euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Santiagoko EEak antzerki taldea gauzatuko du, euskara ere partaide; eta pintura tailerra, Cecilia Zabaleta irakasle

2026/05/29

Santiagoko Euzko Etxean Pintura eta Antzerki tailerrak eskainiko dira 2026ko ekainetik aurrera
Santiagoko Euzko Etxean Pintura eta Antzerki tailerrak eskainiko dira 2026ko ekainetik aurrera

PUBLIZITATEA

Santiago, Txile. Cecilia Zabaleta artista euskal txiletarrak olio-pintura tailerra eskainiko du Santiagoko Eusko Etxean. Proposamena hasierako maila eta maila aurreratua duten ikasleei dago zuzenduta, edukiak mailaren araberakoak izango dira eta eskolak pertsonalizatuak. Ekintzaren egoitza izango den EEarekiko eta euskal kulturarekiko lotura sendotzeko, erreferente diren Euskal Herriko margolari batzuk aztertuko ditu Zabaletak eskoletan.

Cecilia Zabaletak lan handia egina du memoria, migrazio eta erbesteratze kontzeptuak abiapuntu hartuta. Mundu hori ez zaio batere arrotza, bera ere Txileko euskal diasporako kide baita. Gai hauek jorratzen dituzten erakusketen artean, ‘Diario de a bordo. Cartografía interior’ ("Itsasontziko egunkaria. Barne kartografia"), ‘Memoria Winnipeg’ edo ‘Destierro’ (Erbestea) aipa daitezke. Guztiak, 1939an Txilera Winnipeg ontzian iritsi ziren errefuxiatu errepublikarrek idatzitako egunkari kolektiboan daude oinarrituta, horietako bat baitzen bere aitona Antonio Zabaleta bermeotarra.

Pintura tailerra larunbatetan izango da, 10:30etik 12:30era, eta ekainaren 6an hasiko da. Hileko kostua $90.000 (Txileko pesoetan), eta hilabetean lau saio eskainiko dira. Santiagoko Euzko Etxeko bazkideek %10eko deskontua izango dute.

- Cecilia Zabaletaren Instagram, ceciliazabaleta_art

Antzerkia Santiagoko Eusko Etxean

Ekainaren amaieran beste proiektu berri bati ekingo diote Ignacio Bastarrica buru duen elkarteko lagunek. Antzerki Tailerra Esteban Elortegui eta Mauricio Givert antzerkigileen esku egongo da, komunitate osoari zabalik. “Arduradunon gogoan dago Euskal Etxeko Antzerki Taldea sortzea eta behin taldea sortuta antzezlan bat prestatu eta taularatzea, xumea bada ere, baina euskal nortasunaren adierazle. Eta horretarako euskara ere sartuko dugu”, esan dio EuskalKultura.eus-i Euskal Etxeko kide oso aktibo den Esteban Elorteguik.

Antzerki Taldearen entseguak larunbatetan izango dira, bi astean behin, 11etatik 13etara, eta ez da aurretiko ezagutzarik behar. Izena emateko ordainketa 5.000 pesokoa da, eta hilerokoa 10.000 pesokoa. Informazio gehiago, Antzerki Tailerraren Instagram kontura joz, hemen. Bi tailerrak Santiagoko Euzko Etxearen egoitzan egingo dira: Vicuña Mackenna etorbideko 547an, Santiagon, Santa Isabel metro geltokiaren ondoan.

- Euzko Etxea Instagramen, euzkoetxeachile



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia