuen Fête de la Musique jaiaren 5. edizioan

2008/06/30

Bildu taldeko kideek ikusleak ere dantzan jarri zituzten
Bildu taldeko kideek ikusleak ere dantzan jarri zituzten

PUBLIZITATEA

Bordeleko euskal komunitateak Fête de la Musique deritzon jaialdiaren bostgarren edizioan parte hartu zuen joan den ekainaren 21ean. Urtero legez jaia Euskal Etxetik gertu dagoen Eskualdunen Plazan egin zen eta euskal dantza eta musika ikuskizunak bildu zituen. Taulagainetik euskal etxeko Bestalariak abesbatza eta dantzari ttipien taldea, Pessaceko Bildu dantza taldea eta Peio Serbielle kantaria igaro ziren.

Bordele, Frantzia. Eskualdunen Biltzarra Euskal Etxeak joan den ekainaren 21ean Fête de la Musique jaialdiaren edizio berri bat egin zuen. Jaialdiak bostgarren urtea du jada eta Bordeleko kultur egitarauaren hitzordu klasiko bat bihurtu da. Aurten hirurehun bat bisitari izan zituen jaiak, euskal kultura eta musika ezagutzeko grinarekin. 'Euskal kulturak fama oso ona du hemen eta jendeak jaian parte hartzeko gogo handia zuen', azaldu dio EuskalKultura.com-i David Mujika euskal etxeko komunikazio arduradunak.

Urtero legez jaia Euskal Etxearen ondo-ondoan dagoen Eskualdunen Plazan egin zuten. Bertan jarritako eszenatokitik Bestalariak abesbatzeko kantariak, elkarteko dantzari ttipien taldea --euren debuta egin zuten-- eta Pessaceko Bildu dantza taldea aritu ziren, besteak beste. Bilduko kideek, Bestalarien laguntzarekin, ikusleak dantzan jartzea ere lortu zuten.

bordele2

[Euskal etxeko dantzari ttipiak]


bordele 5

[Bestalariak abesbatza]

bordele 4

[Peio Serbiele kantaria]

Eguneko emanaldi berezienetako bat Peio Serbiele kantariaren kontzertua izan zen. Serbielek 'Naiz', bere azken diskako kantak aurkeztu zituen. Euskal Etxearekin harreman estua du kantariak eta diska hau argitaratu berri zuenean bertan aurkeztu zuen lehen aldiz. Bestalde, Euskal Etxeak euskal jaki eta Euskal Herriari buruzko informazio stand bat ere jarri zuen.

bordele 3

[Euskal Etxeko Jaki eta informazio standa]

Eguraldiak jaia errespetatu egin zuen, baina gauerdian bukatu bezain pronto 'sekulako erauntsia bota zuen', azaltzen du Mujikak. Euskal Etxeko kideek harrapaladan jaso behar izan zuten dena, baina 'elkartekoak ez ziren ikusle asko gurekin gelditu eta lagundu egin ziguten. Gauzak bilduta, euskal etxean gelditu ginen, hizketan eta eguneko giro onaz gozatuz, goizalderarte'. Urtetik urtera ikusle eta lagun gehiago biltzen dituen Fête de la Musique jaiaren arrakastaren seinale.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia