euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘‘Boise - Diasporako hiru ipuin” liburua aurkeztu dute San Mamesen, Athletic Club Fundazioa argitaratzaile

2026/05/29

Nerea Ibarzabalek, Xabi Payak eta Onintza Enbeitak idatzi dute aurkeztu berria den ‘‘Boise - Diasporako hiru ipuin” liburua
Nerea Ibarzabalek, Xabi Payak eta Onintza Enbeitak idatzi dute aurkeztu berria den ‘‘Boise - Diasporako hiru ipuin” liburua

PUBLIZITATEA

Bilbo, Bizkaia. 300 ikasleren aurrean aurkeztu berria da asteazkenean San Mamesen ‘‘Boise - Diasporako hiru ipuin” liburua, Nerea Ibarzabal, Xabi Paya eta Onintza Enbeitak idatzia eta Athletic Club Fundazioak argitara emana, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Bertaratutako 300 ikasleak Lauaxeta Ikastolatik eta San Adrian BHI eta Markina BHI institutuetatik etorri ziren eta arreta handiz segitu zuten aurkezpena eta idazleen solasaldia, futbola, diaspora eta euskara uztartzen dituen liburu plazaratu berria hizpide hartuta.

Eskolek info@fundacionathleticclub.eus helbidera eskatu ahal izango dute liburua datorren ikasturtean; eta online ere jaitsi ahal izango da ‘Letrak eta Futbola’ webgunean

‘‘Boise - Diasporako hiru ipuin” fikziozko obra bat da, hiru kontakizun biltzen dituena, testuetan beti ere lokarri euskal diaspora, euskera eta baita ere Athletic Cluben emakumeen beheko taldeak 2025ean, Boiseko jaialdi euskal festa erraldoira taldeko ordezkaritza batekin joan zenean bizi izandako esperientzia eta identitateari buruzko eta diasporaren esangurari buruzko egoerak tarteko. Jon Maiak zuzendutako aurkezpen-solasaldian, Xabi Paya eta Nerea Ibarzabal horretaz aritu ziren, anekdotak eta idazteko prozesua ere aipagai hartuz.


Liburuaren aurkezpeneko solasaldia. Jon Maia aurkezle, Nerea Ibarzabal eta Xabi Paya

Aurkezlea eta bi egileekin batera —Onintza Enbeitak ezin izan zuen bertaratu— Nerea Ortiz, Athletic Clubeko presidenteordea, Johana Ruiz Olabuenaga, Athletic Clubeko Gizarte Arloko arduraduna; eta Galder Reguera, ‘Letrak eta Futbola’ jaialdiaren zuzendaria egon ziren bertan. Izan ere, ‘Letrak eta Futbola’ jaialdia aste honetan eta larunbatera arte ari da garatzen Bilbon, Athletic-en Fundazioko Programa Didaktikoak sustatuta. Programa horren bidez eta ‘Letrak eta Futbola’ren baitan ari da Fundazioa argitaratzen idazleak idatzitako obrak zein Athletic-eko protagonistenak, futbolari eta bere baloreei lotutako istorioak, hausnarketak eta bizipenak batuz.

Athletic Club Fundazioaren liburu berria doan banatuko da hezkuntza-zentroetan datorren ikasturtean eta aleak eskuratu nahi dituzten zentroek info@fundacionathleticclub.eus helbidean eskatu beharko dute. Online ere eskainiko da eta aurten bertan jaisteko moduan egongo da ‘Letrak eta Futbola’ webgunean, dagoeneko beste izenburu batzuk jaisteko moduan dauden bezalaxe.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia