euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Miamiko Euskal Etxeak webgunea sortu du elkartearen jardueren berri emateko eta bazkideak batzeko

2008/06/30

Euskal Etxeko bazkideek San Valentin eguna ospatu zuten Txoko-Alaiko egoitzan (argazkia Miamiko Euskal Etxea)
Euskal Etxeko bazkideek San Valentin eguna ospatu zuten Txoko-Alaiko egoitzan (argazkia Miamiko Euskal Etxea)

PUBLIZITATEA

Azken urteetan munduko euskal etxe asko internet erabiltzen hasi dira euren jarduerak eta elkarteei buruzko informazioa webguneen bidez aditzera emateko. Talde horretara gehitu den azkenetakoa Miamiko Euskal Etxea izan da. Elkarteak, Txoko-Alaiko egoitza ordaintzeko arazoak zirela-eta, bertako euskal komunitatearen azken berriei buruz informatzeko eta bazkideen arteko harremana mantentzeko web orrialdea sortu du. Tresna 'Dnewmedia' enpresak diseinatu du eta egilea euskal jatorria duen elkarteko bazkide ohia da.

Miami, AEB. Txoko-Alai Euskal Etxeko egoitza ordaintzeko arazoak zirela-eta, bertako arduradunek www.euskaletxeaofmiami.org webgunea sortzea erabaki zuten iragan martxoan. Boni Guenechea Euskal Etxeko zuzendari batzordeko kide eta webguneko diseinugile arduradunak azaltzen du egoera. 'Belaustegui eta Laburu lehendakarien heriotzen ostean, elkartea bazkideak eta jarduerak galtzen joan da. Aktiboan dauden pilotari gehienak baja eman dute, Txokoko giltzak dituzten bazkideek hilabetean $70.00 ordaindu behar baitute. Horregatik bururatu zitzaidan Txokoa eta Euskal Etxe birtuala banatzea (nahiz eta gauza bera izan). Barra bat eta jantokia duen egoitza batengatik urtean $840.00 ordaintzea gehiegizkoa zen, baina urtean $30.00 ordaintzea errazagoa da', baieztatzen du

Guenecheak eta bere semea Danielek euskal etxe ezberdinen webguneak ikertu dituzte euren orrialdeko diseinu finala erabakitzeko. Webgunea iragan martxoan aurkeztu zuten, 'Bizkaiko Diputazioak eta Bilboko portuak iragan martxoan Seatrade 2008 ferian parte hartuko zuela aprobetxatuz', azpimarratzen du Guenecheak. 'Bizkaiko Diputazioak Floridako hegoaldeko hiritarrentzako askari bat eskaini zuen eta hor aurkeztu genuen webgunea', gaineratzen du.

Euskal jatorriko webgune diseinugilea

'Dnewmedia' enpresak diseinatu du webgunea. Guenecheak aipatzen duenez, diseinugilea Txoko-Alaiko bazkide izan da urtebetez. Amaren aldetik euskal jatorria du eta bere enpresak marketing-publizitatea eta web orrialdeen diseinuak egiten ditu.

Web orrialde honek bazkideen arteko harremana mantentzeko eta, nahiz eta leku fisikorik ez eduki,  jarduerak antolatzeko balio du. 'Kontutan eduki behar da Miami barruan distantziak oso handiak direla. Nik 30 minutu behar ditut Txokora iristeko. Nire etxetik 22 kilometrotara dago', baieztatzen du Guenecheak. Bestalde, bazkide berriak eta lagunak lortzeko, arduradunek 'Open House'-a antolatzen dute hilabeteko lehenengo ostiralean. Ekimena Txokoan egiten dute eta bertan pintxoak eta tapak eskaintzen dizkiete bazkide, senitarteko eta lagunei.

Pilotariz osatutako Euskal Etxea

Miamiko Euskal Etxeak gaur egun 42 bazkide ditu eta horietatik 22 Txoko-Alaiko bazkide aktiboak dira. 'Miamin finkatutako pilotariak gara gehiengoak. Bost bat pilotari daude aktiboan oraindik. horiezaz gain, euskal jatorria duten beste lagunek eta gure kulturarekin harremanetan egon nahi duten beste batzuk osatzen dute elkartea', baieztatzen du Guenecheak.

Etorkizuneko proiektuei dagokienez, Miamiko Euskal Etxearen helburua Guenechearen 'Paella-Party' enpresa bezalako babesleak bilatzea da. Euren webguneetarako lotura zuzenak eskainiz, euskal elkarteko kideek web orrialde berria ordaindu eta jarduera kultural gehiago egiteko finantziazioa eskuratu nahi dituzte. Bestalde, nahiz eta Euskaletxeaofmiami.org-k ingelesez eta gaztelerazko informazioa eman, aurrerago euskarazko testuak sartuko dituztela baieztatzen du Guenecheak.


Lotura interesgarriak

Miamiko Euskal Etxearen webgunea
www.euskaletxeaofmiami.org



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia