euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Trebakuntza, debatea eta konpromisoa FEVAren gazteentzako tailerrean, argentinar euskal etxeen etorkizuna proiektatzeko

2026/05/28

Maiatzaren 23 eta 24an Buenos Aireseko Laurak Bat Euskal Etxean FEVAk egindako gazteentzako prestakuntza tailerreko partaideak
Maiatzaren 23 eta 24an Buenos Aireseko Laurak Bat Euskal Etxean FEVAk egindako gazteentzako prestakuntza tailerreko partaideak

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Buenos Airesko Laurak Bat euskal etxe historikoak eman dio abegia joan den asteburuan FEVAk antolatutako aurtengo lehen Prestakuntza Tailerrari. Topaketak herrialdeko hainbat txokotako 16 euskal etxetako 41 gazte bildu ditu, FEVAko lehendakariorde eta Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxeko lehendakari Guillermo Canuten koordinaziopean. Bi egunetan zehar, Bahía Blanca, Cañuelas, Concordia, Confluencia, Chacabuco, Gral. Belgrano, Gral. Rodríguez, José C. Paz, Mar del Plata, Necochea, Rosario, Santa Rosa, Tandil, Viedma eta Patagones eta Villa Maríako ordezkariek, etxe anfitrioiarenekin batera, lanerako eta esperientziak trukatzeko gunea partekatu dute.

Egitaraua Euskal Herriko historiaren errepaso batekin hasi zen, ondoren euskal elkarteen izaera eta errealitatean murgiltzeko: euskal etxeen egungo arazoak, diaspora antolatu baten zentzua eta etorkizuneko aurreikuspenak. Eztabaidaren ardatz nagusietako bat euskal nortasuna lausotu gabe euskal etxeak komunitatera nola zabaldu izan zen. "Badakite erronka bat dela, baina gogo handia daukate aurre egiteko; horretarako, prestakuntza funtsezkoa dela ulertzen dute, bai kultur arloan, baita kudeaketan ere", azaltzen du Canutek, azpimarratuz partaideek euren jatorrizko etxeekin erakutsitako inplikazioa, interesa eta konpromiso maila altua.

 
Gazteentzako Prestakuntza Tailerraren barnean antolatutako lan-mahaiak 

Tailerraren birtutea, azpimarratzen dute parte-hartzaileek, eman zituen tresna teorikoak izan ziren, eta hauekin batera bertan sortutako harreman pertsonalak. Chacabucoko euskal etxeko Milagros Garcíak beste eskualde batzuetako kideekin errealitateak alderatzearen balioa nabarmendu du: “Tailerrok onak dira oso. Asko hitz egin dugu, errealitate komunak eta ezberdintasunak identifikatu ditugu, eta esperientziak, iritziak eta ideiak trukatu. Elkar ezagutzeko eta berriro topo egiteko aukera bikaina dira”. Ildo beretik, Cañuelasko Martina Rolónek oso esperientzia aberasgarritzat jo du asteburukoa, “elkarri entzuteko eta eztabaidatzeko aukera” izan baitute. "Gainera, diaspora indartzeko tresnak lortu ditugu, gazte garen aldetik. Informazioz eta energiaz beteta itzuli naiz", laburbildu du, euskal etxeen belaunaldi-aldaketarako funtsezkoa den topaketa honek utzitako balorazio positiboa islatuz.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia